GARA > Idatzia > Euskal Herria

Europako Kontseiluak euskarari eskaintzen dion bermea aztertu du Behatokiak Donostian

p014_f02.jpg

 

O. L. | DONOSTIA

Dagoeneko hamar urte bete dira Hizkuntz Eskubideen Behatokia sortu zenetik eta hamabost Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsala sinatu zenetik. Hain zuzen ere, bi urteurren horien harira hasi ziren atzo Donostiako Miramar jauregian hizkuntza gutxituen normalkuntza aztertuko duten jardunaldiak.

Atzo, besteak beste, Paul Bilbao Behatokiko idazkari nagusiak hitz egin zuen, zehazki, Nazio Batuen Erakundeak gure hizkuntzari zein babes ematen dion azaltzeko. Bere aburuz, estatuek hizkuntza «txikien» garapenaren aurkako legeak ezartzen dituzte, publikoki hala jokatzen dutela onartzen ez duten arren. Nagusi diren hizkuntzek «eskubideak» dituzten bitartean, gutxituta daudenek «lizentziak» dituztela adierazi zuen.

Hizkuntza «handi» eta «txikien» arteko ezberdintasunak badirela aitortuz, euskara «hizkuntza gutxitua» dela onartu zuen Bilbaok. Hori bai, egoera horretara «arrazoi zehatz batzuengatik» heldu garela ohartarazi nahi izan zuen.

Norabide horretan, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak dio «erregio hizkuntza» edo «gutxiengoen hizkuntza» bezalako izendapenak «usuegi» erabiltzen direla «hizkuntza komunitate baten eskubideak murrizteko asmoz».   

Etxeko lanak, egiteke

Europar Batasunaren barnean hizkuntza gutxituek oraindik ere behar besteko babesik ez dutela nabarmendu zuen Bilbaok. Ildo horretan, Estatu espainiarra salbuespena ez dela ohartarazi nahi izan zuen. Adibide gisa, honakoa azpimarratu zuen: Gutxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmen Markoaren baitan, ijitoak bakarrik aitortzen ditu Estatu espainolak talde gutxitu gisa.

Europako Kontseiluaren Aholku Batzordeak Estatu espainola deitoratu izan duela ere gogoratu zuen Bilbaok. 2007. urtean, adibidez, «Hitzarmen Markoak gurea bezalako komunitateentzat izan zezakeen balioa eztabaidatu ez izana salatu zuen Aholku Batzordeak». Urte berean, “Egunkaria” auzian Estatu espainolak izandako jokaera desegokitzat jo zuen Aholku Batzordeak, euskarari egindako erreferentzia bakarrak horrelako auzi isolatu bati lotuta egin izanagatik.

Hainbat ondorio ere izan zituen hizpide Bilbaok amaitzeko. Batetik, eskubideen subjektuen arteko desorekei aurre egiteko «diskurtso orekatua» hedatzearen beharra azpimarratu zuen. Itunen balio mugatua ere aipatu zuen, «bitartekoak eta ez helburuak» direla gogoratuz. Azkenik, «hizkuntza gutxiagotuen arteko elkarlana» eskatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo