GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-zulatzea Euskal Herriko Liga

Ortuellak bigarren saioa irabazi eta faboritoen zerrenda handitu du

p043_f01_97x96.jpg

J.L.

Ortuellak irabazi zuen herenegun jokatu zen Euskal Herriko Ligako bigarren jardunaldia. Lehia polita eskaini zuten bertan aritu ziren sei taldeek, baina azkenean ortuellarrak atera ziren garaile.

Lehen jardunaldian Kabiezesek lortu zuen garaipena eta bazegoen beraiek ikusteko gogoa ere. Aldiz, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen Kabiezesek, eta, hala, garbi geratu zen aurtengo lehia oso gogorra izan daitekeela. Ortuellak lortu zuen lehen postua, bigarren Txorierri sailkatu zen, eta, ondoren, Kabiezes, Aldai Alde, Las Karreras eta Errekatxo sailkatu ziren. Sailkapen nagusirako lehia handia dago Ortuella, Txorierri eta Kabiezesen artean.

Sokatira

Asteburu honetan ez da jokatu Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketako saiorik. Izan ere, Goiherrik eta Gaztedik Herbeheretako torneo batean hartu dute parte, eta, hori kontuan izanda, asteburu honetan gainerako taldeek libre izan dute.

Bizkaitarrek nazioarteko lehiaketa horretan egindako lana oso ona, bikaina, izan da. Izan ere, 600 kiloko lehiaketa Goiherrik irabazi zuen eta Gaztedik ere lan txukuna egin eta laugarren postua eskuratu zuen. Hamasei talde lehiatu zirela kontuan izanda, euskaldunek kirol honetan duten indarra agerian geratu zen.

640 kilokoan, berriz, Goiherri laugarren sailkatu zen eta Gaztedi ez zen finalerdietarako sailkatu. Hala ere, bi taldeak gustura etxeratu ziren, eta jadanik datorren asteko Euskal Herriko Txapelketari begira daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo