GARA > Idatzia > Kultura

Inoiz baino indartsuago hasi da Angeluko arte garaikidearen biurtekoa

Joan den larunbatean hasi eta datorren abuztuaren 28ra arte iraunen du Angeluko Arte Garaikidearen Biurtekoak. Barrakoa hondartzaren itsasbazterrean, Izadia parke ekologikoan, Beatrix Enean eta Pompidou galerian barreiatuak dira hamar artistek egindako obrak.

p041_f01.jpg

Ainize BUTRON | ANGELU

Joan den maiatzaren 28an hasi zen Angeluko Arte Garaikidearen Biurtekoa eta abuztuaren 28a arte iraunen du. Ekitaldiaren helburua artea herriko bazter guztietara zabaltzea izaten da, eta aurtengo laugarren edizioan ekimenari inoiz baino garrantzi handiagoa eta leku gehiago ematea erabaki dute antolatzaileek. Orain arte sorkuntza garaikideek hiriko itsasbazterrak hartzen bazituzten ere, aurten beste hiru gunetara ere hedatu dituzte: Izadia natur-parkera, Pompidou galeriara eta Beatrix Enea jauregira. Hamar artistak parte hartzen dute ekimenean, eta, Beatrix Eneatik hasiz Barrako hondartzako itsasbazterreraino Angelu beste era batez ikusteko aukera ematen dute eskainitako proposamen anitzekin.

Didier Arnaud arte kritikari eta erakusketaren komisarioak nabarmendu zuenez, «begirada galdekatu eta maila ezberdinetako abentura artistikoetara eramaten gaituzten uharte insolitoak marraztea proposatzen du aurtengo biurtekoak».

Ez da, izan ere, gai orokorrik sorkuntza guztien artean, guztien arteko lotura bakarra Lapurdiko hiria da.

«Artistekin harremanetan sartu nintzelarik, zehaztu nien haien lanak berezitasun horren inguruan lantzeko. Oro har, obra guztiak espresuki biurtekorako sortuak izan dira. Biurtekoak arte garaikidea ezohiko tokietara eramaiten du. Ikusleari mugarik gabeko eta denari irekitzen ahal den mundu artistiko bat aurrez aurre jartzen dio gertakariak», ekarri zuen gogora Arnaudek.

Agirregoikoa, besteak beste

Parte hartzen duten artisten artean Juan Perez Agirregoikoa artista donostiarra dago. Izadia parke ekologikoan kokatu du bere «Lalangue Lavion» izeneko obra. Bere usaiako estiloari eutsiz, artistak margolanak, grafismoa, zitazioa eta esloganaren jarduerak uztartzen ditu «adierazpenak aldarrikapen eta manifestazio formetara eramanez». Beste bi artistaren lanak ere kokatu dituzte parke horretan. Bordeletik datorren Masahide Otanik hormigoiz eginiko zazpi gas botila jarri ditu ikusgai («Bouteilles de gaz») eta, Renneseko Antoine Dorottek ezkataz inguraturiko bost metroko «Una misteriosa bola» erraldoia kokatua du.

Parke ekologikotik abiatu, eta Barrakoa itsasbazterreko ibilbide artistikoak beste bost obra erraldoi azaltzen ditu. Horien artean, Didier Marcel artistaren «Portico» obra, Julien Previeux eskultorearen «Le Théâtre clandestin» deituriko bi ispilu soinudun erraldoiak, Lilian Bourgeat Dijondarraren «Chimères» adreilu handiak, eta, Vincent Maugerren «La somme des hypothèses» izeneko obra.

Veronique Aubouyk hiru idazleren idazlanak ezagutzeko aukera ematen du Beatrix Enea erakustokian kokatu duen instalazioan; eta, azkenik, Pompidou galerian, margolan monumentalez, soinu eta irudiz osaturiko Carmelo Zagariren «Lanterna Magica» obra ikusi ahal da.

LIBURUA

Hiru hilabeteko erakusketa bukatu ondoren, Fred Leal idazleak idatziriko liburua kaleratuko dute, Jose Mari Zabalaren argazkiak bilduko dituena. Askatasun osoa eman diote idazleari liburua egiteko.

Fitxa

Lekua: Angeluko Barrakoa hondartza, Izadia parkea, Beatrix Enea eta Pompidou galeria.

Egunak: abuztuaren 28a arte.

Antolatzailea: Angeluko kulturaren eta nazioartearen irekitzearen zuzendaritza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo