GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ITXIALDIA IBAETAKO CAMPUSEAN

«Gazte 1 + ez» ekimena aste osorako ekintzekin dator

Atzo hasi eta larunbatera bitartean, gazte independentistak itxialdian dira Donostiako Ibaietako campusean. Aste osorako ekintza ugari prestatu dituzte, besteak beste, hainbat hitzaldi. «Gazte 1 + ez» ekimeneko kideek «herritarren erantzuna» lortzea dute helburu; 2007az geroztik 250 gazte baino gehiago atxilotu dituztela salatu zuten. Horren haritik, datozen hilabeteetan beste hainbat gaztek epailearen aurretik pasatu beharko dutela gogorarazi zuten.

p006_f01_250x116.jpg

Ana ABARIZKETA | DONOSTIA

Euskal Herriko gazte independentistek ekimen sorta jarri dute martxan beste behin ere; oraingoan, «Gazte 1 + ez» plataformaren eskutik. Atzo hasi eta aste osoan itxialdian izango dira Donostiako Ibaetako campusean.

Atzoko agerraldian ekimen honen zergatiak eta helburuak plazaratu zituzten: «Gazte orok pairatzen dugun errepresio basatia eta gazteok bizi dugun kriminalizazio honen aurrean herritarren erantzuna eta babesa lortzea behar-beharrezkoa da».

Goizeko agerraldian gai honen inguruko datu zehatzak ere eman zituzten, esaterako, 2007tik gaur arte 250 gazte baino gehiago atxilotu dituztela oroitarazi zuten, «horietako gehien-gehienak torturatu eta espetxeratu» egin dituztela gaineratuta.

Horretaz gain, hil honetan bertan makina bat euskal gazte epaituko dituztela nabarmendu zuten. Zehazki, Algortako hamaika gazte epaituko dituzte Madrilen; eta beste lau Ipar Euskal herritar, Parisen.

Hala eta guztiz ere, ez dira horiek epaiketa bakarrak izango, uztailean Oiartzungo eta Errenteriako 22 gaztek hartu beharko baitute Madrilerako bidea, eta urrian, Iruñerriko beste hainbatek. Epaiketa horiez guztiez gain, Barakaldo, Donostia eta Markina-Xemeingo beste hogei gazte epaileen sententzia jaso eta espetxeratuak izateko arriskuan daudela ere jakinarazi zuten.

Epaiketa horien zain, edo sententzia edota espetxeratua izateko arriskuan dauden gazte horietako batzuk «Gazte 1 + Ez» egitasmoko kideak dira eta aste osoko itxialdian parte hartzen ari dira. Itxialdian batez beste hamabost gaztek hartuko dute parte, horietako batzuk txandakatuz arituko baitira.

Era berean, azken urteetan euskal gazteriak jasandakoak ere oroitarazi zituzten. Alde horretatik, «herri justu eta aske baten alde lan egiteagatik» espainiar eta frantziar estatuek euskal gazteria «suntsitzeko» era guztietako «trikimailuak» erabili dituztela salatu zuten. Horien aurkako erantzuna, maiz, atxilotzeekin, espetxeratzeekin eta torturarekin ordaindu behar izan dutela gaineratu zuten.

Horretaz gain, isunak, jazarpena, kolaboratzeko eskaerak edota jipoiak ere «euskal gazteriaren egunerokotasuna direla azaldu zuten. Eta espainiar eta frantziar estatuen nahia Euskal Herriaren etorkizuna zapuztea dela. Horrexegatik, hain justu, euren hitzetan, guztioi dagokigu «tamainako erantzuna» ematea. Beraz, gazte, heldu, emakume nahiz gizon, itxialdian zehar egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera dei egin zieten herritar guztiei.

Hamaika ekintza asterako

Itxialdiari hasiera eman bezain laster ekin zioten lanari gazteek atzo goizean. Izan ere, aste osoan mobilizazioak eta hitzaldiak uztartzeko asmoa dute. Atzo bertan Donostiako Egia auzoko epaitegiaren aurrean kontzentrazioa egiteko asmoa zuten.

Gaurko, berriz, torturaren inguruko hitzaldia dute iragarrita. Filosofia fakultatean izango da hori, 17.00etan. Hizlariak Torturaren Aurkako Taldeko psikologo bat eta egitasmoa martxan jarri duten gazteetako bat izango dira.

Hurrengo egunean, PSOEren Donostiako egoitzaren atarian elkarretaratzea egingo dute, eta ostegunean nazioartearen inguruko hitzaldia dute prestatua. Ostiralean, berriz, Martuteneko espetxean mobilizazioa egitea dute aurreikusita.

Larunbatean, itxialdiari amaiera emateko, ekitaldia nazionala egingo dute Usurbilen, 18.30ean. Horren ondotik, Esne Beltza, Vendetta, Ze Esatek, Kaotiko eta Betagarri musika tal- deek emango diete amaiera aste osoko ekintzei.

EPAIKETAK

Hil honetan bertan, baita datozenetan ere, Madrilen eta Parisen euskal gazteriaren aurkako epaiketak izango direla gogorarazi zuten. Ekainean bertan, Algortako hamaika gazte eta Ipar Euskal Herriko beste lau epaituko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo