GARA > Idatzia > Kultura

Euskaldun berriak «armairutik atera» ditu Antonio Casado da Rochak bere poemetan

M.L. | DONOSTIA

Euskaldun berria izatea lotsa sentitzeko arrazoia izan ohi da askorentzat, elkarrizketetan nahi bezala parte hartu ahal izateko oztopoa. «Konfiantza falta, motibazio eskasa, hanka sartzeko beldurra» eta tankerako pentsamendu eta sentimenduak bizi ohi dituzte euskaldun berriek. Antonio Casado da Rochak, ordea, aurrera egin du; halako konplexu psikologikoak alde batera utzi eta euskaraz bere lehen poema liburua idatzi eta kaleratu du: «Esku ezkerraz» (Utriusque Vasconiae). Horri buruz hitz egiten du gainera poemetan, elebakar izatetik elebidun izatera pasatzeko bideaz. «Beste `eskua', beste hizkuntza, nola erabiltzeaz», alegia.

Atzoko aurkezpenean, Casado da Rochak azaldu zuenez, «hizkuntza berri bat ikastean zure hiztegi pertsonala osatzen duzu. Badago `Hiztegiak' izeneko poema bat, baina liburu osoa nire hiztegi pertsonala dela esan genezake».

Bizitza osoan «euskaratik gertu» izan arren, 30 urte pasata hasi zen euskara «serioski» ikasten idazlea. «Liburu honentzako aproposak liratekeen beste izenburu batzuk ere badaude, `Euskaldun berri nauzu' edo `Berri euskaldun baten memoriak'. Edo, Atxagaren bidetik jarraitzearren, `Soinu entzulearen semea' edo `Euskaldun berria bere bakardadean'», esan zuen atzo txantxa artean.

Laguntzeko poemak

«Liburu honek, balio literariotik haratago, zerbait terapeutikoa ere baduela uste dut; euskara ikasten ari garenoi adorea emateko balio dezake edo autolaguntza moduan ere izan daiteke baliagarri. Nik ez dut euskara menperatzen, baina, halere, gozatu egiten dut hizkuntzarekin, nire burua adierazten dut, atsegin handiz parte hartzen dut bere hizkuntz komunitatean», azaldu zuen Casado da Rochak.

«Txikiak badira ere, hemen daude igo ditudan gailurrak. `Satorraren mendiak' dira, lehen atalaren izenburua, hain zuzen ere», esan zuen, idazle zein hiritar eleaniztunak izatea posible dela erakusten dutela azalduz.

Poema liburu honen bidez, euskaltegien inguruko hausnarketa bat egin nahi izan du errenteriarrak. Izan ere, «hainbeste euskaldun berri izanda munduan, harrigarria egiten zait euskaltegien inguruan hain literatura gutxi izatea. Bai, badauzkagu Oskorriren `Euskaldun berri baten balada' eta Isabelek `kutxitako' bidea, baina gai edo genero horiei beste ekarpen bat egin nahi nien ezkerreko eskuarekin idatzitako poema hauekin», nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo