GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Bego Bitorika | Sortzen-Ikasbatuaz

Celaa anderearen erdi egiak (gezurrak)

Gu ere «trilinguismoaren» aldekoak gara; are eta gehiago, eleaniztasunaren aldekoak, baina «euskaldun eleanitzak» sortzearen aldekoak, beti ere euskaratik abiatuta beste hizkuntza batzuk ikasiz, hirueletasuna ez baita hiru hizkuntzaren batuketa hutsa

Oraingoan ere, Celaa andereak Hezkuntza Marko Hirueledunaren inguruko informazioa helarazterakoan erdi egiak kontatu ditu; gu engainatu nahian ari da berriz ere. Lakuako Hezkuntza sailburuaren arabera, dena izugarri polita da. Oso arrakastatsua izaten ari da proiektua eta harekiko hezkuntza komunitateak duen irudia eta harrera.

Bai anderea, nik ere ile urdinik ez dudala esan dezaket, baina tindatzen dudala aipatzen ez badut, gezurretan ari naiz, ezta?

Celaaren esanetan, kritikak izan baditu ere, «egundoko erantzuna» jaso du eskoletan proiektuak, eta bertan parte hartzeko eskaria handia izan omen da.

Ikasturte honetan esperimentu horretan parte hartzen duten ikastetxeak 40 dira. Hurrengo ikasturterako beste 78 ikastetxek hartuko dute parte. EAEko sare publikoetako %11 baino ez da sartu proiektuan.

Baina zenbakiez hitz egin beharrean, 45 horiek lortzeko Gasteizko Hezkuntza Sailak egin beharrekoak azalduko ditugu.

2011 hasieran, iazko ikasturtean abiatutako esperientzia zabaldu nahi izan zuen, baina irailean izan zituen arazo berberekin topatu zen: ikastetxeek ez zioten espero zuen erantzunik eman. Beraz, beraien «proiektu izarra» saltzeko azpijoko bat asmatu zuten. Taldeka biltzen hasi ziren ikastetxeekin, eskaintza bereziak eginez: irakasle eta baliabide gehiago izango lituzkete, eta proiektuaren betebeharrak malguagoak izango lirateke.

Ikastetxeetan ikasturte zaila izan dute, irakasleen eta ordezkapenen murrizketa ikaragarriekin, eta bazekiten alde horretatik batzuk erakarriko zituztela.

Celaaren esanetan, oso proiektu arrakastatsua da eta euskal gizartearen babes zabala omen du. Arrakastatsua? Sare publikotik 45 ikastetxe sartu direla? 118tik erdia kontzertatuak dira, eta gogoratu behar da negoziazio berezi bat egin dutela eurekin. Zein da babes zabal hori, berak onartu duen legez, irakaskuntzako gehiengo sindikala, eragile ugari eta abar kontra badaude?

Sartu ez direnak «errezeloekin» jarraitzen dutelako da, euskararen aurka doalako argi dutelako; eta oraindik ere ikasle elebidunak lortzen ez baditugu, nola lortuko ditugu, bada, euskararen irakaskuntzari orduak kenduz?

Sailburuak gurasoek ingelesa gero eta gehiago eskatzen dutela dio, baina gurasoek, aurten ere, D ereduaren alde egin dute.

D ereduaren hautuaz hitz egiterakoan, aurrematrikulazio kanpainan bi urteko haurren gurasoei Hezkuntza Sailak bidalitako eskutitza kontuan hartu behar dugu. Bertan, betiko A, B eta D ereduez gain, eredu hirueledun berria ere aukera zezaketela esaten zitzaien.

Gu ere «trilinguismoaren» aldekoak gara; are eta gehiago, eleaniztasunaren aldekoak, baina «euskaldun eleanitzak» sortzearen aldekoak, beti ere euskaratik abiatuta beste hizkuntza batzuk ikasiz, hirueletasuna ez baita hiru hizkuntzaren batuketa hutsa.

Ingelesa ikasteko aitzakiarekin, euskara baztertu nahi dute. Gurasoen aurrean ingelesa «bonboi» moduan erabiltzen ari dira. Hala ere, ingelesaren maila ez da asko aldenduko oraingo D eredukotik.

Bukatzeko, egungo hezkuntza sistema prest omen dago, Celaaren ustez, euskararen ezagutzan eta elebitasunean sendotzen jarraitzeko eta, aldi berean, atzerriko hizkuntza batean sakontzeko.

Berriro ere datuak gogoratu behar al ditugu? Gaur egun A ereduak ez du euskalduntzen, eta B ereduak ikasgaien erdia euskaraz eskainiz, ikasleen %33a baino ez du euskalduntzen. D ereduan ere kasu guzti-guztietan ez da bermatzen euskara ezagutzea.

Ikerketen arabera, frogatuta geratu da, Euskal Herrian ematen den egoera diglosikoan, euskarazko murgiltze eredu batek lor ditzakeela soilik helburu hauek; alegia, euskaraz bizitzeko gaitasuna, gainerako hizkuntzetan komunikatzeko gaitasunarekin batera.

Celaa anderea, mesedez, gezurrik ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo