Koktel goxoa-goxoa asmatu dute Canok, Salazarrek eta Senperenak
Batak bertzearen lana ezagutzen zuen, baina ez sakonki proiektua hasi arte. Dora Salazarren tailerra bisitatu eta bere lanek iradokitakotik abiatu dira Joserra Senperena eta Harkaitz Cano, eta, bakoitzak ahalik eta libreen zerbait berria sortuz eta elkar ikaragarri errespetatuz, bat egin dute hiru artistek koktel anitz eta dibertigarri honetan. Atzo aurkeztu zituzten «Helduentzako ipuinak/ Cuentos para adultos» liburua eta erakusketa, Donostiako Arteko galerian.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Arteko galeriako atea zeharkatzearekin batera harrapatu gaituzte eskultura gorriek, horman idatzitako poesiak eta piano doinuek. Aske eta fantasiari bide emanez lan egin duten hiru artistaren ideiak dira. Fantasiaren bidez, errealitateari buruz mintzatu eta beren pentsamenduak azaltzen dizkigute.
«Helduentzako ipuinak-Cuentos para adultos» da proiektuaren izena, eta Dora Salazarrek eta Cristina de la Fuentek abiatu zuten orain dela denbora dezente. Hamar urteotan Salazarrek artista liburuak egin ditu hainbat gairi buruz: Donostia, zinema, Iruñea, Gasteiz, Madril, Kafka, Dorian Gray, Bernardo Atxaga... «Gogoa genuen liburu horietako marrazkiak biltzeko eta denekin lan bat osatzeko -adierazi zuen De la Fuentek-. Batzea lortu genuen eta testuak gaineratzea pentsatu genuen. Asmatu egin genuen Harkaitz Canori eskatuta, primeran egiten baitute bat bere testuek eta Salazarren obrak». Oraindik proiektu osoagoa egitea erabaki eta Joserra Senperenarengana jo zuten. Hala hasi ziren lanean.
Musikariak eta idazleak eskultorearen tailerra bisitatu zuten eta haren liburu, marrazki eta lanak ezagutu zituzten. Ideia bakoitzak zerbait erabat berria sortzea zen, nahi bezain libre. Liburua maitasun handiz egin dute, eta De la Fuente hagitz harro dago Arteko Faktoriaren lehenbiziko produktua delako (orain, Arteko denda ere bada, galeriaz gain).
Dora Salazarrek agertu zuen bera batez ere eskultorea dela, baina azkenaldian irudiak landu dituela, objektuak baino. Marrazki pila bat zituen eginda eta erakutsi egin nahi zituen. Artekoz gain, liburua ere bada erakustoki, eta Bilboko Windsor (bertako erakusketa gaur inauguratuko dute).
Hagitz gustura ibili da altsasuarra hiruren arteko proiektuan. «Bestela norbere baitan biltzen gara, eta interesgarria da bestearen begirada ezagutzea».
Joserra Senperenak duela bi urte eskultorearen tailerra bisitatu zutenekoa ekarri zuen gogora: «Ikusitako guztiaren artean, Kafkaren koadernoak eman zidan arreta, eta marrazki horiek -adierazi zuen hormako sail bat seinalatuz-, gorputz biluziek... Begirada edo inpresio orokor baten ondotik, musika sortu nuen udan eta Tabakalerara joan nintzen atmosfera baten bila, hango giroa ondo sentitzeko eta jotzeko». Azaldu zuenez, Tabakalera arte garaikidearekin eta artearekin lotzen du zuzenean, eta momentuko soinua bilatzen du bertan, estudioak ematen ez diona. Iñigo Salaberriak grabatu zuen, 2010ean. Hura izan zen Tabakalera itxi aitzinetik egin zen azkeneko grabaketa.
Musikariak eskerrak eman zizkion Joxan Muñozi, orduan zentroko zuzendaria zenari, erraztasun guztiak emateagatik, eta Mikel Iturriari eta Xabier Cañasi ere bai, liburuari azkenengo bultzada emateagatik.
Idazlea baino gehiago, textjockeya izan da Harkaitz Cano, erran zuenez, idazlearen funtzioa ere aldatzen ari delako. Bere ustez, idazteaz gain, testuak berreskuratu behar dituzte, dagoen testu pilaren artean irakurleari helarazteko bertze era batera jaso ezingo lituzkeen lanak. Kasu honetan, Dorak eta Crisek eman zioten erabateko askatasunari esker, eskultorearen sorkuntzetatik abiatu eta bertze zerbait egin du, oihartzun edo kontraste bat, hainbat estrategia erabiliz: denbora-pasetakoak, publizitatekoak, poema laburrak, mikroipuinak, ohiko ipuinen bat ere bai.
Kontatu zuenez, testu batzuk lapurtuak dira; bertzeen testuei bere sinadura jarri die eta bereei bertzeena... Esperimentuak egin ditu testu gehienetan. Canoz gain, bertze idazle batek ere parte hartu du proiektuan; Bernardo Atxagak, sarrerarako istorio bat idatziz.
Batak bertzearen ekarpena nola ikusten duten galdetuta, honela erantzun zuen Cristina de la Fuente Arteko galeriako kideak: «Dorarekin lan egin dut galeria inauguratu genuenetik eta asko sinisten dut berarengan. Joserrari buruz, berriz, zer esan. Uste dut hau dela, ezagutzen dudanetik behintzat, egin duen gauzarik hunkigarriena; eta Harkaitz erabat askatu dela iruditzen zait, testu eroak eginez. Oso pozik nago hirurekin».
Musikari donostiarraren iritziz, aniztasuna da ekimena definitu dezakeen hitz bat: «Niretzat zerbait esperimentala izan da, eta hainbat fase egon dira: lirismoa, momentu erasokorrak, zer gertatzen den ez dakidan momentuak ere bai...». Idazle lasartearrarekin egina zuen lan lehendik ere, disko bat ere kaleratua dute elkarrekin.
Espero gabeko lurraldeetara
Dora Salazarrentzat, lan hau nahi duena egiteko modu bat izan da, eta horregatik, gustura aritu da. Harkaitzek erantsi zuenez, eskaera bat jasotzean, normalean artista ez da libre izaten eta arau batzuk bete behar ditu. Hau desberdina izan da, eta berarentzat ezustekoak ziren lurraldeetara ailegatu da. «Doraren alde iluna ezagutu dut, odoltsua, eta harritu egin nau, onerako». Beldurrez ere mintzatu zen: «Material pila bat erakutsi zigun Dorak. Kafkaren liburuarekin soilik proiektu bat egin zitekeen. Aniztasun handia zegoen eta beldur nintzen nola bideratuko genuen lana, baina emaitza ikusita, esan dezakegu oso dibertigarria geratu dela. Momenturo harritzen nau».
Abiapuntuak ezberdinak izan arren, bat egin dute hiru artistek liburuan. «Une batean talka egin dugu, eta egoak lurperatu ditugu. Eta momentu horretan, armak uztean, hasi gara lanean», adierazi zuen Salazarrek.
Canok sekretuaren berri eman zuen: «Bakoitzaren lanak ez du liburua ixten, ireki baizik». Eta hainbeste testu, irudi eta doinu elkarren ondoan jarrita, anitz iradokitzen eta pentsarazten duten lurraldeetara iritsi dira; berriro irakurtzera, begiratzera, aditzera gonbidatzen duten lekuetara.
Testu honetan bezala: «¿Y si Franz Kafka no se llamase Franz Kafka? ¿Ladrarían los perros igual?/ ¡Franz, Franz!/ ¡Kaf ka! ¡Franz!/ ¡Kafkaf ka! ¡Chamkafka!/ Si Kafka no se llamase Kafka, quizá no existiesen los castillos, ni los fosos,/ ni los perros ladradores, y mucho menos los perros kafkadores./ El apellido de la madre de Kafka era: Löwy, Julie Löwy./ Pero no decimos, ¡qué situación tan löwyana!/ Por otra parte, es inútil reivindicar los apellidos maternos,/ dado que son siempre los apellidos de los padres de ellas./ Habría que dar con el apellido primero. / Aquel que linda con el ladrido de la perra primigenia./ Y entonces proclamar: `El apellido de mi madre,/ sin embargo, era Kafka'. Por eso ladramos/ las perras como ladramos».
Artistek aitortu zutenez, une batzuetan talka egin eta norberaren egoa lurperatu behar izan dute. Eta armak utzi dituztenean hasi dira benetan lanean. Bakoitzaren lanak ez du liburua ixten, irekitzen baizik.
Lekua: Erakusketa Donostiako Arteko galerian (Iparragirre) eta Bilboko Windsorren (Juan Ajuriagerra) bisita daiteke. Windsorreko erakusketa gaur inauguratuko dute, 13.30ean eta 19.30ean.
Data: Uztailaren 25era arte.