GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Lehiaketa

Atutxak jantzi du lehen txapela

Bizkaitarrak bi minutu pasako aldea kendu dio Oihan Larretxeari. Datorren astean maila nagusiko finala ere jokatuko du.

p043_f02_149x100.jpg

Jon LEUNDA

Aitzol Atutxak jantzi du aurtengo Urrezko Aizkorako lehen txapela. Atzo Ziordian jokatu zen 23 urtez azpikoen finala, eta bertan Oihan Larretxea hartu zuen mendean. Agian ez da, gainera, bizkaitarrak aurten jantziko duen txapel bakarra, datorren igandean, Azpeitian, maila nagusiko finala jokatuko baitu.

Ziordian, pilotalekuko hiru laurdenak beteta zirela, jokatu zen finala. Aizkolariek proba ezberdinak egin behar izan zituzten. Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Ondoren, tamaina bereko enborrarekin erlojuz kontra lehiatu ziren. Hirugarren lanean, 36 ontzako enborra zutik jarrita erdibitu behar izan zuten. Laugarrengoan, 60 ontzako egurra izan zuten ebaki beharrekoa. Bosgarrengoan, 36 ontzako bat zutik jarrita eta 45 ontzako bat etzanda jarrita. Azkenik, hiru kana-erdiko eta 60 ontzako bat moztu zituzten.

Kolpekakoan lortu zuen lehen garaipena Atutxak, enborra 29 kolpetan erdibitu baitzuen, baten aldea kenduz Larretxeari. Bigarrengoan, ordea, Berako gazteak horri buelta eman zion, erlojuz kontra 45 ontzakoa 41 segundotan erdibitu baitzuen, hiru segundoko aldea kenduz bizkaitarrari. Une horretan, gainera, aurretik jarri zen.

Hortik aurrera, ordea, Atutxa nagusi izan zen. Zutikako enborra 37 segundotan bota zuen, eta Oihani 12 segundo atera zizkion. 60 ontzakoa, berriz, 2 minutu eta 15 segundotan bota zuen, eta Larretxeak, aldiz, 2 minutu eta 46 segundo behar izan zituen. Zutik eta etzandako lanean ere aldea gehitu egin zuen, bi enborrak minutu eta 52 segundotan bota baitzituen Atutxak, eta Oihanek, berriz, minutu eta 54 segundotan.

Iraupen proba bakarrik falta zen norgehiagoka amaitzeko, baina ordurako gauzak nahikoa garbi zeuden. Hor ere Aitzol izan zen onena, bere lanak 9 minutu eta 57 segundotan amaitu baitzituen, eta 11 minutu eta 23 segundotan, berriz, Oihan Larretxeak. Egin beharreko lan guztiak burutzeko, 15 minutu eta 24 segundo behar izan zituen Aitzol Atutxak, eta Oihan Larretxeak, berriz, 18 minutu eta 7 segundo behar izan zituen.

Atzoko bi aizkolariak, Euskal Herriko Txapelketan Lehen Mailan daude, hor dauden bi gazteenak dira, eta garbi dago ezeren okerrik ez dutela, laster direla biak ere goiko puntan.

Beste hiru finalak datorren astean jokatuko dira Azpeitian. Atutxa eta Lopez neurtuko dira maila nagusian; lehiaketako historian lehen aldiz, 23 urtez azpiko finalean aritu den bat maila nagusikoan ere izango da. Otaño eta Saralegi 19 urtez azpikoen txapelaren lehian arituko dira, eta Vicente II.a eta Zabaleta, berriz, 15 urtez azpikoetan neurtuko dira.

Omenaldia

Jose Inazio Floresi omenaldia eskaini zioten atzo Ziordian urrezko aizkolariek. Osasun arazoak medio aizkora utzita dago, eta atzo aizkolarien eta herritarren babesa eta txalo sorta jaso zituen, oroigarri batekin batera.

Azurmendik lortu du eliteko mailako hirugarren postua

23 urtez azpiko finalarekin batera, maila nagusiko hirugarren postua ere jokatu zuten atzo Azurmendik eta Rekondok, eta gipuzkoarrak eraman zuen garaipena.

Probak bi zati ezberdin izan zituen. Lehen partean Rekondo nagusi izan zen; hala, 60 ontzakoaren ostean, 46 segundoko tartea zuen alde. Bazirudien dena erabakita zegoela leitzarraren alde, baina ez zen horrela izan.

Zutik eta etzandako lanean Azurmendik alde handia kendu zion, eta 15 segundora jarri zen. Iraupen proban, berriz, hori irauli eta alde nabarmena kendu zion nafarrari, amaieran minututik gorako tartearekin amaitu baitzuen Azurmendik.

Lan guztiak burutzeko 21 minutu eta 57 segundo behar izan zituen Iñaki Azurmendik, eta 23 minutu eta 20 segundo, berriz, Jon Rekondo leitzarrak. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo