Gasteizeko Bilduk Santiagok ospitale orokor izaten jarraitzearen alde egin du
Bilduk Gasteizeko ospitalearen kalifikazioa aldatzearen krontra dagoela jakinarazi zuen atzo prentsa ohar batean. Dagoeneko 50.000 gasteiztarrek eman dute Santiagok ospitale orokor izaten jarraitzearen aldeko sinadura.
GARA | GASTEIZ
Bildu Gasteiz udal taldeak erabat gaitzetsi zuen atzo plazaratutako prentsa ohar baten bidez Santiago Ospitalea gaixo kronikoentzako ospitale bilakatu nahi duen berrantolaketa proiektua. Aldi berean, Santiago ospitalearen kalifikazioa aldatzearen kontra ere agertu zen. Txagorritxu eta Santiago ospitale orokor gisa mantentzeren alde ere egin zuen Bilduk.
«Gasteiztarron eta arabarron osasun publikoaren artapenaren kalitatea kaltetu eta zerbitzuak murriztuko dituen edozein planteamendu» errotik errefusatu nahi izan zuen atzokoan Gasteizeko Bilduk. Era berean, «izaera espekulatiboa izan dezakeen edozein hirigintza operazio ere» gaitzetsi eta bertan behera gelditzeko apustua berretsi zuen.
Lakuako Gobernuak Santiago Ospitalearen itxiera iragarri eta berehala, herri plataforma bat sortu zen Gasteizen egitasmoaren aurka. Santiagok ospitale orokor izaten jarrai dezan eskatzea da plataformaren xedea eta horren defentsan 50.000 sinadura inguru batu ditu dagoeneko. Hori ikusita, herritarren iritzia errespetatzea premiazkoa da Bilduren ustez. Horren harira, Osakidetzak eta Lakuako Gobernuak erakutsitako jokabide «ilun eta autoritarioa» salatu eta arabarren gehiengoaren hitza errespetatzea eskatu du.
Era berean, Bildu Gasteizek Osakidetzako gehiengo sindikala lehen mailako mintzakide gisa hartzea eskatu du. Horrez gain, Osakidetzako egungo zuzendaritzak langileekiko erakusten duen «mespretxua behin betiko baztertu» behar duela ere nabarmendu du.
Horiek horrela, Bilduk beharrezkotzat du ordezkaritza sindikalarekiko elkarrizketari ekitea. Izan ere, sindikatuek «bai ospitalearen defentsan bai euskal osasun eredu publikoaren alde» egiten dituzten proposamenak kontuan hartu beharrekoak direla uste du. Horrenbestez, Bildu Gasteizek Santiago Ospitalearen aldeko plataformak ordezkatzen duen gehiengo sozialarekin bat egin du, eta gehiengo horren iritzia jasotzeko prestutasuna ere agertu du.
Berrantolaketa egitasmoa
Lakuako Gobernuak diseinatutako egitasmoaren xedea Santiago ospitale orokorra izatetik gaixo kronikoentzako ospitale izatera igarotzea da. Aste honetan bertan Lakuan emandako prentsaurreko batean egindako adierazpenetan, Gasteizko Udalean EAJko bozeramailea den Gorka Urtaranek eta alderdi bereko Nerea Antia legebiltzarkideak ere Santiagok ospitale orokor izaten jarraitzea defendatu zuten.
Lakuako Gobernuaren egitasmoa aurrera ateratzen bada, etorkizunean Santiago Ospitalea ez da gaixoei bakarrik bideratuta izango. Izan ere, eraikinaren parte bat Osakidetzaren barne antolamendurako erabiliko litzateke.
Araba osoari eta Debagoieneko zati handi bati zerbitzua emango liokeen ospitale berriak 130 milioi euroko kostua izango luke.
EAJko Gorka Urtaranen arabera, azken urteotan 100 milioi euro baino gehiago inbertitu dira Santiago Ospitalea hobetzeko lanetan.