Harri-jasotzea Gorostidi Harria
Aimar Irigoien besteen gainetik agertu da berriz ere
Harri-jasotzaile errezildarrak aise irabazi zuen Adunan jokatutako lehiaketa. Bigarren postuan sailkatu zen Beliosori bost jasoaldiren aldea kendu zion.
Jon LEUNDA
Ez zen ezusterik izan herenegun Adunan jokatu zen Gorostidi Harria txapelketan, eta, aurrez iragartzen zen bezalaxe, Aimar Irigoienek irabazi zuen lehiaketa.
138 kiloko zilindro zaharra erabili zuen kirolari bakoitzak, eta lanerako bost minutuko txanda izan zuten. Gazteak izan ziren protagonista eta hori, dudarik gabe, berri ona da. Irigoien bera, nahiz eta azken urte hauetan jaun eta jabe den, oso gaztea da oraindik. Bigarren Belioso izan zen, eta Gipuzkoako Txapelketan emandako itxura bikaina berretsi zuen. Berririk politena, Telleria IV.ak eman zuen, ordea, 15 urteko gazteak sei aldiz jaso baitzuen harria.
Irabazlea Irigoien izan zen 31 jasoaldirekin. Bigarren, Belioso 26rekin; hirugarren, Izeta III.a 21ekin; laugarren, Bertiz 19rekin; bosgarren, Urrutia 14rekin; eta azkena, Telleria IV.a 6rekin.
Aizkolariak
Mikel Larrañagak eta Jon Irazuk eman zituzten Gipuzkoako Bigarren Mailako Txapelketako kanporaketako ezusteak. Seguruenik ere, gutxik uste izango zuten beraiek finalean ikusiko zituenik, baina bai azpeitiarrak bai zizurkildarrak finalerako txartela eskuratu zuten. Herenegun goizean Beasainen eta arratsaldean Legorretan jokatu ziren bi kanporaketak. Lehenengoa Otañok bereganatu zuen eta bigarrena, Txapartegik, eta badirudi bi horiek izango direla txapela lortzeko faborito nagusiak.
Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituzten. Finala uztailaren 26an jokatuko da Mendaron, eta honako hauek dira sailkatu direnak: Otaño, Ugarteburu, Zaldua, Txapartegi, Larrañaga eta Irazu.
Goizean, Beasainen, Unai Otaño atera zen garaile. Ibarrakoak 8 minutu eta 18 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko, eta kanporaketa osoko denborarik onena berak egin zuen. Bigarren Ugarteburu sailkatu zen (10.10) eta hirugarren, Zaldua (10.25). Hirurak finalera. Atzetik hauek sailkatu ziren: Mugertza III.a (10.57), Alkizalete II.a (11.53), Agirre (12.25), Esnaola (12.27), Dorronsoro (13.03), Elorriaga (13.14) eta Jon Larrañaga (16.25).
Arratsaldeko denborarik onena, berriz, Luis Txapartegik egin zuen; 10 minutu eta 8 segundo behar izan zituen lanak burutzeko. Bigarren Mikel Larrañaga sailkatu zen (10.26) eta hirugarren Irazu (10.30). Hirurak finalera joango dira. Horien atzetik, honela geratu zen sailkapena: Mugertza I.a (11.29), Telletxea (11.41), Belauntzaran (15.24), Urteaga (15.50) eta Alkizalete I.a (16.02).
Segalariak
Azpeitian jokatu zen nazioarteko erako Euskal Herriko Ligako bigarren saioa, eta oraingoan Bixente Mitxelena izan zen garaile. 3.03 izan zen bere denbora eta bigarren, berriz, Joxe Gabirondo izan zen, bi segundora. Hirugarren Altzo sailkatu zen, 18 segundora. Sailkapen nagusian Gabirondo dago lehenengo postuan, Mitxelenarekin berdinduta, baina bien orain arteko denborak batuta, Gaztelukoarena hobea da, eta horrek ematen dio aurreneko postu hori.
Emakumezkoetan, Arrate Garin izan zen lehenengo Galarragaren eta Gerestaren aurretik. Sailkapen nagusian ere bera dago lehenengo. Gazteetan, Irati Astondoa nesketan eta Markel Maguregi mutiletan izan ziren onenak.
Legorretan jokatu zen Gipuzkoako Lasto-altxatze Txapelketa, eta Gotzon Arrietak erraz bereganatu zuen txapela. 45 kiloko lasto fardoarekin ahalik eta jasoaldi gehien ematea zen helburua, lurretik 7,50 metrora kokatutako txirrika batera. Kirolari bakoitzak 2 minutu izan zituen lanerako.
Irabazleak, Gotzon Arrietak, alegia, 19 jasoaldi eman zituen. Bigarren Andoni Agirreurreta sailkatu zen, 16 jasoaldirekin, eta hirugarren postuan, berriz, Pello Argaia, 16rekin. Laugarren eta azkeneko postuan Patxi Ituarte mutrikuarrak amaitu zuen, guztira 13 jasoaldi eman baitzituen. J.L.