GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Desafioa

Aiako apustuan Aimarren alde aterako da dirua

Bost minutuko hiru txandatan 123 jasoaldiko marka ondu behar du bihar, 12.00etatik aurrera.

p036_f01.jpg

Jon LEUNDA

Harri-jasotzea maite duenak galdu ezinezko zita dauka bihar Aiako probalekuan, 12.00etatik aurrera. Bertan Aimar Irigoienek duen erronkaz gain, Telleria II.ak ere sekulako marka saiakera egin nahi du, marka pertsonal bat lortzeko asmoarekin.

Eguneko protagonista nagusia Aimar Irigoien izango da. Aiako talde baten aurka dauka desafioa. Beraiek diote 125 kiloko zilindro zaharrari bost minutuko hiru txandatan ezetz 123 jasoaldi eman. Alde bakoitzak 12.000 euro jartzen ditu dirutan.

Aimarrek erabili behar duen harria, ordea, berezia da, 56 zentimetro altuera duen harria erabili beharko baitu. Berak bere buruaren erreferentzia ere badauka, eta hori Azpeitian izan zuen martxoaren amaieran; orduan bost minutuko txanda bakar batean 43 jasoaldi eman zituen, baina berak garbi utzi du hiru txandara joanda erritmo horretan joatea ia ezinezkoa izango dela. Dena dela, Aimar ezagututa, zale gehienek uste dute apustua berak irabaziko duela, eta hasi aurretik bere alde aterako da dirua.

Handia

Irigoienek egin behar duena handia da, baina Telleria II.ak egin behar duena ere ez da oso txikia. Urnietarrak 163 kiloko errektangular zaharra erabiliko du bost minututan, eta hura jasotzea izango du helburua. Errektangular zaharra oso zaila izaten da jasotzeko, eta gaur egun ia ez da harri horrekin inor ibiltzen. Goenatxo izan da azkenaldian gehien erabili duena. Horri Telleriak berak duen pisua gehitu behar zaio. Izan ere, berak 78 kilo inguru pisatzen ditu, eta bere pisuaren bikoitza baino gehiago jasotzeko asmoa dauka. Hori bakarrik ere balentria handia da.

Errektangular zaharra gerrira aldamenka ekarri behar izaten da, eta han zuzendu, eta horrek berak zailtasun handia eragiten du. Urnietarra ere itxaropentsu dago, eta, marka lortzen badu, nahiz eta pertsonala izan, ez du bere pisu bera duen batentzat lan erraza utziko. Berak eta Aimarrek entrenatzaile berak dituzte, eta telleriatarrek izango dute lan ugari bihar; alde batetik, Aimar gidatu beharko dute erronka handi horretan, eta, bestetik, etxeko harri-jasotzailea ere gidatu beharko dute. Izan ere, Telleria II.aren aita eta osaba dira entrenatzaileak. Biek helburua ongi betetzen badute, lana ongi egin dutenaren seinale izango da.

Txanda libreko torneo erakargarri bat ere antolatu dute Aian

Txandatik txandara bihar eguerdian Aiako probalekura doazen zaleek aspertzeko betarik izan ez dezaten, txanda libreko torneo bat ere antolatu dute. Bertan Izeta III.a eta Belioso, Bertizen eta Lertxundiren kontra arituko dira. Bikote bakoitzak 125 kiloko zilindro kopa, 112,5 kiloko kubikoa, 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko bola erabili beharko dituzte. Harri bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minututako txandak izango dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo