GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Paris Madrilen bide beretik» ari dela islatzen du Beyrie eta Goitiren epaiketak

p013_f01_ONA.jpg

Arantxa MANTEROLA

«Frantziako epaileek Espainiaren logika bere egin dute, hau da, `dena ETA da' teoria ontzat eman eta epaiketa honetan aplikatu nahi dute». Horrela mintzo zen atzo Baionan Amaia Rekarte, ekainaren 16an Parisko Auzitegi Korrekzionalean epaituko dituzten Xan Beyrie eta Gilen Goitiren kasuen harira.

Horien kontra dauden elementuen «arintasuna janzteko, epaitegiak ohiko jokamoldea hartu du», abokatuaren esanetan: «Sumarioa, materialki, oso mugatua da. Hortaz, horrelako kasuetan egin ohi dutena egingo dute: politikoki jantzi, alegia. Ikastolan ibiliak direla, gaztetxera joaten direla, Segiko kide direla, beren pisukideak euskara irakasten duela eta antzekoekin, pertsona horiek estigmatizatu eta leporatzen dietena egiteko profil egokia duten aurreiritzia sortu.

Gazteok «aurretiaz kriminalizatzea» gauza berria ez izanagatik, ez dio larritasuna kentzen jokamolde horri.

Zentzu berean, Askatasuneko kideek nabarmendu zuten polizia sarekaden helburua argia dela, hots, «DNArekin eta profil psikologikoa osatuz, fitxaketa masiboak egin, gazteak militantziatik aldendu eta gizartearen aitzinean kriminalizatzea. Finean, proiektu politiko abertzalea oztopatzea bilatzen du Estatu frantsesak ere».

Lehen epaiketa

2004an Askatasunaren kontrako operazioarekin Ipar Euskal Herrian ere bide hori zabaldu zutenetik, honakoa lehen epaiketa izango da.

Lurraren espekulazioarekin lotutako ekintza andanaren testuinguruan, 2009ko ekainaren 27an atzeman zuten Xan Beyrie Kanbon, era oso bortitzean. Bi egun geroago beste hamaika gazte atxilotu zituzten. Horietatik lau kartzelatu egin zituzten hamar hilabetez (orain epaituko dituztenez gain, Eneko Etxegarai eta Ibai Agirrebarrena). Bi horiek adin txikikoak ziren garai hartan eta aurrerago igaroko dira adingabeen auzitegitik.

Sarekada hori Hego Euskal Herrian Auzitegi Nazionalak hasitako ildo berean kokatu ostean, Polizia frantsesak atxilotuei zein beren senideei emandako «tratu ankerra» ekarri zuen gogora Askatasunak. Segiko ordezkariak, berriz, Beyrieri eta Goitiri egiaz leporatzen dietena «beren militantzia politikoa» dela esanda, Parisen helburua bere errepublika eta lurraldearen kontra doan egitasmo politikoa deuseztatzea dela gaineratu zuen. Biek ala biek, konpon- biderako prozesu demokrati- koan parte hartzera dei egin zieten bi estatuei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo