M-15 mugimendua kriminalizatzeko intentzioa deitoratu dute partaideek
Indarkeria ekintzak arbuiatu eta horietatik aldendu nahi izan dute «suminduek», ekintzaile baketsuak direla argiro utziz. Epaileak aske utzi ditu behin-behinean Bartzelonako istiluetan atxilotutako sei pertsonak. Ekintzaileak, aldiz, biharko manifestazioak prestatzen ari dira.
GARA |
Pasa den asteazkenean Kataluniako Parlamentuaren atarian jazotako istiluek komunikabideetan izandako oihartzunak euren aldarriak alboratu dituela badakite M-15 mugimenduko kideek; nolanahi ere, protestak kriminalizatu nahi dituztenei egozten diete horren errua. «Ezin da injustizia ekonomiko eta sozialak eragindako prekarietatetik sortutako protesta biolentoen ardura gure gain bota», ziurtatu zuten atzo prentsaurrean Bartzelonako mugimenduko kideek.
Hala ere, ekintza biolentoak sustatu eta egikaritu zituztenen ondotik aldentzeko profitatu zuten agerraldia: «Gure asmoa ez zen Parlamenturako sarrera oztopatzea -Zigor Kodean delitutzat jotzen da-. Aurrekontuei gure arbuioa agertzeko kordoi sinbolikoa ipini nahi genuen. Hortaz, argi utzi nahi dugu ez garela ordezkatuak sentitzen indarkeria baliatu zutenengandik».
Bihar manifestazioa deitua dute Bartzelonan, baita Estatu espainoleko beste hainbat hirietan ere, besteak beste, asteazkeneko gertaerak eta horren osteko kritikak salatzeko. M-15 mugimenduak argiro esan du indarkeria baliatzen dituztenak ez direla ongi etorriak izango. Gerta litezkeen liskarren aurrean ere, abisua eman du Alfredo Perez Rubalcaba presidenteorde eta Barne ministroak, «asmo txarrez dihardutenen aurka irmo» arituko direla aurreratu baitu.
Istiluetan atzemandako sei lagunak, bestalde, behin-behinean aske geratu ziren atzo, desobedientzia eta erresistentzia delituak leporatuta. Kataluniako Fiskaltzak, ostera, artean ez ditu ikerketa lanak amaitu, eta fiskal nagusi den Teresa Comptek argitu duenez, «erantzun sendoa» emateko intentzioa dute; bi talde ezberdin ari dira ikertzen, diputatuen aurka mehatxuak jaurti zituztenak eta Poliziarekin istiluak izan zituztenak. Bi kasuetan ere, informazioa pilatzen ari direla nabarmendu du.
Kataluniako Gobernuak zorrotz segitzen ditu polizien ikerketak, Barne kontseilari den Felip Puigek esplikatu duenez. Bartzelonan «desordena publikoetan aditu diren 300 eta 600 lagun» inguru existitzen direla esatera iritsi da, baita horiek mendean hartzeko «sakon eta gogor» jardungo direla ere. Momentuz jaurti du bere lehen mehatxua, Katalunia plazan lau bat astez burutu den kanpaldiari amaiera emateko unea iritsi dela haizatu baitu. Herritarri espazio publikoaz gozatzeko duten eskubidea urratzen ari dela iritzi dio Barne kontseilariak.
ERCko presidente ohi Josep Lluis Carod Rovirak gonbita egin zien atzo kanpaldietan parte hartzen ari diren «sumindu espainolei» euren herrira, alegia, Estatu espainolera, joan daitezen «txiza egitera, margotzera edota nahi dutena egitera».