Belen Arrondo eta Jon Moñux STEE-EILASeko kideak
Markoaren distirak ezkutatzen duena
Etorkizuneko eskolak -gizarteak bezala- eleanitza izan behar du, zalantzarik gabe, baina helburu horretarantz bertako hizkuntzen ezagutza da lehenik bermatu beharrekoa
Hezkuntza sailburua pozaren pozez dabil egunotan hiru eleko markoaren deialdi berrian 45 ikastetxe publikok parte hartu izanagatik. Esan dezagun 500etik gora direla ikastetxe publikoak EAEn, Lehen eta Bigarren Hezkuntzaren artean. Beraz, norberak atera ditzala kontuak arrakastaren neurria baloratzean. Dena den, Isabel Celaaren marko distiratsuak beste hainbat ilungune ere estali nahi luke, horretarako beta emango bagenio.
Hezkuntza Saila hizkuntza ereduen sistema gainditzea eztabaidatik kanpo uzten saiatzen ari da, arazoaren benetako gakoa hortxe dagoen arren. Duela bi urte pil-pilean zegoen giroa hizkuntza ereduen inguruan, baina egun ez da horretaz hitz egiten, baizik eta hiru eleko markoaren deialdian parte hartu behar denentz. Orain arte burutu diren ikerketa eta ebaluaketak albo batera utzi eta nahita ahaztu nahi dituzte, Lehen Hezkuntzarako B1 maila (2007) eta DBHrako B2 maila (2005) ikerketak ISEI-IVEIk berak eginak izan arren. DBHren kasuan oso nabarmen jasotzen zen D ereduko ikasleen %66 iristen zirela euskarazko maila egokietara eta oso urrunetik B ereduko ikasleak, %36. A eredukoei ez zitzaien frogarik pasa ere.
Halaber, 2009 eta 2010ean buruturiko ebaluazio diagnostikoetan kezkagarriena ez da gaztelaniazko maila, non ikasleen %16k hastapeneko gaitasuna besterik ez duten adierazten, baizik eta euskararen kasuan %27ra igotzen dela hastapeneko muga horretan geratzen den ikasle kopurua, hots, 10-12 puntu beherago egiten duela euskararen mailak, beste ikas arlo guztiekin alderatzen badugu.
Dagoeneko argi dago. Hezkuntza Saileko arduradunek ereduen sistema de facto aldatzeko asmoa dute, hau da, euren egitasmoa atzeko atetik eta oharkabean ezarri nahi dute gobernuan dauden bitartean; euskararen arloan antzematen diren hutsuneak zuzentzeko baino, euskarari presentzia eskasagoa emateko. D eredua desitxuratu eta praktikan B eredu bihurtzeko bidean ari dira.
Egungo errealitatea, tamalez, ez da elebiduna. Hezkuntza Sailetik eta beste zenbait ahotsetatik, ordea, bestelako argazkia sinetsarazi nahi digute, elebitasun egoera lortua bailitzan. Nahiz eta ofizialki gure legedi zein arautegiek hala dioten, bistan da oraindik oso urrun gaudela euskara eta gaztelaniaren egoera pareko batetik. Hezkuntzan zein gizartean euskarak urrats handiak eman baditu ere, errealitate diglosiko batean bizi gara, non gaztelania, inolako zalantzarik gabe, hizkuntza hegemonikoa den Hego Euskal Herrian. Beraz, gure bi hizkuntza ofizialak ezin dira abiapuntu beretik ibiltzen hasi eleaniztasun helbururantz.
Inguru euskaldunetan, euskarak egoera sendoa duen lekuetan (Ataun, Lekeitio...) ez dago inolako arazorik gaztelaniazko saioak gehitzearekin, toki askotan beharrezkoa baita. Baina inguru erdaldunetan, hau da, biztanle gehien biltzen den herri zein hirietan, euskarazko saioak ezin dira inolaz ere murriztu. Markoaren arabera, ordea, ikastetxe guztiak edozein egoeratan gazteleraz eta ingelesez astean gutxienez bosna orduz aritu behar dira LHn, eta seina orduz DBHn.
Bitxia da hiru eleko markoaren salmenta honekin batera, gurasoen gehiengo zabalak (%75) D eredua hautatu duela bere seme-alabentzat. Zer dela-eta hautu hori? Guraso gehienak euskaraz beste hizkuntzarik ez ikastearen alde direlako? Inondik ere ez. Beste hamaika gaitasun lantzearekin batera, ingelesa eta gaztelera ikasketa prozesuan txertatzearen inguruan adostasun handia dago hezkuntza komunitatean. Kontua da, gehiengo zabalak euskara ikastearen bermea ziurtatu nahi duela eta gertuko esperientziagatik -ikerketek diotena berretsiz- badaki horretarako euskarak ikas hizkuntza nagusi izan behar duela eta are gehiago inguru hiritar erdaldunetan, alegia, eskualde gehienetan.
Egitasmoak berez onurak besterik ez baditu, zergatik saltzaile gisa ibili beharra pizgarriak banatzen? Hezkuntza Saileko arduradun ugarik berebiziko garrantzia eman diote aurten markoaren salmentari eta merkealdira jo dute bezero bila, amu gisa eta ahapeka baliabide zein irakasle gehiago eskainiz, ikasturte honetako deialdia iazko porrotean ez amaitzeko.
Edonondik murrizketak datozkigunean, behin eta berriro inoiz baino baliabide gutxiago daudela esaten zaigunean, hara non ingelesaren ezarpenenerako ez dagoen inolako oztoporik. Ingelesez baldin bada, badago dirua irakasleentzako ikastaroak, ikasleentzako barnetegiak, kanpoko enpresak eta abar ordaintzeko.
Testuinguru honetan, Lakuako arduradunek hitzarmen bat sinatu dute ikastetxe kontzertatuekin hiru eleko markoa lantzeko, baina kasu honetan ezberdintasun nabari batez. Sare publikoan ezarritako eredu zurrunari malgutasunez eta ikastetxeen autonomia aintzat hartuz jokatu dute. Bestela esanda, ikastetxe publikoetan ezinezkoa zena -hain zuzen ere, baten bat horrexegatik baztertua izan da...- ikastetxe erlijioso zein ikastola kontzertatuei onartu zaie. Zer jokamolde da hori?
Honaino jaso ditugu hiru eleko markoaren lilurak ezkutatzen duen zenbait ilungune. Amaitzeko baina, irizpide orokor batzuk aipatu nahi genituzke hizkuntzen trataeraz, hiru eleko egitasmoan parte hartzaile izan ala ez, ikastetxeen egoera edozein delarik ere. Etorkizuneko eskolak -gizarteak bezala- eleanitza izan behar du, zalantzarik gabe, baina helburu horretarantz bertako hizkuntzen ezagutza da lehenik bermatu beharrekoa. Hain zuzen ere, euskarak lehentasunezko trataera behar du, bertako hizkuntza izateaz gain, oraindik kolokan baitago. Gaztelerak oso bestelako egoera du, ordea.
Gure hezkuntza sistemak bermatu behar du ikasleek derrigorrezko ikasketak amaitzean hizkuntza gaitasunak eskuratzen dituztela euskaraz zein gazteleraz, baita atzerriko hizkuntzaren batean ezagutza funtzionala ere. Horretarako, hizkuntzen trataera bateratua landu behar da ikastetxeetan, hizkuntza saioen plangintza eta osagarritasuna bilatuz. Honek guztiak tokian tokiko egokitzapena behar du eta ikastetxeko hizkuntza proiektuan islatua izan, hezkuntza komunitatearen artean eztabaidatu eta adostu ondoren. Argi utzi nahi dugu Lakuak sustatzen duen marko honi uko egitearekin batera, eleaniztasunaren aldeko hautua egiten dugula, baina beti ere euskara bermatuz. Beste hitzetan, «eleaniztasuna, bai, baina ez horrela».