GARA > Idatzia > Euskal Herria

Adunarren omenaldia jaso du Jabier Zabalak Udalean egindako lanarengatik

Orotara 28 urte eman ditu Adunako Udalean eta bertan egindako lana eskertu nahi izan diote herritarrek Jabier Zabalari. Keinu atseginez betetako ekitaldian, Zabalak herriaren duintasuna nabarmendu nahi izan zuen.

p015_f02.jpg

Maider EIZMENDI | ADUNA

Bertaratutako askori begiak larritu zizkien keinuak jaso zituen atzo Jabier Zabala adunarrak bere herriko plazan. Herritarrek Udalean 28 urtez egindako lana eskertu nahi izan zioten modu horretan.

1979. urtean egin ziren lehen hauteskundeen ostean sartu zen Zabala Udalean zinegotzi gisa; 1987tik 2003ra alkate izan zen; eta, hortik 2007ra bitartean, berriz ere zinegotzi. Urte asko eta beste hainbeste lan, beraz. Ekitaldiaren amaieran, protagonistak ez zuen hitz onik baino jasotako omenaldi sentitua eskertzeko.

Aurreskuarekin abiatu zen adunarren «oparia», eta urte hauetan guztietan Udalean bidelagun izan dituen herritarrek ezpataz egindako arkutik igaro zen Zabala taula gaineraino. Bertara igo ziren Aduna Elkarte Herritarreko kideak, herri ordezkari gisa eman dituen urte guztietan zehar egin diren hauteskunde zerrendetako argazkiak eta kideen hitzak liburu batean jasota zituztela; herriko txikiek, berriz, bertso eder batekin eskertu zioten horrenbeste lan eta buruhauste eman zizkion ametsetako proiektua: herriko eskola.

Zabalarentzat hitz onak baino ez zituzten izan herri eskolako irakasleek beraiek ere. Hala, eskolaren alde egindako esfortzu guztia bera harro egoteko moduko lana eginez ordaindu nahi diotela nabarmendu zioten.

Oholtzaren gainean izan ziren baita ere Tolomendi eta Tolosaldea Garatzen herri arteko lankidetza bultzatzeko erakundeetako ordezkariak, Koldobika Jauregik egindako oroigarri batekin. «Iparrorratza irudikatzen du, zer hobe Zabala bezalako pertsonek egin duten lana deskribatzeko: iparrorratz izan ditugu», esan zioten. Zabala askorentzat eredu izan dela nabarmendu zuen, halaber, azken zortzi urteotan alkate izan den Arantxa Aburuzak ere. Ostean, taula gainean bildu ziren herritarrak, Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze bertsolariak, herriko idazle Juan Kruz Igerabide, musikariak, etxeko horma eta txoko guztiak betetzeko adina opari...

Zabala gogotsu zegoen, eta, hala, mikrofonoa hartu eta jasotzen ari zen omenaldia eskertu zuen. Ez zuen betarik galdu: «Egun hauetan politikagintzan aritzen diren asko begi onez ikusten ez direnean, omenaldi hau jasotzea bihotzez eskertzen dut», adierazi zuen. Berehala, ordea, urte hauetan guztietan bidelagun izan dituen guztiak ekarri zituen gogora, eta haiei eta herritarrei eskerrak eman zizkien, halabeharrez herritik urrun daudenak ahaztu gabe.

Boto zuriaren garaipena

Adunak herri gisa izan duen ibilbideari heldu eta bidean topatutako zailtasunei «duintasunez» nola aurre egin izan dieten gogoratu zuen. Orain bi aste hauteskunde egunean herritarrek izandako jarrera ere nabarmendu zuen: «Boto zuria hartuta joan ginen guztiok boza ematera, herrian herrikoa ez zen inork agintzerik ez dugula nahi argi utzita». Izan ere, PP izan zen herrian zerrenda aurkeztu zuen alderdi bakarra. Egoera ikusita, 1979az geroztik Udaletik igarotako alkate eta zinegotziek izenpetutako eskaera bidali zioten PPri, zerrenda erretira zezan. Baina erantzuten ez zuela ikusirik, boto zuria eskatu zuten. Eskatu eta herritarrek eman: boza eman zezaketen 346 herritarretatik 290 joan ziren boto zuriarekin. Hala, PPk ez zituen lortu behar adina boto eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dago orain Adunako Udala ordezkatuko duen taldea eratzea.

Omenaldiaren ostean, herritarrak Aburuza sagardotegian egin zuten bazkaria. Arratsaldean, berriz, herri kirol erakustaldia izan zuten.

«HERRI BIZIA»

«Herri txiki eta bitxia gara, errespetatua, eta, batez ere, bizia; omenaldi hau da horren erakusgarri», adierazi zuen Zabalak herritarren aurrean egindako hitzaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo