Indarrak batzeko unea delako, manifestaziora deitu du AHT Gelditu!-k
Prentsaurreko baten bidez, AHT Gelditu! Elkarlanak egungo egoera izan zuen hizpide atzo, Donostian. Abiadura handiko trenaren egungo egoeraren gorabeherak aipatu zituzten, eta honek eragiten dituen kalteak izendatu beste behin ere. Horrez gain, Bildu, Aralar, NaBai eta I-E talde politikoei bidalitako gutuna ere plazaratu zuten. Indarrak batzeko unea iritsi delako, AHT Gelditu! Elkarlanak manifestazio nazionala deitu du hilaren 11rako, Arrasaten.
Ana ABARIZKETA |
AHT Gelditu! Elkarlanak prentsaurrekoa egin zuen atzo, Donostian, AHT abiadura handiko trenaren gaineko gogoetak azaldu, eta era berean, dei egiteko ekainaren 11n, larunbata, Arrasaten izango den manifestazio nazionalean parte hartzera. Herriko plazatik abiatuko da manifestazioa, arratsaldeko seietan, «Tenemos argumentos para parar un tren; AHT gelditzera gatoz» lelopean. Arrasate gizarteko sektore askoren bilgunea izatea nahi dute, eta besteak beste, gaur egungo garraio eta lurralde antolaketaren ereduaren gainean eztabaida sozial zabala irekitzearen alde dauden sektoreak mobilizatzea.
Euskal Herrian abiadura handiko trena eraikitzeko lanak zer egoeratan dauden izan zuten atzo hizpide. Horrela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lanei dagokionez, iazko udan krisi ekonomikoaren ondorioz egindako geldialdiaren ondoren, zenbait zatitan lanean hasiak dira berriro, baina Mila Elorzak azaldu zuenez, «lanek erritmo izugarri motela daramate». Horretaz gain, zenbait zatitan lanak ez direla hasi, hiriburuetako sarrerak ez direla definitu eta ofizialki obrak inauguratu dituzten zati batzuetan lanak ez direla hasi azaldu zuten.
Nafarroako egoera bestelakoa dela aipatu zuten. Obrak hasi gabe baitaude, nahiz eta Nafarroako Gobernuak uda honetan hasiko direla adierazi duen. Castejon-Zuasti zatiko desjabetzeak hasi dituzte jada. Zentzu horretan, lurjabe gehienek eta udalek proiektua ez dutela ezagutzen salatu zuten, «ez dezagun ahaztu informazio falta proiektu honen ezaugarrietako bat dela».
Ipar Euskal Herrian, berriz, LGV proiektuaren finantziazioari buruzko eztabaida berriro piztu dela azaldu zuten. «Gogoratu dezagun gai honek eztabaida sutsua piztu zuela udaletan eta herritarrengan». Azpiegitura hau, egun, definitu gabe dago.
Eragile politikoei gutuna
AHT Gelditu! Elkarlanak Bildu, NaBai, Aralar eta I-E talde politikoei gutuna helarazi diela azaldu zuten prentsaurrekoan, AHTren aurkako borrokaren inguruan «hausnarketa batzuk konpartitzea» nahi baitute. Alderdiei «indarrak batzeko» garaia dela adierazi diete. Oraingoz ez dute erantzunik jaso.
Era berean, eta hauteskundeetako emaitzen balorazioa eginez, proiektuaren aurka dauden alderdiek gorakada izan dutela ere gogoz baloratu zuten. Kazetarien galderei erantzunez, udalek AHT gelditzeko eskumenik ez dutela azaldu zuen Elorzak, «azkenean Madrilek du gaiaren erantzukizuna». Hala ere, udalek posizioak argi plazaratuz gero, jendartea mobilizatzeko aukera gehiago dagoela uste dute.
«Diru xahuketa»
Hilaren 11n Arrasaten egingo den manifestazioa egiteko hainbat arrazoi nabarmendu zituzten. AHTk dakarren «diru xahuketa» da bat, eta ekonomia publikoaren «hipoteka» dela salatu zuten. Azpiegituretan egindako gastua neurrigabekoa izan dela eta sektore publikoan ondorio larriak eragin dituela azaldu zuten, esaterako, osasun zerbitzuen kalitatea murriztea ekarri duelako.
Ingurumenari eragindako kaltea da beste bat. AHTk «naturguneak eta ekosistemak txikitzea» baitakar, baita milaka hektarea lur «okupatzea» ere, behin eta berriz salatu izan duten bezala.
Azkenik, «gure lurraldea» defendatzeko deia egin zuten. Horretarako, historiari errepasoa eginez amaitu zuten. Garai batean Lemoizko zentral nuklearra gelditu ahal izan zela nabarmendu zuten. Era berean, mobilizazio sozialak Nafarroako goi tentsioko linea elektrikoak «birplanteatzea» lortu zuela gaineratu zuten, edo epaitegiek behin baino gehiagotan Castejongo zentral termikoen legezkotasunik eza aldarrikatu dutela. Pasaiako superportuak inoiz baino zailtasun gehiago baditu une hauetan, «zergatik ez da izango posible AHT gelditzea?».
AHTren eraikuntzan jada lau pertsona hil direla gogorarazi zuen AHT Gelditu! Elkarlanak. Era berean, hamar ordutik gorako lanaldiez gain, istripuen prebentziorako neurri eza salatu zuten.
Gure gizarteak «sufritzen» duen gatazka sozioekonomiko bakarra ez dela AHT gogorarazi zuten, hor baitaude, besteak beste, Garoñako zentral nuklearra, Supersur, Jaizkibel edo Udalaitz.