GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Elkartasuna delitua dela dio Gorenak

Auzitegi Gorenak Txori Barrote konpartsako lau kideren absoluzioa berretsi du, 2008an txosna batean presoen irudiak jarri zituztela frogatzerik ez dagoelako. Hala ere, atzo argitaratutako ebazpenak euskal preso politikoen argazkiak erakustea ETA gorestea dela dio eta, beraz, ontzat jotzen ditu ustean oinarritutako frogak. Irudiak erakusten dituztenen asmoa zein den zehazten du Gorenak, baina ondorio horretara iristeko ez du haien azalpenik behar izan, baizik eta PPren edo Rodolfo Aresen ustea. Izan ere, Txori Barroteko lau kideek argazkiak jarri zituztela frogatzerik izan ez duen bezala, ezin du frogatu irudiak jarri zituztenen asmoa ETA gorestea zenik. Hartara, Gorenaren ebazpenak ontzat jotzen ditu elkartasunaren kriminalizazioa eta jazarpena. Ebazpen horrek lau lagun errugabe kartzelatzea saihestu badu ere, Euskal Herriak bizi duen garai berrian lekuz kanpo dago. Nolanahi ere, euskal presoen inguruko arazoari dagokionez urratsak ematea Estatu espainiarraren eta frantsesaren esku dago; alde batetik, haien kontrako espetxe politika eskubide-urraketa nabarmena delako eta, bestetik, herri honen normalizazio politikoan aurrera egiteko ezinbestekoa delako lehenbailehen sufrimendu egoera guztiak desagerraraztea. Nahi eta behar hori agertzea -argazki zein beste edozein adierazpideren bidez- delitua dela esatea euskal herritar gehienak delitugile gisa tratatzea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo