GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kosciusko-Morizet ministroak AHT linea beharrezkoa den jakiteko ikerketa abiatu du

Europak uraren kalitatearen inguruan 2015rako finkatu dituen arau zorrotz berriei begira, Estatu frantsesean 2009an ziurtagiri bat jarri zen martxan. Garai horretan herri gutxi batzuek heldu zioten egitasmo horri, eta horietariko bat izan zen Biarritz. Atzo, Nathalie Kosciusko-Morizet Inguramen ministroak Lapurdira bisita egin zuen eta bertan AHT linea berriaren inguruan RFFk aurkeztu aurreikuspenak egiaztatzeko ikerketa egin dadin eskatu duela esan zuen.

p017_f01.jpg

Ainize BUTRON |

Estatu frantsesean iragatekotan diren itsasoaren inguruko jardunaldien karietara, Estatu frantseseko Ingurumen eta Garapen Iraunkorrerako ministro Nathalie Kosciusko-Morizet Biarritzen izan zen atzo.

2015ean Europa mailan uraren kalitatea hobetzeko indarrean jarriko diren arau berriekin bat egiteko, 2009an ziurtagiri bat jarri zuten martxan Estatu frantseseko hainbat hiritan, Biarritzen kasu. Hala, uraren kalitatea hobetzeko abiatutako behatze sistemak eta ziurtagiri berriak goraipatzea xede izan zuen atzo ministroak, eta, horretan Lapurdiko hiria aitzindari izan dela goraipatu zuen.

Bestalde, bertako gai nagusietako bati buruz ere mintzatu zen Kosciusko-Morizet. Kazetariek horren inguruan galdeginda, agintaria Lapurdi zeharkatuko duen AHT tren linea berriaz mintzatu zen, eta, proiektuaren gainean beste ikerketa bat egitea eskatu duela erran zuen.

Ikerketa horren bitartez AHT linea berria benetan beharrezkoa den argitu nahi du ministroak. «RFFk dioen bezala, egungo linea saturaziora iritsiko den aztertzeko eta horrekin proiektu hori beharrezkoa den ala ez egiazta dezaten eskatu diet Ministerioko ingeniari nagusiei», adierazi zuen. Ikerketa hori ekainean kaleratzekotan dira, eta emaitza izandakoan Akitaniako hautetsiei zuzenean aurkeztua izanen zaiela nabarmendu zuen ministroak.

Surfriderren gutuna

Uraren kalitatea hobetzeko plantan jarritako sistema eta ziurtagiria hondartza guztietara zabaldu aurretik, herriei epe batez parte hartzea proposatu zietela nabarmendu zuen Kosciusko-Morizetek. 28 herrik parte hartu dute saioan, eta Biarritz da horietariko bat.

Horrenbestez, Europako arau berriak zorrotzagoak izanen direla argitu zuen ministroak. Orain arte ez bezala, mikrobiologia arloan azterketa zehatzagoak eginen dira, eta uraren kalitatea urtean hainbat aldiz neurtzea derrigorrezkoa izanen da, besteak beste.

Elkarteek egiten duten lana azpimarratze aldera, Surfrider fundazioak azken bi hamarkadetan hondartza garbiagoak izateko eta uraren kalitatea hobetzeko eginiko ahalegina laudatu zuen ministroak elkartearen erakusketa bisitatuta.

Surfrider-ko kideek ministroari gutun bat emateko baliatu zuten bisita. Bertan, frantses Gobernuari, uraren kalitateari dagokionez, Europako araua baino urrunago joan dadin eskatu zioten.

Getariako Herriko Etxeak itsas bazterren babesteko egin duen bost milioi euroko inbertsioa eredutzat hartu zuen elkarteak. Bainatzeko uretan egiten diren kontrolak itsas jardue- retarako guneetan ere egin daitezen galdegiten dute. Surfrider elkarteak hondartza batzuk Europako zerrenda ofizialetatik atera izana salatu dute. Herri batzuek prozedura ilegal hori erabiltzen dute euren hondartzak ur kalitate txarreko gune gisa sailkatuak izan ez daitezen.

Itsas jardunaldiak

Itsas jardunaldiak ekainaren 8tik 13ra izanen dira. Estatu frantsesa munduko bigarren itsas potentzia dela nabarmendu zuen Kosciusko-Morizetek. Jardunaldi horiekin itsasoa goraipatu eta herritarrei hobekiago ezagutarazi nahi diete.

Itsas parkeak

Estatu frantsesean itsas parke naturalen finkapenean «atzerapen handia» dutela onartu zuen Ingurumen ministroak. Dagoeneko bi baizik ez daude, eta 2013 bitartean beste sei sortu nahi ditu Gobernuak.

«Gizarteak hartza sartzeko erabakia onartzea zaila zen»

Berriki, Pirinioetan hartza ez sartzea erabaki zuen Gobernu frantsesak. Erabaki horren berri emateaz gain, arrazoia ere azaldu zuen Nathalie Kosciusko-Morizet Ingurumen ministroak. Erran zuenez, aurten herritarrek sartze hori onartzea zaila dela iritzita egin zuten hautu horren alde. Bereziki laborarien aldetik zegoen aurkakotasuna, ministroaren hitzetan. Izan ere, aurten Estatu frantseseko hirurogei bat departamenduk lehortea pairatzen dutela-eta, hartza sartuta arazo bat gehituko zutela esan zuen. «Hainbat arrazoi dira sartzea ez egiteko, baina, nagusia laborariek gaur egun lehortea dela medio arazo ugari dituztela da. Argi zen laborariek gaizki hartuko zutela arazo bat gehitzea, arazo nagusi bati aurre egin behar diotela jakinda», berretsi zuen Ingurumen ministroak.

Halere, Kosciusko-Morizetek argi utzi zuen aurtengo erabakiak ez duela esan nahi Pirinioetan hartza sartzeko ekimena bertan behera uzten dutenik. «Aurten ez dugu egin. Helburua ekimen hori abiatu dugunetik hartz populazioa bideragarri mantentzea zen. Horiek nazioartean finkatu diren helburuak dira, eta horiekin jarraituko dugu», bukatu zuen. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo