Garbiñe Petriati | Behatokiko zuzendaria
«Eskubideen Deklarazioak bultzada berria behar du»
Hamar urte bete berri ditu Behatokiak eta hamabost Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsalak. Bi urteurren horiek ospatzeko, hizkuntza gutxituen normalkuntzan ari diren adituak bilduko ditu Donostiako Miramar jauregian bihar eta etzi, «Hizkuntz eskubideen aitortzarako, bermerako eta defentsarako estrategiak» izeneko nazioarteko sinposioan.
Martxelo DIAZ |
Donostiako Miramar jauregian hizkuntza gutxiagotuen normalkuntzan aritzen diren adituak bilduko dira bihar eta etzi, Behatokiak antolatu duen nazioarteko sinposioan.
Behatokiaren hamargarren urteurrenarekin eta Hizkuntz Eskubideen Deklarazioaren hamabosgarrenarekin batera, nazioarteko sinposioa antolatu duzue Donostian. Zer dela eta?
Orain dela hamabost urte Gobernuz Kanpoko hainbat Erakunde, PEN talde eta aditu bildu ziren Bartzelonan, eta Unescoren laguntzarekin, Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu zuten. Bi urteko ezta baidaren ondotik adostu zuten adierazpena, eta ekarpen garrantzitsu bat egin zuen horrek. Ez ditu estatuak oinarritzat hartzen, hizkuntz komunitateak baizik. Historian zehar lur eremu zehatz batean kokatu -lur eremu hori errekonozitua egon edo ez-, eta bere burua herritzat daukan eta hizkuntza komun bat garatu duen komunitatea hartzen du oinarritzat.
Hortik abiatuta, munduan diren hizkuntza ez ofizialak edo gutxiagotuak errekonozitzen ditu. Definizio hori eta arloz arlo deklarazio horrek zehazten dituen eskubideak funtsezkoak direla uste dugu, gurea bezalako egoeran dauden hizkuntzen biziraupen eta garapenerako. Orain dela hamabost urte Bartzelonan gertatu zen hori garrantzitsua dela uste dugu, oinarri sendo bat jartzen duelako. Behatokiak Bartzelonan adostu ziren printzipioetan oinarritu du hamar urteotako lana.
Bi gertaera horien karietara, beharrezkotzat jo dugu Bartzelonako deklarazio horri bultzada ematea, ze egin beharreko bidea eta hasierako helburuak ez ditu bete. Deklarazio horrek ez du izan uste zen garapena. Bultzada emateko asmoarekin antolatu dugu sinposioa.
Deklarazioak bete ez dituen helburu horietan, Euskal Herriaren kasuan, ofizialtasuna hizkuntz eremu osoan bermatzea al dago?
Herritarrenganako berdintasun printzipioa ez da betetzen Euskal Herri osoan, euskararen eremuan alegia. Herritarrek eskubide batzuk aitortuak dituzte toki batzuetan, beste batzuetan beste eskubide batzuk dituzte onartuak eta beste batzuetan bat ere ez. Euskal herritarrak bizi den tokiaren arabera ditu aitortuak hizkuntz eskubideak. Eta hori, egia esan, beste edozein eskubiderekin ez genuke onartuko edo ulertuko. Osasun edo etxebizitza eskubidearekin ez genuke ulertuko. Ba, euskararekin, gertatzen da. Deklarazioak egiten duen ekarpen nagusietako bat hori da, hizkuntz komunitatea aintzat hartzea eta ez hainbeste estatuaren egitura.
Euskal Herri osoan benetako ofizialtasuna lortzeko proposamen zehatzik ba al dago aurreikusita?
Deklarazioa gizarte zibilaren ekarpen bat da, gobernuz kanpoko taldeek egiten duten ekarpen bat. Gero, erakundeen eskuetan utzi zuten hori, dekla- razioa oinarritzat hartuta, helburu zehatz bati begira ibilbidea egiteko, hizkuntza guztietako hiztun guztiek berezko hizkuntzan bizitzeko eskubidea dutela adieraztea. Hori egikaritu, praktikara eraman eta eskubide hori bermatu, erakunde publikoek egin behar dute.
Beharrezkotzat jotzen al duzue Euskal Herriko jendarteak Hizkuntz Eskubideen Deklarazioa berea egitea?
Hamar urteotan gure lana egiteko horretan oinarritu gara. Behatokiaren lan ildo bat hori izan da, hizkuntz eskubidearen pertzepzioa eta kontzepzioa jendartean zabaltzea. Eskubidea denok dugula zabaldu dugu. Aitorturik izan edo ez. Hala dago onarturik Espainiako Konstituzioan, Euskal Autonomia Erkidegoko Euskararen Legean, Nafarroako «Vascuencearen Le- gean»... Euskara hemengo berezko hizkuntza dela. Beraz, gurea den hizkuntza horretan bizitzeko eskubidea dugu. Eskubide hori legez onarturik izan edo ez. Guk, lan egiteko orduan, berdin-berdin jokatu dugu Urruñako herritar batek helarazi digun kexarekin edo Tolosako batekin edo Tafallako batekin; gure iritziz, euskaraz bizitzeko eskubide bera dutelako hiru toki horietako herritarrek.
Donostiakoa nazioarteko sinposioa izanda, euskararen kasuaz gain, beste hizkuntzen egoera ere aztertuko duzue.
Alde batetik, hizkuntz eskubideen definizioan sakonduko da. Ondotik, NBE eta Europako Kontseiluak hizkuntza gutxiagotuei eta zehazki euskarari zer-nolako babesa eskaini dioten edo eskain diezaieketen aztertuko da. Hizkuntz Eskubideen Deklarazioaren bultzatzaile izan ziren erakundeetako ordezkariek dokumentu horren sorrera eta izan duen bilakaera eta garapena aztertuko dute. Bigarren egunean, hizkuntza gutxiagotuen normalizaziorako lanean ari diren Europako ordezkariak izango ditugu, egin dituzten ekarpenak ezagutarazteko. Galiziarrak, okzitaniarrak, bretoiak eta kataluniarrak eta balearrak izango ditugu gure artean.
«Deklarazioaren ekarpen nagusietakoa da hizkuntz komunitatea hartzen duela oinarritzat, ez Estatua»
«Hizkuntz eskubideak denok ditugu, legeak aitorturik izan edo ez. Geurea dugun hizkuntzan bizitzeko eskubidea dugu»