GARA > Idatzia > Kultura

Ondarroatik mundura, euskal literatura ezagutarazi edo omentzeko hiru modu

Bilboko 41. Liburu Azokak ondarroarrak izan zituen atzo protagonista: Bostak Bat ikerketa taldeko Txomin Solabarrietak Urrezko Luma jaso zuen euskararen alde egin duen lan guztiagatik; Euskaltzaindiak XX. mendeko 23 euskal idazle goratzen dituen Gorka Aulestiaren «Escritores euskéricos contemporáneos» liburua aurkeztu zuen; eta Jon Kortazarrek Kirmen Uriberen ibilbidea aztertzen duen «Bitartean New York» kritika liburua plazaratu zuen.

p040_f01_97x128.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Bilboko Areatza ondarroarrek inbaditu zutela esan zuten atzo 41. Liburu Azokako arduradunek baina, inbaditu baino, konkistatu egin zutela esan daiteke. Aurkezpen karpa senide eta lagunez bete zen Txomin Solabarrieta omentzeko lehenbizi, eta Gorka Aulestiak idatzitako liburua eta Kirmen Uriberen literaturari buruz Jon Kortazarrek idatzitakoa ezagutzeko jarraian.

Bostak Bat ikerketa taldean euskararen alde egindako lanagatik jaso zuen Txomin Solabarrietak (Ondarroa, 1927) Urrezko Luma eta, zortzi hamarkadatik gora izanagatik ere, umore ederrarekin kontatu zuen bere biloba Julene ere konturatu dela atsedenik hartzeko asmorik ez duela: «Ordenagailu aurrean ikusten nau beti eta ate ondotik esan zuen behin: `Aitite lanean dago beti!'».

Luis Baraiazarra lagun eta Bostak Bat lan taldeko kidea arduratu zen atzo Txomin Solabarrietaren ibilbidea ezagutarazi eta goratzeaz. «Gure bideak banandu nahiz batu egiten dira. Gure kasuan, antzeko asmo, helburu eta jardueratan genbiltzanok, hau da, irakaskuntzan, gau-eskoletan, alfabetatze eta itzultzaile lanetan genbiltzanok, batu egin ginen eta premiazko arlo bat aurrean ikusirik, hari ekin genion gogotsu. Hiztegigintzaren arloa zen», azaldu zuen Baraiazarrak. «Aitzindariak ginelako kontzientziaz ekin genion lanari. Ez genekien noraino eramango gintuen bide hark, ezta noiz amaituko genuen geure ibilera ere. `Euskarazko hiztegia' argitaratu genuenez gero, 25 urte igaro dira, eta gu hemen gaude; bide hau oraindik luzea izan daiteke. Gu, honezkero, ekarpenik onenak eginak garela dirudi, baina arlo honetan oinordekoak izango ditugun esperantza dugu», erantsi zuen.

Euskara hutsezko edo definiziozko hiztegiak izan ziren talde honen lehenengo argitalpenak, eta gero, «hutsunea beteta ikustean», hiztegi elebidunetara jo zuten. Hiztegi hauek Adorez izeneko bilduman argitaratzen joan dira, azkenengo argitalpena joan den astean egin zuten gainera, «Euskal Hiztegia» (Adorez 13). «Izan ere, hau izan dugu beti gogoan: euskaldunei euskara lantzeko tresna egokiak eskaintzea eta hor unean-unean nabari ziren hutsuneak betetzea».

Bukatzeko, honela mintzatu zen Baraiazarra: «Ez dugu ahaztu behar Txomin Solabarrieta abadea dela eta eliza barruan nahiz kanpoan egin du ebanjelizatze-lana. Herrian eta herriko kulturan sartu-sartua egon da beti; guztiei on egiten, laguntzen. Euskara eta musika (kantua) izan ditu euskarririk sendoenak, eta hortik egin ditu bera ibili den leku guztietan ekarpenik onenak (...). Urrezko Luma hau izan dadila guk berarenganako sentitzen dugun esker onaren seinale».

XX. mendeko 23 eredu

Euskaltzaindiak Gorka Aulestiren (Ondarroa, 1932) «Escritores euskéricos contemporáneos» liburua aurkeztu zuen. Liburu mardula da, 423 orrialdekoa, eta bertan XX. mendeko 23 euskal idazle bildu ditu: hamaika gipuzkoar, zortzi bizkaitar eta lau ipar euskal herritar. «Beren lanak aztertzea litzateke egin geniezaiekeen gorazarrerik ederrena, idazle hauen izenak ahanzturaren ilunpetik argira ekarriz. Bidenabar, euskal literaturaren aurkako aurreiritziak hautsi izan nahirik, lau haizetara zabalduz gazteleraz eta ingelesez, euskaldunok badugula geure literatura, alegia, euskaraz idatzitako literatura», esan zuen.

Zazpi zati nagusitan banatu du bere lana. Mendearen hastapenetan, Resurreccion Maria Azkue, Domingo Agirre, Jose Manuel de Etxeita, Felipe Arrese Beitia, Evaristo Bustinza Kirikiño eta Jean Etxepare aipatu ditu. Gero etorriko ziren Oxobi edo Orixe, Jon Mirande, Gabriel Aresti, Xabier Lete, Juan Mari Lekuona, Bitoriano Gandiaga... Eta, bukatzeko, eleberri garaikidearen eredu, Bernardo Atxaga eta Ramon Saizarbitoria hartu ditu.

Kirmenen itsasontziak

Hirugarren ondarroar baten lana aztertu du Jon Kortazarrek (Mundaka, 1955) eta atzo aurkeztu zuen «Bitartean New York. Kirmen Uriberen literaturgintza» (Utriusque Vasconiae) kritika liburua, «aztertua» ondoan zuela. «Saiatu naiz liburuz liburu gauza ezberdinak egiten, zerbait esaten eta geure literaturari hauspoa ematen hemen eta kanpoan -esan zuen Uribek-. Ni ez nintzateke inor izango aurretik egon diren idazlerik gabe, euskal literaturako kide naiz eta ibai horretara doan isuria da nirea».

Kortazarren esanetan, Uriberen literaturak lotura handia dauka gaur egungo baliabideekin eta batez ere Internetekin. «Ezin da ulertu Ondarroa kontuan hartu barik, New York kontuan hartu barik, hain zuzen, globalizazioa kontuan hartu barik», esan zuen.

«Bar Puerto», «Bitartean heldu eskutik» eta «Bilbao-New York-Bilbao» aztertu ditu Kortazarrek eta azken nobela honen inguruan, «kritikari batek esan zuen laster hondoratzen zen potina zela. Ez dut hori inondik inora pentsatzen», esan zuen.

«Kirmen Uriberen literaturan itsasontzi mota asko eta asko agertzen dira -jarraitu zuen-. Agertzen dira paterak, etorkinei buruz hitz egiten duelako; agertzen dira potinak, haurtzaroari omen egiten zaiolako; agertzen dira igerilariak eta urpekariak, itsas azpia deskubritzerakoan pozik agertzen direnak edo laku helatuetan agertzen diren umeen aurpegiak gogoratuz irudi gogorrak emanez; agertzen da belauntzi handien isiltasuna eta argi distiratsuak gauean ematen duten sentsazio eta sentimentua; transatlantikoak, Bastida familia Ameriketara eramateko; motorrak, osabarekin arrantzan joateko; bapore handiak; eta, batez ere, aitaren barkua».

TXOMIN SOLABARRIETA

Bostak Bat taldean, hiztegigintzan aritu da batez ere. Abade, irakasle, itzultzaile... Bere ekarpena Urrezko Lumarekin saritu zuen Bilboko 41. Liburu Azokak.

«Mixi marriau/ katuak yan nau,/ aitak il nau/ amak yan nau/ arreba ponpoxak/ piztu nau»

Ezaguna da «Mitxitxi marriau» leloa, eta leku batean edo bertzean ezberdin erraten da. Begoña Durrutyk betidanik hala ezagutu du Arizkungo bere etxean: «Mitxitxi marriau / katuek jain hau / biher edo gaur / kor, kor, kor, kor / kor, kor, kor, kor». Haur txikia altzoan jarri, eskutxoak hartu eta solas horien erritmoan ferekatzen diote aurpegia. Jose Mari Satrustegik azaldu zuenez, «ipuin luze baten amaieraren hitzak dira. Egiptoko Osiris jainkoa bere arreba Isisek puskaka bildu, hil-zapian inguratu eta piztu zuenaren antzera, ahozko literaturan aurkitutako mito baten oihartzuna da. Haurra gaztarora aldatzen deneko adierazpen ederraren mezua darama haurtxoaren heriotzak».

Durrutyk ere, ipuinaren mamia errespetatzen ahaleginduz, bere istorioa sortu du. Bereak dira atzo Ereinek aurkeztutako «Mitxitxi marriau» album ederraren testuak eta irudiak. «Arras kontent» zegoen baztandarra, hasieran proiektua egitera ausartzen ez bazen ere, azkenean lortu egin duelako. Argitaletxe honek «Feli eta Filo» umorezko ipuina ere plazaratu zuen, Antton Kazabonen hitzak eta Jon Zabaletaren marrazkiak dituena. Idazleak kontatu zuenez, Felik eta Filok txikitatik dute harreman handia, gurpilak eta abiadura maite dituztelako biek: patinak, bizikleta, motorra, autoa... Bukaeran ere, 84 urterekin, zahar-etxetik gurpildun aulkiak lapurtu eta sekulako lasterketak egiten dituzte. 6-8 urteko haurrek «besterik gabe, barre egin dezaten osatu dute liburu «ganberro eta abenturero» hau.

Helduxeagoentzat da Ereinek aurkeztu zuen hirugarren liburua, «Giltza», iazko Lizardi sariaren irabazlea. Arrate Egaña idazleak eta Marimar Agirre marrazkilariak ez zuten etortzerik izan, baina argitaletxeko ordezkariek eman zuten istorioaren berri: 11 urteko mutiko bati etxeko giltza ematen diote gurasoek, eta hagitz kontent hartzen du berak, heldutasunaren seinale delako, askatasunerako bide. Baina gauzak ez dira berak espero bezalakoak eta etxeko atea giltza berriarekin irekitzean ezusteko galantak hartzen ditu. «Bestalde, gertatzen zaizkion kontu bitxietan sartzeko giltzarik gabe topatzen du bere burua...». Protagonistak hainbat gorabehera bizi ditu bere lagunekin -detektibe lanetan ere aritzen dira, auzoan lapur bat baitabil- eta gurasoen banaketa ere gainditzen du.

Ume txikietatik hasi eta irakurle helduetara. Andrea Camilleri siziliar idazle oparoaren «Gauaren usaina» aurkeztu zuten azkenik, Josu Zabaletak itzulia, Uzta Gorria sailaren barrenean. «Nobela poliziakoa da, eta niri nobela poliziakoak ez zaizkit batere gustatzen», baieztatuz hasi zuen Zabaletak hitzaldia. Eta jarraian lan hau ez dela ohiko polizia eleberria argitu zuen, «ezta gutxiago ere». Arazo handiak izan dituela ere aitortu zuen, Camilleriren idazkera dela-eta. Kontuan hartu behar da bi doktore tesi daudela egile honen itzulpenei buruz: «Erdi italieraz erdi sizilieraz idazten du, hori da bere berezitasuna». Bitxikeria bat: telebistan egindako elkarrizketa batean, kazetariak nola idazten zuen galdetu zion Camilleriri, eta honek ordenagailuarekin ongi moldatzen zela erantzun zion. «Baina petrala ere bada». «Zergatik?», kazetariak, zer erantzungo zion jakinda. «Idatzi ahala dena gorriz azpimarratzen didalako». Italierazko zuzentzailea jarri du itzultzaileak ere, zer dagoen italieraz eta zer sizilieraz jakin ahal izateko. Maider IANTZI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo