GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz | www.elomendia.com

Indarkeriarekiko obsesioa

Indarkeriaren inguruko paradigma erabiltzen dute beren eredu politikoen kontra aritzen den oro kriminalizatzeko. Demokrazia eske egindako mobilizazioetan ikusi dugu

ETAren azken erabakiek izugarrizko lurrikara ekarri dute espainiar Estatuaren jardueran, aspaldiko estrategia hautsi eta agenda kolokan jarri dutelako. Estatuak ez zuen gertatu dena espero eta oraingoz ez da egoeraren diagnostiko zorrotza egiteko gai izan. Urteotako paradigma aldatu beharko duela atzematen dute batzuek, baina deserosotasuna nagusitzen da. Estatuak, argi esanda, ez du aldaketarik nahi, sumatzen zuelako une makurragoan sartuko dela, aldatuz gero. Alta, porrot egin dute aldaketa zapuzteko estrategian, besterik nahi bazuten ere une berria iritsia baita, gelditzeko iritsi ere.

Ez daude paradigma aldatzeko prest. Dena terrorismo eta antiterrorismoaren arteko lehiaren arabera aztertu eta aurkeztu nahi dute, izan ere. ETAk ez du ekintza armaturik egiten, zergaren bilketa moztu du, etengabean azaldu du prozesu hau azken muturreraino eramateko borondatea, mehatxuak desagertu dira, alde bateko erabakiak dira... baina espainiar nazionalistek ez dute horren berririk izan nahi. Iraganean bizi nahi dute, iraganeko jarduerak mantendu nahi dituztelako.

Areago, indarkeriaren inguruko paradigma erabiltzen dute beren eredu politikoen kontra aritzen den oro kriminalizatzeko. Demokrazia eske egindako mobilizazioetan ikusi dugu; Madrilen, Valentzian, Bartzelonan... Indarkeria erabiltzen dute protestak kriminalizatzeko, eta indarkeria beraiek bultzatzen dute. Kasu batzuetan, zuzenean, istiluak sortuz, infiltratutako polizien bidez.

Nabarmena da eskakizun politikoak zikindu nahi dituztela, protesta egiten dutenen arrazoiak ezkutatuz. Eroso sentitzen dira manipulatu eta erabili nahi izan duten mugimendu horren aurrean. Kriminalizazioari ekin nahi diote, mugimendua zatitu eta desbideratzeko eta oso esanguratsua da asmo horrek bultzaturik begi bistan agertu zaigun indarkeriarekiko obsesioa.

Artur Mas argienetako bat izan da. Polizien jarduera ez da errepresioa, demokraziaren defentsa baizik. Poliziek jendearen eskubideak babesten dituzte egurra banatzen dutelarik. Autoritateaz mintzo da Mas. Beste batzuek zilegi den indarkeriaren erabilpenaren monopolioa aipatu dute. Finean, helburu politikoen aldeko indarraren erabilpena.

Nor ari da orain erabilpen hori babesten? Poliziena indarkeria hutsa da. Jendea kolpatzea jendea erasotzea da. Poliziek eraso egin diete herritarrei, jipoitu egin dituzte. Denok ikusi dugu. Eta politikari horiek indarkeria babestu, txalotu eta justifikatu dute. Are makurrago, indarkeria gehiago eskatzen ari dira.

Indarkeriaren erabilpena ontzat eman duten hauek guztiek bakezaletzat jotzen dute beren burua. Eta, jakina, demokratak dira, demokraziaren babesleak.

Euskal Herrian irekitzen ari den egoerak indarkeriaren inguruko eztabaida aldarazi du eta eragin handiagoa izanen du etorkizunean, ene ustetan. Begi bistan gelditzen da estatuena dela indarkeria nagusia, gaur egun, bakarra. Gauzak honela, sinestarazi nahi digute Estatuaren indarkeria beste indarkeriari ematen zaion erantzuna dela, baina ez da egia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo