Urrezko Aizkora Finala
60 ontzakoek erabaki dute auzia
Zutik jarritakoan alde handia kendu zion Lopezek Atutxari, eta etzandakoan, are handiagoa izan zen tartea.
Jon LEUNDA
Juanjo Lopezek irabazi zuen Urrezko Aizkorako Buruz Buruko txapela, atzo uste baino askoz ere errazago hartu baitzuen mendean Aitzol Atutxa Azpeitian jokatu zen finalean. Lezaungoak Nazabalen lekukoa hartu zuen, bera baitzen atzo arteko txapelduna.
Finalak emozio gutxi izan zuen; izan ere, 60 ontzakoarekin dena erabakita geratu baitzen. Bizkaitarrak oso egun txarra izan zuen. Urduritasunak menderatu eta botaka aritu zen, eta ezin bere maila eman. Dena dela, 22 urte besterik ez ditu, eta izango du denborarik atzo baino itxura hobea emateko.
Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Gero, erlojuz kontra tamaina bereko enborra moztu behar izan zuten. Hirugarren lanean, 60 ontzakoa zutik jarrita moztu zuten. Horren ostean, tamaina bereko enborra izan zuten, baina etzanda jarrita. Azken-aurreko lanean, kana-erdiko bat zutik jarri, eta gero etzanda jarrita moztu behar izan zituzten, eta azkenik, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituzten.
Kolpekakoa izan zen Atutxak irabazi zuen saio bakarra. Bizkaitarrak 39tan erdibitu zuen, eta bat gehiago behar izan zuen nafarrak. Bigarren proba Lopezek irabazi zuen, enborra 54 segundotan bota baitzuen, eta Atutxak bat gehiago behar izan zuen. Horren ostean, berdinduta zeuden, baina emozioa ere hortxe amaitu zen.
60 ontzakoa zutik mozten sekulako aldea kendu zion. Lezaungoak 3 minutu eta 10 segundotan burutu zituen lanak, eta 3 minutu eta 56 segundo behar izan zituen bizkaitarrak. Laugarrengo lanean, tamaina bereko enborra etzanda izan zuten, eta hor dena erabakita geratu zen. Lopezek bere lana 2 minutu eta 31 segundotan burutu zuen, eta 3 minutu eta 4 segundo behar izan zituen. Hori amaitu ostean etorri ziren Atutxaren unerik txarrenak, aldagelara joan behar izan baitzuen, gorputzaldi oso txarrarekin.
Azken-aurreko lanean, kolore zuri-zuriak zituen bizkaitarrak, eta asko kostatu zitzaion lanak burutzea; Lopezek zutik eta etzanda jarritako enborra 4 minutu eta 24 segundotan burutu zuen, eta 5 minutu eta 36 segundo behar izan zituen Atutxak.
Iraupen probarako dena erabakita zegoen. Orduan libratu zen Atutxa. Lasaiago aritu zen; ez zen ezagutzen dugun Atutxa, baina bere maila hobetu zuen, nahiz eta atzoko finalean inork ez zuen ikusi bizkaitarraren benetako lana. Halere, 22 urte baino ez ditu eta izango du zaleei duen maila erakusteko parada.
Iraupen proban 17 minutu eta 16 segundo behar izan zituen aizkolari nafarrak, eta bizkaitarrak, berriz, 18 minutu eta 10 segundo. Lan guztiak burutzeko, 28 minutu eta 54 segundo behar izan zituen, eta 32 minutu eta 19 segundo, berriz, Atutxak.
Uste baino errazago
Juanjo Lopezek garaipena uste baino errazago lortu zuen, eta berak ere horrelaxe onartu zuen: «Egia esan, ez nuen uste horren erraz irabaziko nuenik. Ez dakit berak egun txarra izan duen ala ez, baina lan gehiago izango nuela uste nuen», esan zuen Lezaungoak.
60 ontzakoan erabaki zen finala, eta Lopezek ere horrela izan zela onartu zuen: «60 ontzakoa zutik jarritakoan alde handia atera diot, eta etzandakoa, hori gehitu dut. Hor garbi ikusi dut garaipena nirea zela», esan zuen. Abuztuan Urrezko Kopa irabazi zuen, eta orain Urrezko Aizkora. Aurrera egiteko indarra hartu duela esan zuen: «Berez kirol zaila da hau, eta aurrera egiteko beharrezkoak dira honelako garaipenak», esan zuen.
Atutxa, berriz, penatan zegoen, ez zuelako bere lana egiterik izan: «Horrek ematen dit pena handiena. Egun txarra izan dut, eta amaierara arte ezin izan diot bueltarik eman. Gainerantzean gustura nago. 23 urtez azpikoa irabazi dut, eta maila nagusian finalean izan naiz», esan zuen bizkaitarrak.
19 urtez azpikoetan Eneko Otañok jantzi zuen txapela, Eneko Saralegiri irabazi ostean. 45 ontzakoa erlojuz kontra mozten hasi ziren. Tamaina bereko enborrarekin abiadura proba izan zen hurrengoa. Hirugarrena, 54koa zeinek azkarrago moztu neurtu ziren eta, azkenik, lau 45 ontzako moztu behar izan zituzten.
Lehen proba Saralegik irabazi zuen, enborra 56 segundotan bota baitzuen baten aldea kenduz. Bigarrengoa ere berak irabazi zuen, eta hirugarrena eta laugarrena, berriz, Otañok bereganatu zituen. Lan guztiak amaitzeko, Beizamako aizkolariak 11 minutu eta 33 segundo behar izan zituen, eta 11.55, berriz, Leitzakoak. J.L.
15 urtez azpiko txapelketa Iker Vicentek irabazi zuen. Otsagabikoak uste baino askoz ere errazago lortu zuen garaipena. Lan guztiak burutzeko, 9 minutu eta 51 segundo behar izan zituen, eta Mikel Zabaletak, berriz, 11 minutu eta 48 segundo behar izan zituen. Otsagabikoak oso erraz irabazi zuen, Leitzakoak ez baitzuen atzo bere egunik onena izan.
Urrezko Aizkorako Buruz Burukoak lau lehiaketa izan ditu, eta Nafarroak eraman ditu txapel gehien. Elite mailakoan, Juanjo Lopezek irabazi zuen, eta 15 urtez azpikoetan, berriz, Iker Vicentek. 23 urtez azpikoetan, berriz, Aitzol Atutxak Bizkaiari eman zion txapela, eta Gipuzkoak ere lortu zuen garaipena, 19 urtez azpikoa Eneko Otaño beizamarrak bereganatu baitzuen.