GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

alpinismoa Naturgas/BBK Transantartika 2011

Ekaitzak jo edo haizea baretu, espedizioa aurrera doa

Radar eraikin abandonatu batean egun bat pasa zuten arren, Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak 200 kilometro inguru egin dituzte azken lau jardunaldietan.

p036_f02_97x76.jpg

GARA | DONOSTIA

Eguraldiak eragin dituen egoera txarrei aurre eginez, Alberto Iñurrategi, Juanma Vallejo eta Mikel Zabalza Naturgas/BBK Transantartika espedizioko abenturazale euskaldunak aurrera doaz Groenlandian zehar, kometen laguntzaz, 2.300 kilometro osatzeko helburuan.

Azken orduko albisteak onak dira. Nahiz eta tenperatura 35 gradu zero azpikoa izan, ekaitz gogorrei aurre egin behar izan batzuetan eta haizearen falta sumatu besteetan, hiru abenturazaleek ibilbidearen herena bete dute jada. Azken lau egunetan egindako esfortzuari esker egin dute lorpena. Lau jardunalditan 200 kilometro baino gehiago ibili dituzte, eta 17 egunetan 800eko zifra gainditu dute.

Hala ere, nahiko luketen erritmoa mantentzeko eragozpen handia izan da eguraldia azken lau egunetan. Iragan asteazkenean, DYE 2 radarrera iritsi ziren (ibilbidean osoan aurkituko duten eraikuntza abandonatu bakarra). Ekaitz gogor batetik babesteko hiru mendizaleek egun oso bat pasa behar izan zuten eraikinaren barnean.

Hurrengo egunean, ostegunean, ibilbideari ekin zioten berriro; hori bai, laino artean. Hala, eguneko batez beste 100 kilometroko ibilbidea osatu zuten hurrengo bi jardunaldietan.

Baina gauzak ez direnez beti espero moduan etortzen, beste ezusteko batekin egin zuten topo Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak: haize falta. Ezinbestekoa dute elementua, kometek euren funtzioa bete dezaten. Hala, egun oso bat atseden hartzen eman behar izan zuten hirurek. Eta hurrengo eguneko albisteak ez ziren hobeak izan, haizeak agertu gabe jarraitzen baitzuen.

Hala, lerei beren indar hutsez tiraka abiatu ziren, esfortzu handia eginez, eta orotara 20 kilometro egin zituzten. Eguna amaitzear zela, kometak erabili ahal izan zituzten azkenik, 12 kilometro osatu eta kanpatzeko.

Gogotsu aurrera jarraitzeko

Azken jardunaldietan gainditu beharreko eragozpen guztiak tartean egonda ere, espedizioko hiru abenturazaleen adoreak ez du behera egin. Bidali dituzten azken mezuei erreparatuz gero, aurrera egiteko gogotsu daudela antzematen da.

«Ibilaldi polarretako lehen esperientzia dut oraingoa, eta espero nuena baino askoz ere gogorragoa da. Oso gogorra izan zen lehenengo astea, eta ahal genuen guztia eman behar izan genuen. Groenlandiaren handitasunak harritu egiten du. Himalaya eta honen arteko ezberdintasunik handiena da hemen inoiz ez duzula deskantsatzen. Jardunaldi bakoitzean egin behar den esfortzua oso handia da, eta eguna amaitzean ez dago kanpamendu baserik erlaxatzeko edota sukaldari batek ateratako tea hartzeko», adierazi zuen umoretsu Mikel Zabalzak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo