GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Euskal gazteek badute mobilizatzeko motiborik, baita euskal gizarteak haiekin bat egiteko ere

Gazte 1 + ez» ekimenak deitutako mobilizazioei hasiera eman zieten atzo hainbat gazte independentistak, Ibaetako campuseko itxialdian parte hartuz. Euskal Herriko gazteek jasaten duten «errepresio basatia» salatu zuten, eta ez da gehiegikeria estatu espainolaren eta frantsesaren dinamikari errepresio basatia esatea, gazte horiek eman zituzten datuek argi uzten dutenez: 2007tik 250etik gora gazte atxilotu dituzte; horietatik gehienek torturak salatu dituzte eta kartzelatuak izan dira; ikaragarria da gazte horiek dagoeneko behin-behineko kartzelan bete duten urte kopurua; are ikaragarriagoa epaitutakoan ezar liezaieketena; izan ere, hil honetan Hego Euskal Herriko 11 gazte eta Ipar Euskal Herriko beste lau epaituko dituzte, datorren hilean beste 22, urrian beste asko, eta dagoeneko beste zenbait Auzitegi Goren espainolaren ebazpenaren zain daude... Euskal gazteriak baditu, beraz, itxialdiak eta bestelako mobilizazioak egiteko nahiko motibo. Baina euskal gizarteak ere badu haiekin bat egiteko motiborik: bere gazteria horrela zigortzen duen dinamika geraraztea, gazte horiek jasaten ari diren bidegabekeriak lehenbailehen bukatu eta aurrerantzean horrelakorik gerta ez dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo