GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega Nazioarteko Erako Euskal Herriko Liga

Gabirondo eta Garin izan dira nagusietako bi onenak

Euskaldunek hurrengo erronka abuztuan dute, Europako Txapelketa hain zuzen.

p038_f01_97x113.jpg

Jon LEUN DA

Joxe Gabirondok irabazi du gizonezkoen Euskal Herriko Liga nazioarteko eran. Azkeneko jardunaldira bera eta Mitxelena berdinduta heldu ziren, baina Baliarraingo jardunaldian Gaztelukoak aurretik amaitu zuen, nahiz eta saioa Altzok irabazi zuen. Beraz, lehenengo Gabirondo geratu da, eta Mitxelenak eta Altzok osatu dute podiuma.

Emakumezkoetan, berriz, Arrate Garinek irabazi du Euskal Herriko Liga. Baliarrainen, azken jardunaldia berak bereganatu zuen, aurreko biak bezalaxe. Berarekin batera, Etxaburuak eta Galarragak osatu dute podiuma.

Emakumezko gazteen kategorian, Garazi Ezeizak irabazi zuen azkeneko jardunaldia, baina Liga Irati Astondoak eraman du. Bizkaitarrarekin batera, Garazi Ezeizak eta Ainhoa Galarragak osatu dute podiuma.

Azkenik, gizonezko gazteetan, Markel Maguregik irabazi zuen azkeneko jardunaldia, baina Liga Aimar Garmendiak bereganatu du, eta Intxaustik eta Maguregik osatu dute podiuma.

Gauzak horrela, Almintza elkarteak eman du dagoeneko ezagutzera abuztuan Europako Txapelketara eramango dituen segalarien izenak. 30 urtetik gorakoen sailean, Gabirondo, Mitxelena eta Altzo joango dira, eta hortik beherakoetan, berriz, Egia, Agirrezabala, Etxeberria, Iraola eta Arteaga. Emakumezkoetan, berriz, 30 urtetik gorakoetan Arrate Garin joango da, eta hortik beherakoetan, berriz, Geresta, Astondoa, Ezeiza eta Galarraga izango dira Euskal Herria ordezkatzen Europako Txapelketan.

Harri-zulatzea

Txorierrik indartu egin du Euskal Herriko Ligako lehendabiziko postua. Bizkaitarrek irabazi egin zuten larunbatean Muskizen jokatutako proba, eta sailkapen nagusian gero eta alde handiagoa ari dira lortzen, eta Ligarako faborito bihurtu dira. Azkeneko jardunaldian 19 zulo pasarekin irabazi zuten, eta ia biren aldea kendu zieten bigarren amaitu zuten Kabiezesi eta hirugarren amaitu zuten Burdin Gazteak taldeari, azken hauek oso tarte txikian sartu baitziren.

Sailkapen nagusian Txorierrik lehendabiziko postuan jarraitzen du, eta lehia bigarren posturako dago, Kabiezesen eta Burdin Gazteaken artean, nahiz eta Aldai Alde ere ez dagoen oso atzean, oraindik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo