GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Itsasoa

Punta de Lobos Olatu handien itzuliko lehen txapelketa Txilen jokatu da

Munduko olatu handien itzulia osatzen duten bost probetako lehena Txilen egin dute, eta Marcos Monteiro brasildarrak irabazi du.

p054_f02_148x96.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Maiatzaren 28an olatu handien txapelketa egiteko behar bezalako itsaskia izan zen Txileko kostaldean, eta munduko olatu handien itzulia (Big Wave World Tour 2011-2012) osatzen duten bost probetako lehena egin ahal izan zuten horrela: Quiksilver Ceremonial Punta de Lobos. Irabazlea, Marcos Monteiro brasildarra izan zen.

Big Wave World Tour (BWWT) itzulia olatu handietako munduko leku ezagunetan egiten da. Bost lehiaketa hauek osatzen dute itzulia: Punta de Lobos (Txile), Pico Alto (Peru), Nelscott Reef (Oregon-AEBak), Mavericks (Kalifornia-AEBak) eta Todos los Santos (Kalifornia Beherea-Mexiko).

Punta de Lobosen egin berri duten txapelketa egiteko, itxaronaldia apirilaren lehen egunean hasi, eta maiatzaren 30ean amaitzen zen; beraz, epez nahiko justu ibili direla esan daiteke. Iazko itzulian (2010-2011) soilik hiru txapelketa egin zituzten, Txile, Peru eta Oregonekoa.

Iaz ere maiatzean egin zuten Punta de Loboseko txapelketa, eta Cristian Merellok irabazi zuen, bertako surflariak. Abuztuan, Pico Altoko eskuin olatu beldurgarrian egin zuten txapelketa berriz, Jamie Sterling hawaiiarrak irabazi zuen. Eta hirugarren txapelketa, abuztuan, AEBetako Oregon estatuko eskuin olatu batean izaten dena, Kohl Christensen hawaiiarrak irabazi zuen.

2010-2011 itzulia osatzeko, bi txapelketa gehiago egin behar ziren iazko abendua eta aurtengo apirila artean, Mavericks (AEBak) eta Todos Santos (Kalifornia Beherea) leku ezagunetan, baina behar adinako itsaskirik ez zen izan, eta txapelketa egiteko epea amaituta, egindako hiru txapelketetan puntu gehien lortu zituen surflariak irabazi zuen 2010/2011 itzulia. Hala, Jamie Sterling hawaiiarra izan zen irabazlea.

Itzuliko irabazlea hautatzeko sistema nahiko konplexua da. Iazko irabazleak, esaterako, lehiaketa bakarra irabazi zuen, baina berak jantzi zuen itzuliko txapela. Sterlingek lehen txapelketan laugarren postua lortu zuen; bigarren txapelketan, lehen postua; eta hirugarren txapelketan, hirugarren postuan geratu zen.

Txapelketa batean lortutako puntuak olatuek izan duten altueraren arabera neurtzen dituzte. 24 eta 30 oin bitarteko olatuei (7 eta 10 metro artean) ematen dieten balioa %85ekoa da. Txapelketa 30 eta 36 oin bitarteko olatuetan egin bada (10 eta 12 metro artean), jasotako puntuen balioa %100ekoa izango da. 36 eta 42 oineko olatuen (12-13 metro) balioa %115ekoa da. 42 eta 50 oineko olatuena (13-15 metro) %130ekoa. Eta txapelketa 50 oin (15 metro) baino gehiagoko olatuetan egiten bada, orduan, puntuaketarako balioa %140koa da.

Modu honetan, txapelketa baten ostean lehiakide bakoitzak bildu dituen puntuek txapelketan izan diren olatuen altueraren araberako balioa dute. Adibidez, lehiakide batek 100 puntu bildu baditu 50 oineko olatuetan, egin beharreko ariketa honako hau izango da: 100 x 1,4 (%140).

Irabazleak 1.000 puntu jasoko ditu. Bigarren postua lortu duenak 810 puntu. Hirugarrenak, 630 puntu; eta horrela, postuaren arabera jasotzen dituzten puntuak olatuek izan duten altueraren araberako ehunekoarekin biderkatu behar dira.

Olatu handietako txapelketek duten beste berezitasun bat zera da, data zehatzik ez izatea. Txapelketa bakoitza bertako olatuak izateko aukera anitzenak izan daitezkeen urteko sasoi onenean egiten da, baina, horrela ere, gutxienez zazpi metroko olatuak izateko baldintza betetzea oso zaila izaten da normalean, baita munduko itsaski handienak izaten dituzten lekuetan ere.

Txapelketa egin ahal izateko itsaski handi bat behar denez, bi hilabeteko epea izaten da lehiaketa bakoitzean. Itsaski handi bat sartzeko aukera erreala ikusten bada, parte-hartzaile guztiei deitzen diete zortzi egun lehenago, eta horiek, astebeteko tartean, nola edo hala bidaia antolatu eta itsaskia sartzen den egunerako lehiatzeko moduan egon behar dute txapelketa gunean.

Punta de Lobos, Pichilemu izeneko arrantzale herri txiki batetik gertu dagoen hondartza da. Autoz lau ordu behar dira Santiago hiriburutik iristeko. Kalifornia iparraldeko inguruneen antz handia duen eremua da; ur hotza, eguraldi hotza, pinuak nonahi eta animalia andana kostalde osoan zehar.

Hego Amerikan eta mundu osoan zehar aurki dezakegun ezker olatu luzeenetako bat da Punta de Lobos. 200 metroko ibilbidea eskain dezakeen olatua da, ariketa guztiak egiteko aukera ematen duena. Ibilbideko leku batetik bestera forma desberdinak hartzen ditu olatuak; beraz, maila guztietako surflarientzako aukerak eskaintzen ditu. Hala ere, bertako irudi ezagunenak olatu erraldoienak dira. Itsaski handiak diren egunetan, badiaren punta aldean, olatu beldurgarri bat altxatzen da arroken gainean, eta hor egiten dute olatu handietako txapelketa.

Urteko edozein sasoitan surf egiteko leku egokia izan arren, olatu handien garaia martxoa eta maiatza artean izaten da; horregatik egiten dute sasoi horretan txapelketa. Ura urte osoan zehar dago hotza, eta gainera, olatu honi ondoen dagokion haizea hego-ekialdekoa da; haize hotza alegia. Beraz, neopreno lodia beharrezkoa da urteko edozein sasoitan.

Aurtengoa txapelketa hau egiten duten hirugarren aldia da eta Marcos Monteiro brasildarrak eskuratu du txapela. Denera 24 lehiakidek hartzen dute parte txapelketan. Txandak 45 minutukoak izaten dira, eta lehenik, sei kideko lau txanda egiten dituzte. Txanda bakoitzetik hiru lehiakidek lortzen dute hurrengo txandarako pasea; beraz, lehen txanda gainditzen duen lehiakidea zuzenean finalerdietara joaten da, eta azkenik, finalean sei dira norgehiagokan aritzen diren lehiakideak.

Halako txapelketetan ezin du edonork parte hartu, batzuek aurrez lortutako merituengatik dute postu finkoa, eta beste batzuek espresuki gonbidatuak izan direlako. Horrez gain, leku bakoitzeko antolatzaileak bertako norbait gonbida dezake parte hartzera, «wildcard» bat emanda.

Txapelketa egiten den leku bakoitzean, bertako jendeak ere parte hartu behar du, eta hori ziurtatzeko aurrez trial lehiaketa bat egiten da.

Trialetan lehen hiru postuak lortzen dituzten lehiakideek munduko txapelketan parte hartzeko aukera irabazten dute. Punta de Lobosen parte hartzeko trialetan lehen hiru postuak lortu zituztenak honakoak izan ziren: Reinaldo Chaca Ibarra, Matias Lopez eta Leon Vicuña.

Aurten, 20.000 dolar amerikar banatu dituzte saritan. Irabazleak 10.000 dolar eskuratu ditu. Ramon Navarrok, bertako surflariak, bigarren postua eskuratu, eta 2.500 dolar irabazi ditu. Hirugarren lehiakidea, Gabriel Villaran perutarra izan da, eta laugarren postua Kohl Christensen hawaiiarrak lortu du.

Ez zen seigarren posturik izan, bosgarren postuan berdinketa bat izan baitzen, Greg Long eta Cristian Merello, iazko irabazlearen artean.

bost txapelketa

Big Wave World Tour bost lehiaketek osatzen dute: Punta de Lobos (Txile), Pico Alto (Peru), Nelscott Reef (Oregon-AEBak), Mavericks (Kalifornia-AEBak) eta Todos Santos (Kalifornia Beherea-Mexiko). Iaz hiru lekutan baino ez ziren izan olatuak.

punta de Lobos

Punta de Lobos, Pichilemu arrantzale herritik gertu dagoen hondartza da. Kalifornia iparraldeko inguruneen antz handia du; ur hotza, eguraldi hotza, pinuak nonahi eta animalia andana kostalde osoan zehar.

bertakoak lehian

Txapelketa izaten den leku bakoitzean, bertakoen parte-hartzea ziurtatzeko, aurrez beste txapelketa bat egiten dute, eta lehen hiru postuak lortzen dituzten lehiakideek munduko txapelketarako pasea lortzen dute,

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo