GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Mikel Olano | Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinakundeko lehendakaria

Eskola txikiak, ikasleku handiak

Lurralde guztietako agintariek eskola hauen estatusa errekonozitu eta kontuan hartu behar dute. Hori da gure erronketako bat.

Globalizazio hitza modan dagoen honetan, denak hiri handi bat izan behar duela entzuten ari garen honetan, badirudi txikiek ez dugula lekurik. Guk, aldiz, gauzak beste era batean ikusten ditugu. Txikiak izanik ere, gure herri eta auzoek beren nortasuna daukate. Euskara, natura, baserri giroa eta beste hainbat balore herri txiki hauetan gordetzen ditugu, altxor preziatua bailiran. Aniztasunaren eredu ditugu.

Ez dugu handiagoak izan nahi, gure txikitasunean jarraitu nahi dugu, badakigulako horrek egiten gaituela handi. Normala den bezala, gure haurrak bertan hazi eta heztea nahi dugu. Helduok gure herriekiko izan dugun lotura beraiek ere izatea nahi dugu. Helburu hori lortu ahal izateko ezinbestekoak ditugu eskola txikiak.

Eskolak eta bere inguruko jarduerek herria bizi-bizia mantentzen dute, herriari arnasa ematen diote. Beste inon baino hobeto ikusten da eskola txikietan ikasleen arteko elkarlana, errespetua eta nola ikasten duten batak bestearengandik. Garbi dago eskola txiki hauek herri eta auzo txikietako bihotza direla.

Agintariek jakin behar dute herriaren alde lan egitea, besteak beste, eskola txiki hauei erabateko babesa ematea dela. Badakit dena ez dela arrosa kolorekoa eta bidean hainbat eta hainbat oztopo eta hartxintxar ditugula. Beste eskola ereduetan sortzen diren ika-mikak eta ezinegonak gurean ere sortzen dira. Horiek gainditzen ikasi behar dugu. Ikasi behar dugu horrelako ekintzak batasunean eta elkarlanean ateratzen direla aurrera. Kontuan izan behar ditugu agente sozial eta erakunde ezberdinak. Ez da soilik gurasoen lana. Ezinbestekoak dira irakasleria, hezkuntza komunitate osoa, udalak eta, nola ez, herritar guztiak. Denok sinetsi behar dugu proiektu honetan eta aurrera eraman ahal izateko denok gara beharrezko.

Helduok zortekoak izan gara eta lehen aipaturiko hainbat balore jaso ditugu gure herri txikiengandik. Guk ere egin dezagun zerbait gure ondorengoen alde. Bultza ditzagun eskola txikiak. Eskolaren alde lan egitea herriaren alde lan egitea da.

Beste lurraldeetako kideekin ere harremanak eta elkarlana bultzatu eta sendotu behar ditugu. Agian, hemen, Gipuzkoan, dago eskola txikien mugimendua hedatuen. Bertan Eskola txikietako guraso elkarte ezberdinak koordinakunde baten inguruan antolatuta gaude. Momentu honetan 27 eskola edo herri gara bertan. Aipaturiko koordinakundean eztabaidatzen dira eskola hauetan sortzen diren arazo nagusiak, eta konpontzen ahalegindu, komunitate ezberdinen iritziak kontuan hartuaz. Nahiz eta urte batzuk badiren horrela lan egiten ari garela, aipaturiko koordinakundeak gorpuzten joan behar du, zeregin berriak berreskuratzen, harreman berriak eraikitzen. Zentzu horretan, Araba, Bizkai eta Nafarroako eskola txikien egoera ezagutu eta beraiekin harremanak finkatu behar ditugu. Arabako Maeztu eskualdekoekin jadanik bildu gara. Gure egoera ezagutzen dute eta guk beraiena ere bai. Benetan eskertu ziguten gure berri eman izana, eta dagoeneko elkar lanerako konpromiso bat hitzartua dugu. Gurekin izango ditugu Abaltzisketan eskola txikien festan. Antzeko zerbait gertatzen da Bizkaiko Lemoizko eskola txikikoekin ere. Urteak daramatzate festa egunean gurera etortzen. Nafarroan ere badira eskola txikiak eta ez gutxi gainera, 78 zehazki. Hemen «landa eremuko eskola txikiak» izenez ezagutzen dituzte. Tamalez, datorren ikasturtean bat gutxiago izango da nafar Gobernuak Eratsungo eskola itxiko duelako.

Denon egoera antzekoa da, arazo berdintsuak ditugu eta ilusiorik eta lanerako gogorik ez zaigu falta. Lurralde guztietako agintariek eskola hauen estatusa errekonozitu eta kontuan hartu behar dute. Hori da gure erronketako bat. Datorren igandean, hilak 12, eskola txikien festa ospatuko da Abaltzisketan. Hogeita laugarren festa izango da. Bertako guraso, irakasle eta herritarrak buru-belarri aritu dira dena antolatzen. Herri txikientzat esfortzu handia da horrelako ekitaldi bat antolatzea. Baina gustura egiten da lan eskola txiki hauen, herri txiki hauen etorkizunaren alde egiten denean. Datorren igandean denok Abaltzisketan bildu behar dugu. Festa giroan gure eskola txikien izaera eta nortasuna aldarrikatu behar dugu; gure herri eta auzo txikien izaera eta nortasuna aldarrikatu behar dugu. Txindoki mendiaren magalean Txalburuak zain izango ditugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo