GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Garbiñe Elizegi | Bilduren zerrendaburua baztanen

«Herri galdeketak egingo ditugu»

UPN 37 botoko aldearekin nagusitu zen Baztanen, bost zinegotzi lortuz. Bilduk ere bost hautetsi lortu zituen, baina, aldiz, Baztango Ezkerra taldearen bi zinegotzien sostengua bermatzen dion akordioari esker, alkatetza lortuko du.

Martxelo DIAZ

Nola baloratzen dituzue Baztanen lortutako emaitzak?
Emaitzak oso onak izan dira. Alde batetik, kontuan izan behar da UPNk behera egin duela, eta, bestetik, Bilduk lortu dituen emaitza onekin batera, Baztango Ezkerrak eta Nafarroa Baik ere ordezkaritza lortu dutela bailaran. Aurreko hauteskundeetan bi alderdi izan ziren soilik, eta, oraingoan, bost zerrenda aurkeztu gara. Udala ezkertiarragoa eta abertzaleagoa izango da.  

UPNk gehiengo osoa lortu ez zuenez, Bilduren helburua alkatetza lortzea izan da, horretarako beste alderdiekin akordio batera helduz.
Alderdi guztiekin bildu gara, eta Baztango Ezkerrarekin akordio batera heldu gara. Espero dezagun Nafarroa Bai [zinegotzi bat] ere akordio horren parte izatea. UPNrekin ere bildu ginen, eta Udalaren funtzionamendua modu parte-hartzailean zuzenduko dugula esan genien.

Zertan oinarritzen da Baztango Ezkerra taldearekin Bilduk lortutako akordioa?
Bederatzi puntu ditu akordioak, eta, bertan, Bilduren programaren oinarriak hartu dira kontuan: Udala parte-hartzailea izatea, zerbitzu sozialei garrantzia ematea, berdintasuna indartzea, nekazaritza bultzatzea, udalbatzaren antolakuntza, herrien beharrei erantzutea... Aurrera ateratzen diren gauzak adostea nahi dugu, eta, horretarako, parte-hartzea bultzatu nahi dugu. Horrekin batera, Baztango Ezkerreko zinegotziek herri lanen ardura hartzea adostu dugu, baita industriarena eta kirolarena ere.

Herri lanak aipatu dituzu. Aurreko agintaldian polemika handia piztu zen Erdizko harrobia eta Aroztegia hotela egiteko proiektuen inguruan. Horiekin zer egingo duzue?
Erdizkoari dagokionez, proiekturik ere ez dago. Udalari proiektua planteatzen bazaio, herri galdeketa bat egingo dugu. Obra handietan, herri galdeketaren tresna erabiltzeko asmoa dugu. Aroztezgiari dagokionez, egin behar dugun lehenengoa gauzak nola dauden ikustea da. Egia da egitasmo hau aurreratua dagoela eta ikusi behar dugu zertan den eta zer egin daitekeen. Udal Plana garatu nahi dugu herriz herri dauden beharrak ikusteko. Kasu horretan Lekarozko beharrei erantzuten dion ala ez ikusi beharko da; guk ez dugu onartzen proiektu espekulatiboa delako.

UPNrekin eta Begoña Sanzberro zerrendaburuarekin nolako harremana izatea espero duzue?
Bilera izan genuen, baina ez zen elkarrizketa sakona izan. Errespetuan oinarrituko harremana izan nahi dugu, normalizatua, baina argi geratu da ezertan ez gaudela ados.
[Nafarroako Gobernuak atzo jakitera eman zuenez, Begoña Sanzberrok Landa Garapeneko eta Ingurumeneko jarduneko kontseilari kargua utziko du berak eskatuta, Baztango zinegotzi lanean murgiltzeko. Sailaren ardura Javier Caballero Barne kontseilariaren esku geratuko da aurrerantzean. Euskaraz hitz egiten zuen Nafarroako Gobernuko kide bakarra zen Sanzberro].

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo