HAUTESKUNDEAK Perun
Benetako Peruk garaipena eman dio Humala hautagai subiranistari
Botoen %92 zenbatuta, ziurra zirudien atzo Gana Peru koalizioko Ollanta Humala ezkerreko hautagai subiranistaren garaipena, %XXko sostengua bildu baitzuen, bere aurkari Keiko Fujimorik jasotako %XXko babesaren ondoan. Azken urteetako politikarekin kaltetuenak izan diren sektoreen lorpentzat jo dute adituek, baina horientzat ez ezik, merkatuari begira ere agindu beharko du aurrerantzean Humalak.
GARA | LIMA
Hauteskundeetako inkestek argi zioten arren, asko ustekabean harrapatu ditu Peruko presidente berriaren deiturak. Norgehiagoka lehiatsua iragartzen zen igandean, Presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian, eta iragarpenek ez dute hutsik egin. Puntu bakarreko aldearekin, eta botoen %92 zenbatuta, Ollanta Humala subiranista izango da aurrerantzean Peruko estatuburua, %51,34ko sostengua jasota; gertu-gertutik jarraitu duen Keiko Fujimori gailentzea lortu du, beraz, botoen %48,66 bildu baititu bigarrenak. Oraindik zenbatzeko dauden botoek, Andeetako komunitateenek, Humalaren garaipena baieztatu besterik ez dutela egingo aurreikusten da.
Hortaz, pozarren jaso dituzte emaitzak bai hautagai subiranistak berak, baita bere jarraitzaileek ere. Azken horiek Limako Maiatzaren 2ko plazan zain egon ziren ordu luzez estatuburu berriak noiz hitz egingo, eta, hauteslekuak itxi eta zazpi bat ordura iritsi zen, emaztea -orain lehen dama dena- besotik hartuta. «Mila esker, anai-arreba maiteak», oihukatu zuen Humalak etenaldiak eginez.
Erronka eta lan handia du aurrean hautatutako presidente berriak, eta hain justu, eginbehar horiei erreferentzia eginez egin zituen jendaurrean bere lehen adierazpenak: «Ez dut politika atzerrira begira egiteko asmorik, ez dut gobernatzeko moduan ez alde batera ez bestera egiteko intentziorik. Hemen geratuko naiz, zuekin guztiokin, denentzat aukerak sortuko dituen sistema baten alde lanean», ziurtatu zuen. Begi guztiak agintari berriari begira zirela ondo aski zekiten Gana Peru koalizioko kideek, baita Humalak berak ere. Horregatik, bere jarraitzaileei ez ezik, azken asteetan lubakiaren beste muturrean izan direnei zuzenduta ere mintzatu zen estatuburua. «Badakigu gobernatzea ez dela pertsona bakar baten kontua. Ezaugarri tekniko independente eta intelektual onenak dituzten lagunak batu nahi ditugu, oinarri zabal eta sendoa duen taldea eratzeko, inor baztertua sentitu ez dadin eta guztiok ordezkatuta egon gaitezen», nabarmendu zuen. Eskua luzatu zien, hortaz, «Peru hobekiago baten alde» batasun nazionaleko gobernua osatu nahi dutenei: «Adostasunean, esperantzan eta aldaketan oinarritutako herrialde bat eratzera goaz», adierazi zuen.
Benetako Peru-ren lorpena
Humalaren garaipenak gauza asko esan nahi ditu, baina batik bat, herrialdean azken urteetan sektorerik kaltetuenak izan direnen, hots, Peruko barnealdeko -Amazoniako eta Andeetako- komunitateen mendekua iradokitzen dute, adituen irudiko. «Mendietatik hurbil bizi diren herrikideen, Amazoniako oihaneko etnien, eta, oro har, komunitate txiroenen garaipena da Humalak lortu duena -ziurtatu du Georges Lomne Andetar Ikerketen Institutuko zuzendariak-. Ezkerreko ikuspegia dutenen lorpena baino, funtseko eta egiazko Peru osatzen dutenen arrakasta da».
Aldaketa ekarriko duela hitzeman du subiranistak, eta hain zuzen, 2010ean lortutako %8,7ko hazkundearen banaketa egokia nola egiten duen ikusi beharko da. Sektoreen artean ezberdintasun ekonomiko handiena dagoen herrialdeetako bat da Peru; Andeetako nekazaritza eremuetan, esaterako, %60koa da langabezia tasa. Politika neoliberal horien biktima izan direnen ahotsa entzuteko bertutea izango da presidentearen arrakasta gidatuko duen lema, Luis Benavente unibertsitateko irakasleak dioenez: «Peruko eredu neoliberala akats askorekin zuzendu dute azken urteetan, sobera autoritarismorekin eta adostasunerako intentzio gutxirekin. Askatasun politikorako interes gutxi erakutsi du ekonomia eredu horrek, ez ditu zenbait sektore elkarrizketara batzeko eskaerak sumatu ere egin. Orain denbora bat ereindako uzta biltzera eraman ditu jite horrek», aipatu du, Fujimoriren ofizialismoa kritikatuz.
Alta, behin betiko emaitzen aldarrikapenaren zain, ez zuen hitzik edo baloraziorik egin Keiko Fujimorik; kasik ezinezkoa zirudienaren, mirariaren zain izan zen hautagai kontserbadorea azken unera arte. Humalak, ordea, ia-ia ziurra zuen garaipenaren aurrean, ez zuen hari hitz batzuk eskaintzeko betarik galdu: «Azken asteetako kanpainan lehiakide izan dudanari nire errespetu osoa helarazi nahi diot. Baina Peruko hauteskunde nazionalak irabazi ditugu, eta aurpegiratze guztien gainetik, serio gobernatzen hasteko ordua ailegatu da».
Adituek diote Peruko historia beltzenean agertzen den diktadorearen alaba izateak ez diola batere mesederik egin Fuerza 2011 taldeko hautagaiari. Keikok hamaika ahalegin egin ditu bere aitak, Alberto Fujimorik, bere gain utzitako penitentziatik aldentzeko; baina, presidente zela (1990-2000) gerra krimenak egiteagatik jasotako 25 urteko kondena nahikoa motibo izan da diktadorearen alaba bigarren postura baztertzeko.
Humalak, gainera, aise jakin du jokaldi hori bere onerako baliatzen. Segurtatuta zuen hautesleen sostengua ez ezik, «fujimorismoak» barne eraman zezakeen giza eskubideen errespetuaren kalteari beldur ziotenen geriza ere bilatu du subiranistak, baita erdietsi ere.
Ekonomia merkatuari so
Alabaina, bada Humalak zuhurtziaz landu beharko duen eremu bat, datozen urteetan erdiestea ezinbestekoa izango duen nola edo halako aliantza bat. «Presidente berriak, babes soziala izateari begira, ez ditu soilik perutarrak konbentzitu behar, baita mundu ekonomikoa ere», dio Benaventek. Inbertitzaileen mehatxuak lausotu beharko ditu Humalak, hor baititu bere «arrisku» nagusiak; adituek diote, presidente kargua hartu eta segituan egin beharko liekeela imintzioren bat, «Ekonomia Ministerioa nork zuzenduko duen argitu», esaterako, horren bidez «sosega daitezen».
Alta, Humalak eman ditu aditzera bere ekonomia estrategia gidatuko duten zertzelada nagusiak nondik nora joko duten, atzerriko enpresen aurka ez, baina perutarren sustapenerako gobernatzeko asmoa duela azpimarratu baitu.
Badirudi, bederen, zenbait urtez Latinoamerikan nagusi izan diren indar inperialistak ez daudela aldarte oneko, Humalaren garaipenak aldaketa xume bat eragin baitu jokaleku geopolitikoan. Ikusteko dago hautetsi subiranistak zer-nolako politika jokatzen duen zentzu horretan.
Igandeko bozetan 19,9 milioi lagunek baliatu zuten botoa emateko eskubidea. Parte-hartzea handia izan dela-eta, hautesleei eskerrak eman zizkien Humalak.
Peruko Hauteskunde Batzorde Nazionalak igandean 240 gertaera jazo zirela eman zuen jakitera atzo, horietako 27 larritzat jotzen dituenak. Alta, horiek ez dutela azken emaitzan eraginik ere argitu dute.
Hainbat mandatarik ez zioten behin betiko datuen aldarrikapenari itxaron. Askok zoriondu zuten Humala garaipenagatik, horien artean, Evo Morales Boliviako presidenteak eta Alejandro Toledo Peruko presidente ohiak.
Gizakiaren aurkako krimenengatik, 25 urteko kondena betetzen ari da Alberto Fujimori diktadorea Diroes-ko polizia kuartelean. Omar Chehade presidenteordeak esan du, ordea, epe laburrean espetxe arrunt batera eramango dutela, egin zituen delituen tamainako zigorra jaso dezan. Antza minbizia duela-eta, oinarrizko eskubideak errespetatuko dizkiotela ere esan du Chehadek. GARA
«Hiesak minbizia garaitzea lortu du», egin zuen txantxa atzo Mario Vargas Llosa idazleak. Bi eritasun horiekin parekatu zituen bi hautagaiak duela aste batzuk, nahiz eta azkenerako hautagai subiranistaren aldeko botoa eskatu zuen.