GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herritarrak udal taldeak ez du nahi Urruñako hirigunea «postal» hutsala izan dadin

Ia 10.000 biztanle dituen herri lapurtarraren erdigunea «berpizteko premiarekin» bat datorren arren, Herritarrak taldeak ez du begi onez ikusi udal agintariek «adostasunik gabe» egindako proposamena.

Arantxa MANTEROLA | URRUÑA

Urruñako erdigunea biziberritzeko beharra Herriko Etxearen mahai gainean aspalditik dagoen gaia da. Premia horrekin bat datozen arren, Herritarrak udal taldeko hautetsiek ez dute uste Odile de Coral auzapezak gidatutako udal gobernuak arazoari «era egokian» heldu dionik.

Izan ere, «erdigunea biziberritzeko baino birmoldatzeko ikuspegitik» ekin diola pentsatzen dute: «Guk ikusi ahal izan dugunaren arabera, ez da berpizteko egiazko borondaterik sumatzen. Proposatutakoa, batez ere turismoari begirako berrantolatze bat baino ez da. Eta guk ez dugu nahi erdigunea `postal' eder soil bat bilakatzea».

Gainera, 3,5 milioi euroko kostua izango duen proiektuaren aurre azterketak, 19.000 euro gastatu ostean, ez omen ditu esparru ugari ase, nahiz eta erreakzioen aitzinean, orain aldaketak proposatzeko parada izango den. «Hasteko prozedura gaizki abiatu da. Soilik gehiengoko hautetsi batzuen eta beraiek izendatutako teknikarien artean landu dute proposamena, gure aburuz, hasieratik herritar guztien -baita auzoetakoak ere- eta merkatarien iritzia jaso behar zenean», adierazi zuen Filipe Aramendi hautetsi abertzaleak.

Proiektuak «koherentzia falta» nabarmena ere baduela irizten diote, Herriko Etxea zenbait auzoetan (Ibardin, Zokoa...) merkataritzarekin lotutako beste egitasmoak sustatzen ari baita. «Horrela ez da jendea erdigunera erakarriko», gaineratu zuen Aramendik.

«Betiko bidetik»

Aurtengo aurrekontuei hainbat kritika ere egin zizkioten. Ixabel Etxeberriak «berriro ere auzo batzuk -Ketxiloa, Karrikatxar- erabat baztertuak» direla esan zuen. Euskal kulturarentzat edota laborantzarentzat diru-funtsik izendatu ez delarik, «lehentasuna» ez duten erabakiak hartu izana deitoratu zuen, Herburun aduanetako hiru etxeen erosketa (800.000 euro) aipatuta.

Herritarrak udal taldearentzat horrek guztiak agerian uzten du kudeaketa moduan ez dela aldaketarik: «Azken hogei urteetako bide beretik doa oraingo udal gobernua ere».

Prentsaurrekoan gaztetxe baten aspaldiko errebindikazioa ere hizpide izan zuten. Beñat Elizondo zinegotziak gogora ekarri zuen badirela hogei urte eskaera bera egiten ari zaizkiola udalari. «Alta, ez du erantzunik eman. Horren ordez, joan den maiatzaren 28an gaztetxearen aldeko eguna antolatu zuen UGA elkartea modu txarrean tratatu, afixak kendu eta oztopoak jarri besterik ez du egin», gaineratu zuen Elizondok.

Herritarrak taldeak gaztetxearen eskakizuna «erabat babesten» duela nabarmenduta, Elizondo hautetsiak gazteekin mintzatzeko deia egin zien Herriko Etxeko arduradunei.

SENATUA

Senatari berriak hautatzeko ordezkoen izendapena «ahalik eta demokratikoena» izateko, gehiengoko zortzi hautetsirekin eta oposizioko zazpirekin osatutako zerrenda onartzea eskatu zuen Herritarrak taldeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo