Berdeek ezkerreko hautagaiaren alde egingo dute presidentziarako bozen bigarren itzulian
GARA | ANGELU
Arroxelako kongresutik bueltan, Ipar Euskal Herriko Europe Ecologie Berdeak taldeak datorren urtean frantses Estatuko presidentea hautatzeko egingo diren bozak izan zituen hizpide, atzo, Angelun.
Alderdi ekologistak bere hautagaia aurkezteko asmoa du lehen itzulian. Bigarrengorako, berdeen ordezkaria lehiatik kanpo geratuko balitz, ezkerreko hautagaia sostengatuko luketela adierazi dute. Sostengua, betiere, bost engaiamendu betetzera baldintzatzen dute.
Lehen engaiamendua Estatu frantsesak bere programa nuklearra 25 urteko epean bertan behera uztea litzateke. Bigarrena, iaz abian jarritako erretiroaren erreforma deuseztatzea, eta, orain artean bezala, erretiro adina 60 urtean finkatzea. Hirugarrena, AHT bezalako azpiegitura erraldoiak eraikitzeko proiektuak gelditzea. Laugarrena, lurralde administrazioa erreformatzeko legea indargabetzea eta erregioei eskuduntza gehiago ematea. Puntu horren baitan, aipamen berezia egin zuten Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoko lurraldeen aitortzaren inguruan, presidente gaiari hirurak batuko lituzkeen erakundearen auziari heltzea eskatuko diotela azalduz.
VI. Errepublika
Azken baldintza, Estatuaren sistema politikoarekin lotuta dago. Erakunde frantsesek demokratizazio premia nabarmena dutela uste du Europe Ecologie Berdeak alderdiak. Horren erakusle, aurreko presidentziarako hauteskundeetako kanpainan egindako eskakizuna berrituko dute; hots, Konstituzio berria egitea eta VI. Errepublika eratzea.
Bestalde, datozen bi urteetarako alderdiaren exekutibaren osaketa iragarri zuten. Daniel Hegoburuk Departamenduko Idazkaritzan segituko du, eta, bozeramaileak, Alice Leiziagezahar eta Jean Lissar izango dira.