GARA > Idatzia > Mundua

«Terrorismoaren» muga lausoek bizia jokoan jartzera behartzen dituzte preso maputxeak

Beste leku askotan bezala, Txilen ere «terrorismoa» hitzak adiera asko ditu; hainbeste, izugarrizko gehiegikeriak egitea ahalbidetzen duela. Aski ongi dakite hori maputxeek; kartzelan urte luzez giltzapetuta, euren eskubideen urraketei egin behar diete aurre egunero.

p021_f01-177x108.jpg

GARA

Hector Llaitul, Jonathan Huillical, Ramon Llanquileo eta Jose Huenuche maputxeek hartu dute beraien komunitatearen aldarrikapenen lekukoa. Beraien herriaren eredu bilakatu dira aste gutxitan; nahiz eta gose greba mugagabean sartu behar izan duten horretarako. Erietxean dira azken egunetan, 81 egunez inolako jakirik ez irensteak muskuluetako indarra galtzea eta larruazaleko muturreko zurbiltasuna eragin baitie. Hogeina kilo galdu dituzte batez beste, eta, mediku azterketak egiteari uko egiten diotenez, artean ez dakite gorputzeko organoren bat kaltetuta ote duten. Horixe da euren borrokaren ordaina; horixe da sinesten dutenaren alde guztia emateko prest egotearen ondorioa.

Lau preso maputxeak Lebukoko espetxean daude giltzapetuta; 2008an fiskal batek jasandako erasoaren egiletzat hartu, eta, lapurreta eta oldarraldi delituak leporatuta, 25 urteko kondena betetzen ari dira. Txileko Gorte Gorenak atzo beraien aurkako zigorrak hiru eta lau urte artean murriztea erabaki bazuen ere, irmoki eutsi diote gose grebari, beraien helburuak ez baitituzte lortutzat eman. Lege Antiterrorista aplikatu zietenez, Txileko justizia sistemak onartzen dituen bidezidorrak profitatu eta bi bider epaitu dituzte auzi berberagatik bi epaitegi ezberdinetan. Hain zuzen ere, horrexek eraman ditu beraien bizitzak arriskuan jartzera, bestela ere hiltzera kondenatuta daudela uste baitute. Hala, inpartzialtasunez juzgatuko dituen epaiketa bat galdegiten dute, ez hankarik ez bururik ez duen Lege Antiterrorista berrikusi dezatela eskatuz.

Diktadura garaiko legea

Lege Antiterrorista Augusto Pinochet diktadore zela ezarri zen Txilen, 1984ko maiatzaren 16an. Haatik, trantsizio garaian Patricio Aylwinen gobernuak lege horri egindako erreformek, egun herri maputxearen aurkako arma gisa baliatu ahal izatea eragin du; diktadura garaiko konnotazio politiko guztiak galduta, «pertsonen aurkako delitu oso larriak» sartu zituzten legedi antiterroristan. Hala, hilketak, gorputz adarren mozketak, bahiketak, suteak... guztiak epaitzen dira Lege Antiterroristaren pean, baita, adibidez, tren bat bere errailetatik ateratzea ere. Kontua, aldiz, honakoa da: Txilen egun indarrean den Zigor Kodeak ere hartzen ditu aintzat delitu horiek, eta, hortaz, lege-iruzurra planteatzeko bidea guztiz irekita dago.

Alta, Alberto Espina senatariak gogoratzen duenez, «hautesleek erabakitako presidente baten mandatuan onartu zenez Lege Antiterrorista, demokrazian onartutako legea da, Kongresuak berak osoki onartutakoa». Horrek zaildu egiten du, noski, lege-iruzurra estalgabetzea, are gehiago fiskalek sistematikoki erabiltzen dutenean.

Kontuak kontu, Lege Antiterrorista edo Kode Zibila aukeratzeko ataka horretan, maputxeak dira galtzaile nagusiak. Jorge Contesse abokatuak dioenez, «maputxeek egiten dituzten protesta ekintza asko delitu gisa har litezke, baina inolaz ere ekintza terrorista moduan». Honakoa ere gaineratu du: «Gatazka honetan hildako guztiak maputxeak dira. Indar armatu txiletarren esku hildako maputxeak izan dira zendutako guztiak, eta, beraz, argi dago Lege Antiterroristaren erabilera honek bere benetako helburuak desitxuratzen dituela». Iritzi bera du Jose Aylwin indigenen auzietan aditu den Herritarren Behatokiko abokatuak: «Ez dago inolako arrazoirik arazo sozialekin lotutako protesta hauen aurka legedi antiterrorista erabiltzeko».

Gehiegikeria larriak

Lege Antiterrorista aplikatze hutsak, noski, murrizketa larriak dakartza. Ikerketak, esaterako, luzaroan manten daitezke sekretupean. Lekukoen babesari ere lehentasuna ematen zaio, eta, horrek, besteak beste, aurpegirik gabeko hainbat testigu egotea ahalbidetu du, defentsako abokatuen lana erabat zailduz. Auzietan nahastutako herritarren komunikazioak eteteko edota baldintzapeko neurriak ezartzeko erraztasunak ere beldurtzeko modukoak dira.

Maputxeek bizi duten egoera bidegabearen erakusle argiena honakoa da: epaiketen ostean, kargurik gabe aske geratzen dira prozesatutako ekintzaileetako asko. Contessek dioenez, «Txilen `terrorismo' hitzarekin ulertzen denak» egiten du hori posible; edo «ulertzen» ez denak, maputxeen aurkako auzietan nabarmen geratu denez, definizioa arrunt zabala baita... «Delituzko ekintzei aurre egiteko nahiko bitarteko baditu Txilek; zigor legediari erreparatzea besterik ez dago. Maputxeen protestekin, aldiz, irakurketa hori guztiz hutsaltzen da. Arazo sozialekin lotutako protestak New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoarekin edota Pakistanen zibilen aurka egindako atentatuekin parekatzen dira! Izugarrizko bidegabekeriak egiten dira Lege Antiterrorista erabilita», salatu du.

Demasia horiek eraman dituzte lau preso maputxeak gose grebara, aurretik beste asko bezala. Maputxeen eskubideen aurkako urraketak etetea eta Lege Antiterrorista behin betiko bertan behera uztea dute helburu.

Esperantza eta elkartasun keinu bat, euskal herritik lebukora

Herri ukatua eta zapaldua denari, esperantza eta elkartasun keinu bat egin dio Euskal Herriak. «Maputxeen lurrek, hizkuntzak, kulturak, mundu-ikuskerak eta herritarrek beraiek egunero jasaten dituzte erasoak. Txileko Estatuak gero eta urrats gehiago ematen ditu bere apustu errepresiboan», arbuiatu du Askapenak. Txiletarrek eredu itzela dutela ere eman du aditzera, «Estatu espainolaren Lege Antiterrorista kopiatzen ari baitira maputxeen aurka». Kartzeletako egoera ere «geroz eta larriagoa» da.

Gose greban diren CAM (Coordinadora Arauco-Mapuche) taldeko kideen protesta sostengatzeaz gain, maputxeei elkartasuna adierazi die Askapenak ohar batean. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo