GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pasaiako kanpoko portuari buruz iritzia eman dezala eskatu diote Parisi Baionatik

Ainize BUTRON |

Oceana fundazioko eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko ordezkariek Donostiaren eta Biarritzen arteko kostaldean itsas korridore ekologikoa sortzeko landu duten proposamenaren berri eman zuten atzo Baionan.

Bi hiriburuen artean kokatu nahi duten eremu babestu horrek hogeita hamabost kilometroko luzera izango luke, eta orotara, 27.000 hektarea hartuko lituzke. Proposamen horren berri jadanik behin baino gehiagotan emana dute Gipuzkoan eta Madrilen, baina, atzo, Lapurdi kostaldeko elkarte eta bereziki, agintariei ezagutarazi nahi izan zieten Oceana nazioarteko fundazioko kideek.

Egitasmoa xeheki aurkeztearekin batera, Pasaian egitekotan diren kanpoko portuaren egitasmoa «itsasbazterraren aniztasunerako mehatxu» bat dela salatu zuten, eta Estatu frantsesari eskatu zioten iritzia eman dezala bere eskumenekoa den itsasbazterretik sei kilometrora eraikitzekotan diren proiektu horri buruz. «Portu horrek eragina izango du bertatik gertu dauden hondartzetan, bai kutsaduraren aldetik, bai itsas jardueraren aldetik. Itsas garraioak Lapurdi kostaldean istripu arriskuak areagotuko lituzke», ohartarazi zuen Iñaki Azkaratek, Biologoen Elkargo Ofizialeko ordezkariak.

Donostiatik Biarritzera

Oceana fundazioa eta Biologoen Elkargoa Lapurdiko udalekin eta Departamenduko Prefekturarekin harremanetan jarri direla jakinarazi zuten halaber atzo. Eta, Europako erakundeetan ere eman dute egitasmoaren berri. «Berriki Donibane Lohizuneko arrantzale eta elkarteekin ere bildu gara», gaineratu zuten. Uliako eta Jaizkibeleko itsasbazterrean kokatu nahi duten korridore ekologiko hori Hendaiatik Biarritzerainoko itsasertzeko eremu babestuekin lotuko litzatekeela adierazi zuen Oceana fundazioak.

Baina, berez, Lapurdiko kostaldean itsasertzeko eremu babesturik ez dagoela gogorarazi zuten atzo elkarte eta egituretako ordezkariek.

«Hori gauzatzeko eztabaidak badira baina oraindik ez da deus aurreratua», esan zuen Albert Larousset Getariko auzapez eta itsasertzeko herrien elkarteko lehendakariak. Industria eta Merkataritza Ganberako ordezkariak harridura azaldu zuen egitasmo horren berri ez edukitzeagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo