Mendekua eta xantaia oinarri duen espetxe politika salatzeko mobilizazio gero eta premiazkoagoak
Amnistiaren aldeko mugimenduak atzo Bilbon euskal preso politikoen aurkako salbuespen neurriak salatzeko iragarri zituen mobilizazioak ez dira lehenak, ezta, zoritxarrez, azkenak ere izango. Baina bai beharrezkoak. Gero eta beharrezkoagoak, denbora joan ahala neurri horiek suntsitzaileagoak dira eta. Presoen bakartzea, gaixotasun larriak dituztenak eta zigorra bete dutenak kartzelan atxikitzea eta kartzela frantses eta espainoletako gainerako egoerak egunean baino egunean latzagoak baitira. Joxe Mari Sagardui eta Jon Agirrek 30urte pasako kartzelaldia osatu dute oraindik orain, baina horien kasuak ez dira salbuespena. Beste hainbatek ere hogeitaka urteko bidegabekeria pilatua dute mendekua eta xantaia oinarri dituen espetxe politikaren menpean. Horietako batek, Joseba Artola bilbotarrak, kalean behar zuen 2006tik, Estatu espainoleko legeen arabera epaitegiek ezarritako zigorra beteta, baina bost urte geroago kartzelan atxikia dute.
Estatuek beren interes politikoen mesederako erabiltzen dituzte euskal presoak, baina euskal herritar gehienak, joan den igandean Bilbon erakutsi zuten bezala, ez daude prest haiek egoera horretan higatzen uzteko.