GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Roberto Manjon Lozoya | Hizkuntza-normalizazioko teknikaria

Oposizioak: Rafael Bengoa jitoan

 

Bengoa Osasun Sailburuak Osakidetzaren enplegu publikoaren eskaintza (EPE) iragarri berri du, eta euskarari garrantzia kentzeko asmoa berritu. Nola? Oraingoan asmatu duen bidea azterketei pisu handiagoa ematea da, merezimenduen kaltetan. Izan ere, azken EPEetan hainbat kategoriatako galderen zerrendak aurretik eman direnez, ia mundu guztiak kalifikazio onak lortu ditu, eta beraz, azterketek, praktikan, ez dute deusik balio izan. Hori horrela, Bengoaren irudiko, merezimenduek pisu guztia izan dutenez, euskararen balorazioa zeharo erabakigarria gertatu da. Hortaz, horra Bengoaren erremedioa: azterketen gogortasuna berreskuratzea, merezimenduak ahulduz euskararen eragina biguntzearren.

Sailburuak uste du modu horretan betetzen duela PPrekin euskararen maila eraisteko konpromisoa. PP, ordea, ez dago konforme, espainolista amorratuak izanik, iritzia baitu konpromisoa erdizka bakarrik betetzen duela Lopezen Gobernuak: euskara sobera dago eta kito. PPkoek, behinola Caudillok euskal dantzak distira handiz Santiago Bernabeun erakusten zituen legez, museo etno- grafikoa dauka gordeta euskaldunontzat. Haiek denborak haiek!

Jakina, euskal gehiengoa ere ez du asebetetzen. Sailburua bakarrik geratu da. Sailburuaren iritziz, gaixotasun obsesibo bat baitu, azken finean, espainiar toreadoreen jantzi estuan sartzeko gogo falta. Alabaina, Bengoa kikildu ez eta, Legebiltzarreko azken agerraldian bezala, euskaldunok iraintzen jarraitzen du, errealitateari bizkar emanda. Oraindik tematuta dago euskara eta zerbitzuen kalitatea kontrajarrita daudela: euskara gutxiago, beraz, kalitate handiago. Gaitzetik ere ondorio interesgarri bat atera genezake optikarientzat, zeren, antza denez, gutxiengo ezin lotsagarriago batean egoteak ez baitio gobernu bati batere laguntzen gauzak diren bezala ikusten. Bengoak-eta sinistu bide dute beren haitzuloan sortutako eldarniozko Euskal Herria hori.

Begi lauso horiekin, Sailburuak, EPEa gogoan, oso desbideraturik tiratzen du euskararen aurkako neurriak hartzerakoan. Ezin du ikusi gaur egungo lan-merkatuak administrazioa langile elebidunez estualdi handirik gabe hornitu ahal duela, eta inolako diskriminazio etnikorik gabe egin ere, batetik, mila asko direlako dagokien hizkuntza-eskakizuna egiaztatu duten langileak, eta bestetik, enplegu publikoa eskatzen duten gehien-gehienek hizkuntza-eskakizuna besapean egiaztatuta ekartzen dutelako. Denok dakigunez, euskararen ezagutzak ez du lanpostua ematen, baina orobat administraziora ezin da esku hutsik etorri. Hori jakinda ere oposizioetara hizkuntza-eskakizunik gabe hurbiltzen denak erakusten du kurrikulu pertsonal desegokia diseinatu duela, nahiz eta gizarteak guztiei aukera berdinak eskaini. Bengoak, edozein azterketa-mota jarrita, EPEko izangaien euskara-maila ez da jaitsiko.

Eraso berri honetan euskaldunak kaltetuago egon ez arren, tamalez, asko izango dira alboko biktimak: Osakidetzako langileak eta euskal gizarte osoa. Merezimenduei azpia janda, aukeratutako langileen maila egokia benetan ziurtatzeko funtsezko faktore bi degradatzen dira, hala nola prestakuntza osagarria eta, batez ere, esperientzia profesionala, aurre- ko EPEetan, hurrenez hurren, merezimenduen %25 eta %52 balio izan dutenak, alegia, %80tik gora. Aspalditik utzi genuen pentsatzeari azterketa bat langilerik onenak aukeratzeko tresna egokia denik: azaldu ezinezko faktore gehiegi sartzen ditu jokoan, aurreikusi ezinak, interferentzia gehiegi, puntualegia izanik, lar koiunturala. Osakidetzeko langileek larrutik ordainduko dute Sailburuaren arinkeria hori, osasuna eta denbora galduz, arrisku gehiegi lepoan hartuz.

Bengoak beti argi izan duenez, merezimenduak -esperientzia eta prestakuntza, euskara barruan- bermerik onenak dira kalitatezko zerbitzuak eman ditzaketen langile egokiak aukeratzeko. Azterketari lehentasuna emanda, esperientzia eta prestakuntza gehien duten langileak aterako dira galtzaile. Baliteke lan-merkatura berriki sartutako langile gazteago batzuek lanpostu finkoa eskuratzea, baina oro har, langilerik gazteenek ere irabaziko dute lanbidean hasten diren unetik ibilbide profesional argi bat aurreikusten badute, alegia, norainoko esperientzia eta zer prestakuntza osagarri mota eskuratu behar duen noizbait lanpostu finko batez jabetzeko.

Horiek horrela, Osasun-sailburua, noraezean doala, kontraesanetan erortzen da aukeraketa publikoaren ardatza merezimenduetatik azterketara daroanean, eta gainera, bere interes koiunturalengatik. Aurreko legegintzaldietan hasitako bide ona mozten du, hots, azterketei gero eta balio gutxiago ematea, oposizioen sistema zaharkitua, bidegabeagoa eta garestia delako. Gobernu batek langileen berdintasuna, merezimendua eta gaitasuna garantizatu behar ditu aukeraketetan, baina hori langile ordezkoak, aldi baterakoak edo interinoak lanean hasten diren lehenengo egunetik bertatik, eta ondoren, baita lanpostu finkoa ematekorakoan ere, orduan sistemarik egokienaz baliaturik: merezimenduen lehiaketaz.

Ordua heldu da sistema trakets, okertzaile, ezin luzeago (urte bi gutxienez) eta garesti bati (bi milioi eurotik gora) buru emateko. Baina honetan ere atzera garamatza Bengoak. Honela ere ari gara PP-PSOEren borroka identitarioa ordaintzen, Sailburua eta Gobernua jitoan doazelarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo