EHZ jaialdia egiteko bi aste eskas falta direla, laguntzaileak eskatu dituzte antolatzaileek
Ainize BUTRON | BAIONA
Uztailaren 22an hasiko dira Heletan Euskal Herria Zuzenean festibalaren muntaketa lanak. Jaialdia uztailaren 1ean, 2an eta 3an iraganen denez, lan egiteko deialdi berezia zabaldu zuten atzo antolatzaileek laguntzaileek izena eman dezaten. «Bai muntaketa lanetarako bai jaialdian zehar lan egiteko 700 laguntzaile inguru behar ditugu. Zenbaki horretara heltzeko 130 lagun eskas falta zaizkigu», azaldu zuen Antton Lannes festibaleko antolatzaileak. Deialdi horrekin batera, festibalaren egitarauari buruzko azken xehetasun batzuk ere ezagutarazi zituzten atzo. Hiru egun horietan izango diren kontzertuez gain, jaialdiak zabaldu nahi dituen mezuen inguruan landuko dituzten ekimenei indar berezia eman nahi izan zieten.
«Aurreko edizioan nabaritu genuenez, jaialdiak zabaldu nahi dituen mezuek ikusgarritasun gutxi izan zuten. Horregatik, mezuak zabaltzeko taldea azkartu eta egitaraua berezi bat landu dugu», gehitu zuten.
Hitzaldi eta kultur ekimenen bidez hedatuko dituzte, beraz, presoen sostengua, eskubide zibil eta politikoen defentsa, inguramenaren defentsa eta euskara. Kultur mailan bi programa berezi landu dituzte: Lagunarte konpainiarekin egingo den «Gaia» kantu ikuskizuna eta grafitigileek landuriko «Irudikatu» erakusketa.
Hiru hitzaldi
Bestalde, larunbatean honako hiru hitzaldi hauek eginen dituzte: «Lurra eta lurraldetasuna», «Mugimendu kulturalak eta zapalkuntza» eta «Garapen kulturala». Erregelu gunean eginen diren hitzaldi horiekin batera, elkarteen herrixka, zine proiekzioak eta erakusketak ere izanen dira jaialdiak izango dituen hiru egunetan.