GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega Gipuzkoako finala

Juan Joxe Lizasok berriro ere aginte-makila atera du

Asteasukoak nahiko erraz lortu zuen txapela, bigarren sailkatu zen Alkortari 200 kilotik gorako aldea aterata. Jokin Etxeberriak osatu zuen podiuma.

p039_f01.jpg

Jon LEUNDA

Juan Joxe Lizasok irabazi zuen igande eguerdian Oiartzunen, Pikoketan, jokatu zen Gipuzkoako finala. Asteasuarrak 200 kilotik gorako aldea kendu zion Alkortari.

Segalari bakoitzak ordubete izan zuen lanean aritzeko, eta tarte horretan belar kilorik gehien ebakitzea lortu zuenak eraman zuen garaipena. Lizaso izan zen, gainera, txapelketako bost finalistetan zaharrena.

Garaileak, Juan Joxe Lizasok, 3.459 kilo moztu zituen, eta horrek txapela lortzeko balio izan zion. Bigarren postuan, Mikel Alkorta sailkatu zen, 3.212,5 kilo belar moztuta. Postu horretarako, gainera, borroka handi samarra izan zuen Jokin Etxeberriarekin; izan ere, azken honek nahiko gertu izan zuen bigarren postua, baina hirugarren lekuan amaitu zuen 3.154,5 kilo belar moztuta.

Laugarren postua, berriz, Arkaitz Arteagak eskuratu zuen. Baliarraingoak ordubetean lanean aritu ostean, 2.956 kilo moztu zituen. Azken postuan, berriz, Iban Pardo geratu zen. Lehen plazaratzea zuen, aurretik ez baitzen inoiz lehiaketa ofizial batean aritua, eta gainerakoetatik nahikoa aparte geratu zen. Zestoakoak 2.111,5 kilo moztu zituen. Betiko erakoa jokatuta, hurrena nazioarteko erakoa jokatuko da Gipuzkoan, eta final hori ekainaren 26an izango da Zizurkilen.

Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa, berriz, Aizarnan izango da uztailaren 2an eta bederatzi segalari arituko dira, bi txandatan banatuta.

Sokatira

Mutrikuk eman zuen ezustea Euskal Herriko Txapelketan, 640 kiloko bigarren jardunaldian. Goiherrik irabazia zuen lehen jardunaldia, eta larunbatean gauza bera egin izan balu, txapela ia eskuetan izango zuen. Ez zen horrela gertatu, ordea, eta dena azkeneko jardunaldian erabaki beharko da, Mutrikuk eskuratu baitzuen garaipena, eta pisu honek 680 kilokoak izan ez zuen emozioa izango du.

Erandion, Martiartu auzoan, jokatu zen ekinaldia, eta lehia oso estuak eta bikainak eskaini zituzten taldeek, batez ere goialdean dabiltzanek.

Mutrikuk garaipena erdietsi zuen, baina horretarako lan asko egin behar izan zuen. Goiherrirekin, faboritoekin, berdindu egin zuen, tiraldi bana irabazi baitzuten. Bigarren sailkatu zen Goiherri. Erandiokoek, bi tiraldi bakarrik galdu zituzten. Bat Mutrikurekin, eta bestea, berriz, Gaztedirekin, biekin berdindu egin baitzuen, tiraldi bat irabazi eta bestea galduta. Hirugarren Gaztedi sailkatu zen. Hauek bi tiraldiak galdu egin zituzten Mutrikurekin, bat irabazi eta bestea galdu Goiherrirekin, eta gainerako guztiak irabazi. Bigarren jardunaldi honetako sailkapena, honela geratu zen: Lehenengo Mutriku izan zen, 6 punturekin; bigarren, Goiherri 5 punturekin; hirugarren, Gaztedi, 4rekin; laugarren, Goiherri B eta Getxo, 2,5 punturekin; eta azkena, berriz, Gaztedi B, puntu bakarrarekin.

Jardunaldi baten faltan, sailkapen nagusia honela geratzen da: Goiherrik 11 puntu ditu, Mutrikuk 10, Gaztedik 9, Goiherri B eta Getxo 5 punturekin daude, eta Gaztedi B 2rekin.

Txorierrik oso erraz irabazi zuen jardunaldia

Txorierrik irabazi zuen Euskal Herriko Harri-zulatze Ligako hirugarren jardunaldia. Garaileek alde nabarmena kendu zieten gainerakoei, 23 zulo pasa egin baitzituzten. Emozioa, ordea, bigarren postua lortzeko lehian izan zen; izan ere, hiru talde sailkatu ziren oso zentimetro gutxiren barruan.

Bigarren, Burdin Gazteak sailkatu zen, 19 zulo eta 6,6 zentimetrorekin. Hirugarren, Aldai Alde, 19 zulo eta 6,4 zentimetrorekin, eta laugarren Kabizezes, 19 zulo eta 6,3 zentimetrorekin. Azkeneko bi postuetan Errekatxo eta Las Karreras sailkatu ziren. Lehenengoak 12 zulo pasarekin eta bigarrenak 10 zulo pasarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo