GARA > Idatzia > Kultura

Unescoren kultur ondare bihurtzeko bidea abiatu dute Lapurdiko inauteriek

Unescok kultur ondare immaterialekin egiten duen zerrendak Lapurdiko inauterien berezitasuna onartzeko ekimena abiatu zen atzo Uztaritzen. Onarpen horrekin, ezagupena ez ezik, gaur egun batik bat Uztaritzen mantentzen den ohitura Lapurdiko beste herrietara hedatzea dute xede. Bi edo hiru urte barru jakingo dugu zein den Unescok hartutako erabakia. Bitartean, Nafarroa Behere eta Zuberoako inauterietako ohiturak ere eskaera berean azter ditzaten saiatuko dira.

p053_f01_203x136.jpg

Ainize BUTRON |

Kaskarotek, zirtzilek, zanpantzarrek edo Kotilun Gorria bezalako pertsonaiek egiten dute berezi, besteak beste, Lapurdiko inauteria. Mendez mende, Lapurdiko herri gehienetan bizirik zegoen ohitura zahar baten osagaiak izan dira pertsonaia horiek. Denboraren poderioz, maskaradekin eta kabalkadekin berdintasun asko dituen tradizio hori galduz joan da herri gehienetan, Uztaritzen ez ezik.

Tokiko gizartearen ispilu diren ohitura horiek gazteei gizarte arauak ezagutarazteko bidea izan dira betidanik. Izan ere, komunitatearen legeak errespetatzen ez zituztenak zigortzeko sortutako erritoak dira.

Uztaritzen, inauterien garaian antolatzen duten Hartzaro jaialdiari esker bizirik mantendu eta aberastu dute ohitura zahar hori. Atzo, Lapurdiko herri horretan, kaskarotak eta orokorkiago Lapurdiko inauteriak, Unescoren ondare kultural immaterial bezala sailkatzeko beharrezko prozedura abiatu zuten; ekitaldian, hainbat adituk hartu zuten parte.

Pierre-Olivier Laulanne Frantziako Musika eta Dantza Tradizionalen Elkarteen Federakuntzako zuzendaria izan zen Uztaritzen izan zen adituetako bat. Lehenik eta behin, argi utzi zuen tradizioei zuzendutako Unescoren zerrendak ez duela inolako zerikusirik eraikinak babesteko erakunde berak duen egitasmoarekin. «Unescok bereziak diren ekimenak sailkatzen ditu, eta oraindik ere bizirik diren tradizioak onartzen ditu. Ez da Unescora joan behar dagoeneko hilik dagoen ohitura bat berpizteko», nabarmendu zuen.

Xabier Itzaina ikerlariak, bere aldetik, zera berretsi zuen: «Gaur egun inauterien tradizioak gizartearen ispilu dira. Gauzek iraunen dute gizartean zentzua badute». Nabarmendu zuenez, hala ere, Unescok inauterietako ohiturak biziaraztea ahalbidetuko lukeen kontzientzia hartze bat eragin dezake, betiere argi utziz etorkizuna «herritarren esku» dagoela. Lapurdiko inauterien kasuan, garai batean desagertzear izan baziren ere, gaur egun hainbat herritan berpizten ari direla goraipatu nahi izan zuen Itzainak.

Atzo eman zioten, beraz, Unescoren onarpena lortzeko prozedurari hasiera. Eta, Lapurdiko inauteriekin batera, Nafarroa Beherean egiten diren toberak eta Zuberoako maskaradak ere prozedura horren barnean sartu nahiko lituzketela nabarmendu zuten ekimena bultzatu duten Euskal Kultur Erakundeak, Herri Soinu elkarteak, Lapurtarrak elkarteak eta Euskal Dantzarien Biltzarrak.

Atzokoan, izan ere, Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetako inauteri ohituren arteko loturak nabarmendu zituzten ikerlariek. Horregatik, Unescori eskaera egiteko orduan, «onarpen bateratu bat» emateko premia aipatu zuten. «Toberen, mustraken, maskaraden eta Lapurdiko inauterien funtsezko egiturak berdintsuak dira, bai pertsonaien aldetik, bai jantziei dagokionez, bai dantzen aldetik», nabarmendu zuen Itzainak.

Onarpenerako urratsak

Herri Soinu elkartea da atzo abiatutako ekimenaren bultzatzaile nagusia. Urte luzez Hartzaro jaialdiaren bitartez inauteriak bizirik mantentzea lortu ostean, erronka berri bat du orain aurrez aurre: Unescoren onarpena baliatuta inauteriak Lapurdi osoan berreskuratzea. Felipe Lesgourgues Herri Soinu elkarteko arduradunak honakoa nabarmendu zuen: «Kultur ondare immaterial bezala izendatua izateak asko erraztuko luke inauteriak babesteko politikak martxan jartzea».

Bi edo hiru urte itxaropen beharko dira oraindik Unescoren erabakia jakiteko. Dagoeneko, hori bai, Lapurdiko inauteriei buruz Lapurtarrak elkarteak dituen 3.000 dokumentu inguru aztertzen ari dira. «Bete beharreko Unescoren txostena eskuratu dugu, eta ikerkuntza zientifikoa bideratuko duen batzorde bat osatuko da dokumentu horiek guztiak aztertzeko», esan zuen.

Halere, gaur egun gehienbat Lapurdin zentratua den ekimena Ipar Euskal Herri guztira hedatu nahi dutela berretsi zuen Lesgourguesek. «Gure eskaerak koherentzia izatea nahi dugu, beraz, prozedura aurrera joan ahala, Nafarroa Behere eta Zuberoako jendea ere ekimenean barneratzen saiatuko gara», bukatu zuen bere azalpena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo