Ainhara Plazaola | ELAko Ingurumen Bulegoko kidea
Nork ateratzen dio etekina hondakinak erretzeari?
Nola jarraitzen dute Euskal Herriko administrazio gehienek erraustea defendatzen? Erantzuna ez da berria: horren atzean gutxi batzuentzat soilik, betikoentzat, onura dakarren negozioa dago
Urteak daramatzagu hondakinen errauste planta behar dugula entzuten. Batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak Zabalgarbi eraiki zuen eta orain handitzea eskatzen du. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak, sortu den kontrako iritziari eta aurkeztu diren alternatibei -atez ateko bilketa adibidez- kasurik egin gabe, Zubietako errauste plantaren proiektua bultzatu du. Azken berriak Nafarroatik datoz, non hondakinen kudeaketarako plana onartu berri duten. Plan horrek gaikako zabor bilketa lurralde osora zabaldu aurretik errauste planta bat eraikitzea planteatzen du eta Montejurrako Mankomunitateak egiten zuen organikoaren bilketa selektiboa ere deuseztatu egingo du.
Baina gezur asko daude «behar» horren atzean. Teknologia egokiarekin hondakinen %100 birzikla daiteke, atez ateko zabor bilketatik hasiz. Erraustearen jarraitzaileek atez atekoaren aurka erabiltzen duten aitzakia nagusia zabortegiaren beharra da. Ez dute esaten, ordea, erretzetik sortzen diren errauts eta hondakinentzako ere zabortegia behar dela.
Hondakinen balorizaziotik (erretzetik) ateratako energia berriztagarria dela ere esaten dute, hondakin organikoak errez sortzen den energia berriztagarritzat hartzen baitu Europar Batasunak, nahiz eta gas naturala erretzea baino kutsagarriagoa den. Energia berriztagarria iturri agortezinetatik edo birsortzeko gaitasuna dutenetatik ateratzen dena da. Erretzen diren hondakinak birsortu daitezkeen material nahasketa dira (plastikoa, beira, egurra, materia organikoa...). Hondakin horiek birziklatuz erregeneratzen dira. Errauts bihurtuta, ezingo dira errekuperatu. Gainera, hondakin hezeak eta energia kalorifiko gutxikoak erretzeko gas naturala gehitzen zaie; beraz, sortzen duten energia, neurri handi batean, gas naturaletik eratorria da.
Beste gezur bat: «Errauste planta ez da kaltegarria». Ez da egia. Eragin handia du osasunean eta ingurumenean. Hondakinak erretzeak kutsatzaile toxiko asko sortzen ditu eta horiek errautsetan kontzentratzen dira, eta atmosferara ere igortzen dira. Kutsatzaile toxiko horiek jaiotzatiko malformazioak, fetuaren malformazioak, immuno-sisteman, hormona-sisteman eta nerbio-sisteman nahasteak, kalte neuronalak, eta arnas eta bihotzeko gutxiegitasunak sor ditzakete, besteak beste.
Eta hori guztia jakinda, nola jarraitzen dute Euskal Herriko administrazio gehienek erraustea defendatzen? Erantzuna ez da berria: horren atzean gutxi batzuentzat soilik, betikoentzat, onura dakarren negozioa dago.
Negozio hori diru iturri bat baino gehiago izateko dago antolatua. Lehen pausua azpiegituraren eraikuntza, martxan jartzea eta mantentzea esleitzea da. Hori obra publiko handi guztietan gertatzen da. Eraikuntza enpresek, aholkulariek eta zerbitzu enpresek eratzen dituzten enpresa talde handiei azpikontratatzen dizkiete. Horiek eramaten dute lan mota horietarako jartzen den diru publiko guztia. Bigarren onura errauste plantaren jardueratik dator. Lehenik mankomunitateek eramaten duten zaborra jaso eta erretzeagatik kobratzen dute. Eta, ondoren, beraiek berreskuratze energetikoaren balorizazioa esaten diotena dator. Izatez, gas naturala gehituz hondakinak erre eta sortutako elektrizitatea energia berriztagarri gisa saltzean datza, eta legeak haien negozioa babestu eta energia berriztagarritzat hartzen duen arren... ez da berriztagarria! Energia berriztagarria sortzearen onura enpresek diru publikotik jasotzen dituzten diru laguntzetan, eta saltzerakoan petrolioa, gasa eta ikatza erabiliz sortutako energiaren aurrean duten lehentasunean, dago. Negozio borobila!
Jarduera honen inguruan prestaturiko lobby ekonomikoari ez zaio interesatzen hondakinak gaika jasotzea eta ahalik eta gehien birziklatzea, horrela ez bailukete zer erre izango eta negozioa bukatuko bailitzaieke. Eta administrazioek ez dute interes orokorra defendatzen; alderantziz, interes ekonomikoen zerbitzura daude. Horregatik ez dute 3Ren alde egiten: gutxitu, berrerabili eta birziklatu. Birziklatze tasa handitzea posible da hondakinak gaika jasoz eta gaur egun birziklatzen ez diren materialak birziklatuz. Horregatik, ELAk exijitzen du benetako hondakin gutxitze eta birziklatze politikak eta errauste planten proiektuak behin betiko bertan behera uzteko.