«Moby Dick» gogoan, baleei buruz idatzi du Zubizarretak
Debako Udalak urte batzuk daramatza Euskal Herriko kondairak jasotzen, eta, uneotan, udako solstizioari buruzko informazioa biltzen ari da. Horrekin lotuta, Patxi Zubizarretari liburu bat egiteko agindua eman zion, eta idazleak «Hiru egun balearen sabelean» lana sortu du.
M. LARRINAGA | DONOSTIA
Euskal marinelek Ternuara egiten zituzten bidaiak ezagunak dira oso, balea arrantzatzearen tradizioa oraindik ere euskal oroimenean iltzatuta baitago. Asko dira arrantza mota hori aspaldi galdu zuten euskal herriak eta horien artean dago Deba ere. Hori dela-eta, Debako Udala istorio horiek guztiak berreskuratzeko lanean ari da, oraingo gazteei garai bateko ohitura eta lanbideak erakusteko asmoz. Proiektu horren barruan, azken lana Patxi Zubizarretak haur literaturarako sortu duen «Hiru egun balearen sabelean» (Pamiela) liburua da.
Liburuko protagonista Ismael izeneko mutil gaztetxo bat da, «San Roke» itsasontzian Ternuara abiatuko dena bale arrantzan aritzeko. Zubizarretak atzo egindako aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, liburuak islatzen duen idei nagusia «gazte batek bere familia salba» dezakeela da.
Protagonistaren Ismael izena ez da kasualitatea. Ezta Liburuaren hasiera ere. «Dei nazazu Ismael», dio lehen esaldiak. Halaxe hasi zuen Herman Melville idazle estatubatuarrak 1851. urtean bere «Moby Dick» nobela famatua.
Liburuak haurrak bizi dituen abenturak azaltzen ditu, haurraren ikuspegitik baina narratzaile ezberdinen bidez. Kontalari horiek marinelen «beldurretan» oinarritu ditu Zubizarretak. Hala, sagua, katua, sorgina eta deabrua dira ipuinaren lau narratzaileak. Hala ere, marinelen ohiturak errespetatuz, izenak aldatu dizkie lau pertsonaiei. Alde batetik, saguari «belarri txikia» deitu dio, hala egiten baitzuten itsasontzietan izena bera aipatzeak zorte txarra ematen zuela uste zutelako. Bestetik, katuak «putz egitekoa» izena jaso du, basamortuan «sugea» esan ordez «soka» esaten duten moduan. Deabrua «beste mutila» izango da, eta, azkenik, sorgina «kanpaien kontrakoarena». Narratzaileak lau diren moduan, liburua ere lau pasartetan dago banatuta, bakoitza pertsonaia horietako baten bidez kontatuta dagoelarik.
Liburuak marrazkiak ditu, Jokin Mitxelena marrazkilariak sortutakoak. Bi orrialdetik bat marrazkiz osatuta dago; hala, marrazkiek kontakizunaren haria jarraitzen lagunduko diete haurrei. Liburua Debako Udalaren ekimenez sortu denez, bertako haurrek liburua landuko dute eskolan datorren ikasturtean.