ETBk «Menú Estress» saio berria hasiko du gaur gauean
Ibon Uzkudunen gidaritzapean, lau lehiakidek halabeharrez aukeratutako plater bat prestatu beharko dute denbora tarte zehatz batean. «Menú Estress» sukaldaritza zaleentzat derrigorrezko hitzordua izango da astelehen gauetan, 22.00ak aldera, ETB-2 katean.GARA | DONOSTIA
«Menú Estress» lehiaketan denbora errealean baloratuko da zein den sukaldaririk onena. Lau mailetan neurtuko dituzte indarrak: lehenengo platera, arraina, haragia eta postrea. «Estress» egoera bat baino gehiago biziko dute jakiak prestatzerakoan, kamerek, iluminazioak, epaimahaiaren presioak eta beste hainbat sorpresek eragindako urduritasun egoerak biziko baitituzte parte-hartzaileek.
Lehiakideak ere askotarikoak izango dira. Hala, sukaldaritza mundua gogoko duten gazteak zein elkarte eta txokoetara joan ohi diren pertsonak arituko dira lanean su artean. Aurkezpen bideo baten bidez erakutsiko du bakoitzak bere lana, familia eta hurbileko giroa.
Denok ezagutu eta noizbait prestatu ditugun errezetak egingo dituzte saioan. Besteak beste, legatza saltsa berdean, bakailaoa pi-pil erara, indabak eta euskal pastela.
Bestalde, gastronomia munduko bi adituk eta telebista, kultura eta kirol munduko zenbait pertsonaia ezagunek osatuko dute lehiaketaren epaimahaia. Guztien artean erabakiko dute zein den lehiakideek prestatutako plater gozoena. Epaimahaikide horien artean, Oscar Terol umorista, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Goñi pilotariak, Jose Luis Korta arraunlaria, Julian Iantzi telebista aurkezlea, Gurutze Beitia eta Loli Astoreka aktoreak eta Kepa Junkera musikaria izango dira. Guztien artean erabaki beharko dute zein den sukaldaririk onena.
Hamalau saioren ostean, kategoria bakoitzean puntu gehien lortutako parte-hartzaileek finalerako txartela eskuratuko dute. Bide batez, 3.000 euro irabazteko aukera ere bereganatuko dute.
«Menú Estress» gaur gauean hasiko da eta 1968. urtean sortu zen Eibarko Bomba elkartean grabatuko da herriko denda askoren babesa lortu ostean.