GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Herritarren alde

Martxoaren 3ko biktimak ez dira terrorismoaren biktimak», esan zuen Gorka Maneiro UPyDko parlamentariak, eta ados agertu ziren PSE eta PPkoak. Eta demokraziaren legean, atzera bota zuten Martxoaren 3koak hala aitortzeko proposamena. Denok dakigunez, gainerako indar guztiak, alegia bertan ordezkaritza duten alderdi abertzaleak eta EB, gutxiengo dira eta. Martxoaren 3koak ez dira terrorismoaren biktimak, «beste gauza bat» baizik, Maneiroren hitzetan. Estralurtarrak...? Muskuiluak...? Ez, probidentzia jainkotiarraren ondorio, nonbait.

Martxoaren 3ko gertakarietatik 35 urte joan dira, eta Estatu espainolak tematuta jarraitzen du demokraziaren muga goi-goian jartzen. Europako beste batzuek baino gorago bai, behintzat. Haren legeriak, esate baterako, ez du biziarteko kartzela zigorrik onartuko, Europako bese zenbait estatuk ez bezala. Hori bai, gainerako estatuetan ez bezala, hainbat presok 30 eta urte gehiago arteko kartzelaldiak bete behar dituzte. Zilegi izan bekit, bide batez, lagun bati, bihar urtebetetze berezia duela-eta, «zorionak» esatea. Besarkada bat, Txakur, eta zorionak, bai, erakutsi beharrik ez zenuen baina erakutsi dituzun adorea, duintasuna eta zintzotasunagatik.

Baina Estatu espainola Europako klub ekonomikoko kide da onerako eta txarrerako -bakan batzuen onerako eta gehienen txarrerako- eta ulergarria da Estatu frantsesak epaile espainolen eskaerei baiezkoa eman eta Estatu horretan delitu ez diren -eta inon izan beharko ez luketen- jarduera politikoengatik zuberotar emakume gazte bat espainolen eskuetan ezartzea, Frantziaren grandeur delakoa aski ez eta Espainiaren «la grandeza de la democracia» -jakina, democracia Españaren sinonimo da- eredu hartuta.

Zer gertatzen da Europan? Zer, besteak beste, Grezia «laguntzen» -alegia greziar herri klaseak suntsitzen- ari den Europan? Zer oraindik Martxoaren 3ko edo 78ko sanferminetako sarraskiak halakotzat aitortzeko gauza ez den Estatuaren prozedurak nagusitu diren Europa horretan? Galdera erretorikoak alde bat utzita, ulertzen dudala aitortuko dut : Europar Batasunaren kideak estatuak dira, ez herritarrak.

Europako, munduko herritarren aldeko aldarria entzun egin behar da. Gaur bertan, Biarritzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo