GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA

Esaten ez den horren esanahiaren bila

Beste unibertsitate batzuen lan egiteko modua eredu hartu eta 90eko hamarkadaren hasieran mamitu zen Logika, Kognizio, Hizkuntza eta Informaziorako Institutua. Diziplinarteko lana dute oinarri eta hura baliatzen dute Hizkuntza Ekintza Gisa: Semantika, Pragmatika eta Erretorika taldean. Esan gabe esaten den horri helduta ari dira lanean.

p016_f01.jpg

Maider EIZMENDI

Pareta bat margotzen ari diren bi pertsonaren artean hitzik esan gabe ere bada komunikaziorik. Hari erreparatzen diote, besteak beste, EHUko Logika, Kognizio, Hizkuntza eta Informaziorako Institutuko hainbat ikerlarik, hain zuzen, Hizkuntza Ekintza Gisa: Semantika, Pragmatika eta Erretorika ikerketa taldekoek. «Mundu guztiak ez du onartuko, baina askok uste dugu komunikazioa gauzatzeko ez dela hizkuntzarik behar. Orain arte komunikazioaren eskema tradizionala igorleaz, hartzaileaz, mezuaz, kodeaz... mintzatu zaigu. Pragmatikak, ordea, hori gizakion arteko komunikazioaren parte bat dela dio, oso garrantzitsua, baina ez bakarra», azaldu du taldeko zuzendari Kepa Kortak. Inguruari erreparatzen diote eurek, testuinguruari: «Hiztunak erabiltzen dituen hitzak eta perpausak zer esan nahi duen jakiteko arrastoa dira; benetan esan nahi duena, bere asmoa, igarri egin behar da maiz».

elkarlanaren aberastasuna

Pertsonen arteko komunikazioaren zirrikituak aztertu nahi dituzte ikerlariok, hitzen esanahietatik harago, sakonera joanda, edota oharkabean geratzen diren detaile txikiei erreparatuta, filosofiatik, hizkuntzalaritzatik... Izan ere, talde hau, eta institutua oro har, ezerk ezaugarritzen badu, diziplinarteko elkarlanak egiten du.

Hori zen helburua, 1993an, lehen pausoak eman zituztenean, jada unibertsitate askotan jarduteko modu hori eredu zelako. Eurek Stanfordeko Unibertsitatean jarri zituzten begiak: «Haiek bazekiten ikerketa gai batzuk ezin zirela soilik diziplina bakar batetik egin, hainbat alorretako ikerlariak elkarlanean aritzea aberasgarria zela, eta horregatik, hizkuntza, ezagutza eta informazioaren transmisioa ikertzen filosofoak, konputazio zientzietako ikerlariak, psikologoak, matematikariak, hizkuntzalariak... ari ziren».

Han edan eta hemen sortu. Ikerketa institutu figurari heldu zioten, modu horretan «Estatu espainoleko unibertsitate sistemako arloen arteko bereizketari aurre egiteko». Egun lau sail bereizten dira institutuan: Hizkuntza eta Komunikazioa; Logika Saila; Zientzia Kognitiboak; eta Informazioa, Ekintza eta Antolaketa.

Elkarlanerako ildoak zehaztea ez zen samurra izan, besteak beste, diziplina ezberdinetan hiztegi bereziak erabiltzen dituztelako «edo hitz bati batean eta bestean egozten zaion esanahia desberdina delako». Zailtasun horiek gaindituta, ordea, Kortak euren ikerketa arlo zehatzean diziplinarteko lanari abantailak baino ez dizkio ikusten: «Filosofiaren ikuspegitik, beste alorretan aritzen diren ikerlariekin jarduteak, espekulazio hutsetik egiten den hausnarketa filosofikoak, harreman zuzena lortzen du praktika zientifikoarekin; espekulazioak, beraz, teoria zientifikoa posible egiten du; filosofiak, berriz, erabiltzen dituzten kontzeptu, teknika eta gaiek izan ditzaketen oinarrizko arazoen inguruan pentsarazten die gainerako arloei». Kasu zehatz honetan dio «filosofoak hizkuntzalari eta hizkuntzalariak filosofo» egiten dituela elkarlan horrek.

1993an modu informalean eta lehen hitzaldiaren bidez bidea abiatu zuen institutuak hausnarketa sakonak egin ditu, besteak beste, giza komunikazioaren alorrean. Hizkuntza Ekintza Gisa taldea da gai honetan buru-belarri ari dena. Taldearen izenak berak bere lanaren helburua eta abiapuntua laburbiltzen ditu; izan ere, hizkuntzari «gizakion ekintza den neurrian» begiratzen diote eta horretan, Kortak nabarmendu duenez, pragmatika oinarri hartzen dute. Hitzek beraiek huts-hutsean garrantzia dute, noski, komunikazioan, baina hitz horiek erabiltzean igorleak duen asmoak komunikazio ekintza bera baldintza dezake, eta, kasu askotan, esan gabeko horiek ere ulertzen ditu hartzaileak, testuinguruagatik. Hori da pragmatikaren funtsa. Ondoan, bi alboetara kokatzen zaizkio semantika, «esanahi hutsa, lortzerik bada» eta erretorika «gogo-egoerak aldatzeko, limurtzeko edo konbentzitzeko egindako diskurtsoa».

Bigarren zentzuan eta esan ez baina komunikatzen den horretan jarria dute arreta nagusia. Institutuan aritzen den Joana Garmendia ikerlariak, esaterako, ironiaren inguruan osatu zuen bere doktore tesia. «Ironia da pragmatikaren muturreko kasua, adibiderik garbiena akaso, esaten dena eta komunikatzen dena kontrajarriak-edo direlako», azaldu du Kortak; baina badira funtsean modu berean jardun eta oharkabean pasatzen diren komunikazio ekintzak. Adibidea jarri du Kortak: «Nik galdetzen badizut `noiz publikatuko da artikulu hau?', zuk erantzun dezakezu `denbora pixka bat emango dut hau prestatzen'. Esandakoa bistakoa da, edozein gauzak hartuko baitu denbora pixka bat; baina nik ez dut hori ulertu; ulertu dut nik espero dezakedana baino denbora gehiago emango duzula artikulua prestatzen. Ez duzu esan, baina nik ulertu dut».

Teknologia berrien ekarpenak

Testuinguruaren jabetzearen inguruan ere ari da jendea lanean, Kortaren hitzetan: «Oraindik ere arlo batzuetan adostasunik ez da, baina ikerketa batzuek azaldu dute haurrek literaltasunerako joera handiagoa dutela eta gauza bera gertatzen dela zahartzaroan buruko gaixotasunak dituzten pertsonekin. Nolabait txisteak egiteko eta ironia baliatzeko gaitasuna galdu egiten dela uste da». Bide honetan lan egiteko, besteak beste, teknologia berriek baliabide emankorrak eskaintzen dizkiete, eta neuropragmatika da, besteak beste, indar hartzen ari den arloa.

Arlo honetan, BCBL Kognizioa, Garuna eta Mintzaira Ikertzeko Euskal Zentroarekin lan egiteko moduak lantzen hasiak dira, biek dituzten interes- eta ikerketa-gai komunak finkatzen. Neuropragmatikaren antzera pragmatika esperimentala ere indarra hartzen ari da eta garrantzitsua da, esaterako, institutuko ikertzaile Larraitz Zubeldiaren doktore tesia, psikolinguisten metodoak jarri baititu pragmatikako teorien zerbitzura. «Gure teoriak enpirikoki kontrastatuko dituen modua izatea garrantzitsua da, balioa ematen baitio gure lanari, zuzen edo oker ari garen adierazten duelako».

Harago doa, baina, pragmatikaren balioa eta, bitxia dirudien arren, informatikariak ere ari dira alor honetan lanean, pertsonekin hitz egingo duten programak eta aplikazioak lantzeko. «Ez dute makinek metaforak ikas ditzaten nahi, baina komunikazioa baliagarria izateko, bigarren zentzua ulertzeko modua gauzatu behar da, gehienetan -zenbaiten ustez, beti- ez baitugu literalki hitz egiten.

Garai berri eta oparoei aurre egiteko prestatuta daude. Datozen hilabeteetan berrikuntza nagusietarikoa lekualdatzea izango dute, orain artean egoitza izan duten Asuncion Etxea uztekotan baitaude. Oraindik ere lekualdaketa noiz izango den ez badakite ere, aurrerantzean Ibaetako campusean eraiki duten liburutegiko egoitzan egingo diete lekua. Beste hitzordua, udazkenean egingo duten kongresua.

«Oinarrizko ikerketa libreak hiritarrak askeagoak egingo ditu»

Berehalako aplikazio zuzenera bideratu gabeko ikerketa librea aldarrikatzen du Kepa Kortak, jendearen beharretara eta ez lobby-en interesetara egokitzen dena. Ikerketa institutuan egiten den lanak badu, noski, aplikazioa, eta horri begira egiten dute lan, baina beren lanak gizartean isla izan dezan denbora behar dute. «Garrantzia izango duten aplikazioak lortzeko oinarri teoriko sendoa behar da, eta horretarako oinarrizko ikerketa».

Orokorrean aitortzen dio ikerketari eta ezagutzari garrantzia: «Hiritar jantziagoak, kritikoagoak eta parte hartzaileagoak izateko, ezagutza sustatu behar da; beharrezkoa da oinarrizko heziketa, eta horretarako, berriz, oinarrizko ikerketa librea, interes jakin batzuei zuzendu gabekoa». Bere ustez, oinarrizkoa da gizarteari ulertaraztea giza eta gizarte zientziek ere aplikazio interesgarriak dituztela, baina hori baino garrantzitsuagoa dela eskaintzeko duguna, ezagutzan oinarritutako zerbitzua eman dezakegula.

Berehalako aplikazio zehatzik ez duen ikerketak, baina, arazo gehiago izaten ditu finantziazioa lortzeko. «Irizpide ekonomikoak aipatzen dira aitzakia gisa, baina ez da kontuan hartzen giza eta gizarte zientzietan egiten den ikerketak ez duela inbertsio handirik eskatzen; guk ez dugu laborategi garestirik behar, jendea behar dugu eta hura erakartzeko beka interesgarriak», arrazoitu du; «baina hori ez da aintzat hartzen kontuak egiten direnean, enpresen interesak baizik».

Zentzu honetan, aitortu du Unibertsitateak ez diela behar adinako laguntza eta babesa ematen: «Ez dugu aurrekontu orokorrik, lokala, argia eta telefonoa pagatzeaz gainera; egoitzan dauden gauza gehienak institutuko ikerlariek deialdi publikoetan eta beste batzuekin lehiatuta lortutako diruarekin ordaindu dira: ordenagailuak, liburuak...». Horrek arlo honetan bertan lan egiten duten beste zentroekin desabantailan jartzen ditu, ezin baitituzte nahiko lituzketen ikerketa guztiak egin. M.E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo