GARA > Idatzia > Mundua

Krisi nuklearrak eta dimisio eskaerek markatu dute Kanen urtebeteko agintaldia

Urte bete egin zuen atzo Naoto Kanek Japoniako gobernuburu eginkizunetan. Ez du agintaldi samurra izan, ordea. Bere berehalako dimisioaren zain dira oposizioko zein bere alderdi propioko zenbait kide. Hartu-emanetan ere hasi dira, batasun nazionaleko gobernua eratze aldera.

p022_f01_199X107.jpg

GARA | TOKIO

Ezin esan Naoto Kanek agintaldi samurra izan duenik. Urtebete egin zuen atzo lehen ministro karguan, eta, gezurra dirudien arren, azken bost urteetan eginkizun horretan denbora gehien eman duen gobernuburua da. Atakarik konplikatuena gainditzea, ordea, berari egokitu zaio segur aski, mundu mailan inoiz ezagutu den krisi nuklear larrienari egin behar izan baitio aurre. Eta ari da, oraindik ere, artean ez baitute Fukushima zentral nuklearra kontrolatzerik izan.

Martxoaren 11ko lurrikara eta tsunamiak eragindako hondamendia kudeatzen egindako lan kaskarra tarteko, Kanen onarpen maila inoiz baino baxuagoa da gaur-gaurkoz, eta etengabe jasotzen dituen dimisio eskakizunek ez diote burua altxatzen sobera laguntzen.

Aurreko astean, hain zuzen, bere agintaldiaren aurkako bigarren zentsura mozioari egin behar izan zion aurre. Alderdi Liberal Demokrataren iniziatibaz, herrialdeak bizi duen egoera tamalgarria konpontze aldera behar besteko lanik ez duela egin leporatu zioten Kani; bere gestioagatik kexu direnak, gainera, ez ditu oposizioko alderdi nagusian topatzen bakarrik. Izan ere, bere alderdiko, Alderdi Demokratako, zenbait diputaturen purrustadak ere aditu behar izan ditu.

Kanek berak badaki ez duela luzaro iraungo karguan. Horren erakusle, behin krisia egoki bideratuta dimisioa emateko prestutasuna erakutsi zuen zentsura mozioak aurrera egin ez zezan eta bere alderdikideak sosegatzeko.

Koalizio sendo bat

Gobernuburu eginkizunak noiz utziko dituen ez du argitu, dena dela, Kanek, eta bat baino gehiago urduritzen hasia da jada. «Aurkari» dituenak dimisioa berehalakoa izan dadila eskatu dute behin eta berriz, udaran sartu aurretik, baina ez dirudi gobernuburua horretan pentsatzen ari denik. Fukushima mendean hartzeko lanak urtarrilera arte luza litezkeela eman zuen aditzera duela ez asko, kargua ere orduan utziko zuela iradokiz. Haatik, oposizioko kideak zeharo sutu ditu adierazpen horrek; Berreraikuntzarako Oinarrizko Legea onartzen denerako izatea nahi dute eurek, alegia, datorren asterako, beranduenez.

Lege hori aurrera aterako den ez da ziurra, ordea, oposizioko Alderdi Liberal Demokrataren sostengua behar bailuke. Alde bateko zein besteko kideek ziurtatu dutenez, hartu-eman informaletan dihardute epe luzeko gobernu koalizio sendo bat eratzeko asmoz. «Japoniak, uneotan, bere etorkizuna modu seguru batean eta irmo gidatuko duen gobernu bat behar du. Hori batasun nazionaleko gobernu bat eratuz erdiets dezakegu soilik», segurtatu du Hiromasa Yonekura liberal-demokratak.

Horri forma ematen dioten bitartean, Kanek badu eskuartean konpondu beharreko konturik, hemendik pare bat astera Vienan egingo den ministroen batzarrean krisi nuklearraren inguruan osatu duen txostena aurkeztu beharko baitu. Artean ez dute horren berri eman, baina, filtratu denez, nahikoa ez zuela egin aitortzera iristen da bertan Tokio. 

Fukushima II-ko ura itsasora jaurtiko dute

Fukushima II zentralean pilatutako 3.000 bat litro ur kutsatu itsasora botako dituela jakinarazi zuen atzo zentrala kudeatzen duen Tepco enpresak. Lurrikarak ez zuen aparteko kalterik eragin zentral horretan, larrialdiko neurri gisa automatikoki itzali baitzen makinaria guztia; tsunamiak, ostera, bertako instalazioak urez betetzea ekarri zuen, eta, eguneroko martxa hartzeko, hustu egin nahi dituzte orain.
Zentral hori, kontrolik gabe dagoen Fukushimako beste zentraletik dozena bat kilometrora dago. Hain justu, lanak amaitzeko kasik hilabete behar izan duten arren, bertako hirugarren erreaktorearen inguruan pilatzen ziren hondakin erradioaktiboak guztiz kentzea lortu dutela ere jakinarazi dute. Lurrikararen eta tsunamiaren ostean izandako hidrogeno leherketak eragin zuen hondakinak bertan metatzea, zonalde horretan erradiazio maila izugarri altua izatea eraginez. Behin ingurunea garbituta, beharginak bertara sartzea ahalbidetu da, balizko eztandak saihesteko nitrogeno gasa ziztatu ahal izango dutelarik. Era berean, barra nuklearrak behar den tenperaturan mantentzea posible egingo duen hozte sistema ere jarri ahal izango dute martxan. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo