Mikel Zubimendi
Gaiez gai, txepetx saltaria legez
Gaurkoa dut letrok juntatzen ditudan lehen aldia. Apurka-apurka neurria eta tonua hartzen saiatuko naiz, kritikak, muturrekoak eta beste hartuko ditudan bezalaxe. Suelto eta libre arituko naiz, huntaz eta hartaz txepetx saltaria legez neure ikuspuntuak eta iruzkinak ondratu papereratuz. Batzuentzat, agian, hitzak hiztegi eta purrustak purrustategi; besteentzat, zer pentsatu edo zalantzen pizgarri; eta, zalantza-dantzan arrazonamendua gorpuzten dela uste dudanez, pozik nengoke horrekin. Edonola ere, ongi esanak ongi gordez eta gaizki esanak gordelekurik ez dutenez, gogoz ekiten diot GARAk eskaini didan erronka berri honi. Esker onez eta arduraz.
Aurreneko honetan Bilduz idatz nezakeen, baina asko idatzi da bestela ere. Horrenbestez, bizpahiru kontu baino ez: beldurgarri ederra Bilduk lortu eta suposatzen duena. Alderdiena baino jendearena baita Bildu, bere nahi eta eskaera arrunt eta sentituenen adierazgarri. Ikaragarria, bestalde, bukaera dotore bat eta abiapuntu indartsu eta berri bat lortzeko ireki duen aukera. Maniobrarako zelai zabala, ongi seinaleztatu eta argitutako pista, lur hartzeko zein aireratzeko ezin aproposagoa.
Leonard Cohen poeta-kantaria «literaturan» saritu dutela-eta, zalaparta haizatu da nonahi. Ez dakit zergatik. Baina elektrizitate harian pausatutako txoriak edo gauerdiko koruan kantatzen duten mozkorren legez, beren bidean libre izaten saiatu direnak pieza sarkor harekin agurtu zituen maisuak merezi du nire aitorpena. Bizibidean bezain libre, bizitzan independente jokatu duten euskaldun preso guztiak agurtu nahi nituzke. Haien kaleratzea, zehatz eta gauzagarri, martxan jartzeko erabakiak hartu, eskema zaharrak alboratu, eta euskal jendea jalgiko da plazara. Horretan ere, haize berri bat, arnasa datorrela uste dut. Eta berri onak dakartzala berarekin.
Bukatzeko, gaiz aldatu eta aldaketa hartu nahi dut gai legez. Absolutua den bakarra mugimendua eta aldaketa dira, existentziaren beraren oinarriak. Batzuetan ez aldatzearen ondorioez jabetu eta orduan hasten da aldaketa. Ezker abertzaleak erakutsi du bere herriaren aldaketa gosearen aurrean, kontrako eztarritik joango ote zitzaion beldurragatik ez diola inolaz ere jateari eta jaten emateari utzi. Orain, besteek ere badituzte kontrako eztarrian sugeak eta apoak. Denok bezala, aldatzen ari dira, bai. Eta denok aldatzen badugu, dena aldatuko da. Norabide egokian aldatu ere. Eutsi goiari eta aberria bizi!