GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

ESKALADA Lehia

Euskal Selekzioko gazteak indartsu Espainiako Kopan

FEDMEk antolatutako zirkuituak hiru proba izan ditu, guztiak maiatzean. Euskal ordezkariei dagokienez, bi garaipen erdietsi dituzte: Itziar Zabalak 18 urtez azpikoen mailan eta Jon Ander Bravok 20 urtez azpikoetan. EMFk oso balorazio ona egin du.

p050_f04_199x140.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Pasa den astean Euskadiko Bulder Txapelketaz hitz egin genizuen, eta aipatu ere egun berean Espainiako Kopako zailtasun zirkuituko hirugarren eta azken proba jokatzen zela. Horrela bada, FEDME Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatutako zailtasuneko zirkuitu horrek ateak itxi ditu jada.

Aurreratu dugun legez, hiru proba izan dira, guztiak ere maiatzean zehar jokatutakoak. Eta, ohi den legez, Euskal Mendizale Federazioak atondutako Euskal Selekzioaren ordezkariek zirkuitu horretan parte hartu dute.

Oro har, lasai asko baiezta daiteke Josean Mulasek zuzentzen dituen eskalatzaileek hiru hitzordu horietan oso maila ona eman dutela. Gazteen mailan erdietsitako emaitzak nabarmendu behar dira batik bat. Izan ere, proben puntu guztiak batu ondoren, bi garaipen erdietsi dituzte euskal ordezkariek: Itziar Zabalak 18 urtez azpikoen mailan eta Joan Ander Bravok 20 urtez azpikoetan.

Horiexek izan dira gehien azpimarratu beharreko emaitzak, baina ez bakarrak; izan ere, lan ona egiteaz gain, oso postu onak poltsikoratu dituzte euskal ordezkariek. Gazteen maila ezberdinetan, Euskal Selekzioko ordezkari asko izan dira finaletan. Eta, hein batean, hori ez da batere ohikoa.

Nagusien mailari dagokionez, bestalde, aipatu beharra dago Mulasen taldea trantsizio egoera batean dagoela. Horren erakusle, hautatzaileak oso eskalatzaile gazteak eraman ditu Espainiako Kopara; «zaharrenak» 23 urte ditu. Nesketan finalean izan dira euskal ordezkariak; mutiletan; berriz, oso gutxigatik bada ere, kanpo geratu dira.

Baina balorazioekin jarraitu ordez, goazen bada Espainiako Kopak izan dituen hiru probetatik bidaiatxo bat egitera. Arestian aipatu dugu hiru hitzorduak maiatzean jokatu direla. Erabaki hori, hots, hilabete baten buruan proba guztiak antolatzea, ez da batere ohikoa. Askok eskertu dute erabakia, zirkuitua askoz ere kontzentratuagoa egon delako eta lehiakideek beren sasoia fokalizatu ahal izan dutelako. Bai, erabaki ona izan da, besteak beste, parte-hartzaileen sasoia norabide egokian mantentzeko balio izan duelako.

Espainiako Kopako lehen hitzordua maiatzaren 7an eta 8an jokatu zen, Arriondasen (Asturias). Gogoratu behar dugunez, lehen egunean nagusien mailakoek neurtzen dituzte indarrak, eta, bigarrenean, gazteen mailakoek. Nagusien artean, nesketan, euskal ordezkari bakarra izan dugu: Itziar Zabala. Bai, lehen aipatu dugu 18 urtez azpikoetan lehiatu dela, baina nagusien mailan ere jardun du. Lehen aldia zuen maila horretan, baina, hala ere, Arriondasen dimoztarra finalean sartu eta bosgarren sailkatu zen. Garaipena Bertan Martin eta Helena Alemanentzat izan zen. Mutiletan, berriz, Ramon Julianek irabazi zuen. Hamar lagun pasatzen ziren finalera, eta Antton Zabala hamaikagarrena izan zen. Jonbe Agirre hamazazpigarrena izan zen, eta, Jon Ander Bravo, hemeretzigarrena.

Gazteei dagokienez, 16 urtez azpikoetan, Nafarroako selekzioko Andrea de Goñi txapeldunorde izan zen. Jone Ugartemendia zazpigarrena izan zen eta Mikel Linazisoro bederatzigarrena. Azken biek lan txukuna egin zuten EMFko selekzioan aritzen ziren lehen aldian. 18 urtez azpikoetan, Zabala txapelduna izan zen, Miriam Mulasek bosgarren postua eskuratu zuen, Illargi Perezek (Nafarroako selekzioa) seigarrena eta Beñat Muruak zortzigarrena. Eta, 20 urtez azpikoetan, Bravo hirugarrena izan zen, Omar Ben Ali seigarrena eta Kepa Bruña zazpigarrena.

Astebetera bigarren proba izan zuten, Ponferradan (Leon). Nagusien mailan, euskal ordezkariak ez ziren batere fin ibili, eta, horren ondorioz, bai emakumezkoak bai gizonezkoak finaletatik kanpo geratu ziren. Bigarren proba horretan irabazleen izenak ez ziren aldatu: Ramonet eta Martin-Aleman (aurrekoan bezala, berdinduta). De Goñik berriro bigarren postua lortu zuen 16 urtez azpikoetan, eta Ugartemendiak postu bat egin zuen aurrera; seigarrenen izan zen. Zabalak bigarren garaipena sinatu zuen 18 urtez azpikoetan, eta bai Perez bai Mulas seigarren izan ziren. Murua ere finalera sartu zen, eta zortzigarrena geratu zen. Bravok, berriz, garaipena lortu zuen 20 urtez azpikoetan. Gainontzeko euskal ordezkariak finaletik at geratu ziren.

Bi txapeldun

Hirugarren eta azken hitzordua Bartzelonan izan zen, maiatzaren 28an eta 29an. Arestian aurreratu dugunez, 28an Euskadiko Bulder Txapelketa jokatu zen, eta, horren ondorioz zein euskal ordezkari batzuen sailkapenak ikusita, eskalatzaile batzuk Elgetara joatea erabaki zuten.

Nagusien mailan, Ramonetek ez zuen hutsik egin eta garaipena lortu zuen. Berriz ere oso gutxiagatik izan bazen ere, Zabalak ezin izan zuen finalera pasa; atarian geratu zen. Agirre eta Bravo hogeigarren izan ziren. Nesketan, Martinek aurreko berdinketak hautsi eta irabazi egin zuen. Zabalak, oraingoan bai, finalera pasatzea lortu zuen; azkenean, bosgarren postua eskuratu zuen. De Goñi bigarrena izan zen 16 urtez azpikoetan eta Ugartemendia zazpigarrena. Zabalak beste garaipen bat erdietsi zuen 18 urtez azpikoetan; Mulas seigarren izan zen eta Perez zortzigarren. Anartz Barandiaran ere zortzigarren sailkatu zen. Eta, 20 urtez azpikoetan, Bravok irabazi zuen.

Behin betiko sailkapen nagusiari dagokionez, Zabalak 18 urtez azpikoetan eta Bravok 20 urtez azpikoetan lortutako garaipen handiak azpimarratu behar dira. Zabala seigarrena izan zen gainera nagusien artean.

Gauza gehiago azpimarratzeko badaude, eta azterketa hori Josean Mulas hautatzaileak berak egin digu: «Nagusien mailan aldaketa prozesu batean gaude. Mutiletan, Usobiagak, Karapetok... utzi egin dute edo uztekotan dira. Zabala, Agirre eta Bravo , berriz, gazteak dira, oraindik denbora behar dute. Azken bi horien lehen urtea izan da nagusietan. Txukun ibili dira, baina oraindik asko egin dezakete. Nesketan, Zabala finaletan sartu da, eta horrek meritu handia du. Ea datorren denboraldian podiumen bat eskuratzen duen».

Gazteek bikain jardun dute Mulasen iritziz: «Zabala eta Bravo bikain aritu dira. Askok, gainera, lehen aldia zuten, eta, hala, meritu handia du finaletan izateak. Beste federazioetako kideak indartsu daude, eta guk gureak motibatu behar ditugu, gaitasun handia baitute. Zalantzarik gabe, etorkizunera begira beste teknifikazio zentro bat behar dugu».

eskaera

Josean Mulas hautatzailea pozik dago euskal eskalatzaileek eginiko lanarekin. Hori bai, behar bezalako lana egiteko azpiegitura egokiak eskatu ditu.

sasoiko

Itziar Zabalak 18 urtez azpikoetan eta Jon Ander Bravok 20 urtez azpikoetan garaipen bana lortu dute, sasoiko daudela argi eta garbi erakutsiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo