GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

Plazarik plaza

Telesforo Monzonen gurdiari -gogoratzen?- norabide berean bultza egiteko ordua heldu da. Aurkakotasunean baino elkarrekikotasunean eraginez

Egia esan, kontu zaharra dugu demokraziarena. Antzinako demokrazia egoera historiko aldakorren emaitza izan bazen, egungoa -edo modernoa- aldiz, munduari buruzko ikuspuntu moralaren ondorio dateke, adituen arabera. Alabaina, demokraziaz hitz egiten dugunean jakinekoa da burura hauteskundeak etortzen zaizkigula. Ezagutzen dugun demokrazia formal hau horixe baino ez baita, hitz hutsala.

Bistan da elite politiko batek elikatutako sistema honek gehiago duela partitokraziatik, demokraziatik baino. Horren harira egituratu da, hain zuzen, M-15 mugimendu anitza, besteak beste, egungo sistema salatu eta demokrazia parte hartzaileago bat eskatuz. Eta salaketa horren egiteko plaza dute aukeratu haserretuek, plazak garai bateko agoraren traza hartu baitu, milaka pertsonaz betetako Tahrir plaza erreboltarien erdigune bihurtu zenetik.

Eta tximeleta efektua plazarik plaza dabil, Puerta del Soletik Plaça Catalunyara, Atenasko Sintagma plazatik Pariseko Bastillara; Bruselan «Iraultzaren Plaza» izendatu dute kanpalekua, gurean ere izan da oihartzunik... Baina Madrilgo Puerta del Sol ez da Tahrir plaza. Espainia Grezia ez den bezala. Haserretzeko motiboak eta arrazoiak funtsean berdinak izan arren, -eta duen balioa gutxietsi gabe- Spanish revolution-ek (barka nire eszeptizismoa) ez du udaberri berririk ekarriko edo Mai 68 gaindituko, frantziar komunikabide zenbaitek iradoki bezala. Kalera ateratzea ez eze, garrantzitsua delako ere jakitea zein norabide hartu behar den nahiz konprometitzea, Stephane Hessel «Haserretu zaitezte» liburuaren egileak esan bezala.

Plazak, nioen, sinbolismo handia hartu du, biltzeko, aldarrikatzeko zein komunikatzeko erdigune bihurtu baita. Batzen duen lekua da, plaza mundua baita, mundu bat bildu baita gurean Bilduren atzean. Horregatik, Bildu da, orain, gure plaza berria, aldaketa dakarren abiaburua. Jakina, demokraziaren laudatzailerik handienak ipurdi bistan gelditu diren honetan, Bilduren gaitasun demokratikoa ezbaian jarri dute, demokraziaren arauek oso bestelako emaitzak eman dituztelako. Bildu izan baita indar metaketa bidez, mundua dantzan jarri duena.

Plazak eta plazak daudela esan dut arestian eta, gure kasuan, zilegi bekit udaberriaren metafora erabiltzea, nahiz eta jakin Bilduk bakarrik ez duela udaberria egiten. Ildo horretan, politikakeriaz eta alderdikeriaz haratago (nahiz siglen batuketaz haratago) herriaren garaia dela esango nuke, eskubide gabeturik egon den herritarren garaia; politika egiteko eredu berrien garaia. Telesforo Monzonen gurdiari -gogoratzen?- norabide berean bultza egiteko ordua heldu da. Aurkakotasunean baino elkarrekikotasunean eraginez.

Azken buruan, aritmetika hutsen gainetik eta kontraesanak gaindituz geroa geurea izan dadin borrokatzen duen ororen garaia dela uste dut.

Ez dut gogoratzen nork. Politikariek hurrengo hauteskundeei begiratzen dietela esan zuen, estadistak, berriz, herritarren etorkizunari.

Plaza batentzat askatasuna ez dela izen txarra begitandu zait.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo