GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Hezurmamitzerako maitatu

Ukituta nator, urdaila uzkurtuta eta inoiz ikusi eta sentitu ez duguna maitatzeko dugun gaitasun eta botereaz buruari buelta eta buelta.

Kuriosoak iruditu zaizkit beti elkar inoiz ukitu ez duten bi pertsonaren arteko maitasun istorioak, bitxiak eta, segun eta zein, sinesten zailak. Batez ere, sarean eta boteprontoan telebista platoetan mamitzen direnak direlako oihartzun gehien lortzen dutenak, eurentzako ezer gordetzen ez dakiten pertsonek kontatutakoak.

Zalantzak zalantza, gero eta gehiago omen dira, ordea, sarearen joan-etorrian mamitzen diren harremanak, zuzeneko begirada trukerik gabe indartzen direnak, muxu eta besarkadarik gabekoak. Puztu bezain laster husten dira batzuk, denboran luze iraun eta emankorrak gertatzen dira besteak. Ukigarriak ez diren heinean, iheskorrak iruditu izan zaizkit niri beti, irrist egiten dutenak.

Ezagutu ez eta, hala ere, espero eta nolabait maite ditugun horiez buruari bueltaka hasi, eta konturatu naiz desira handi eta premiazko askok oinarri bertsua dutela. Izan ere, ia modu berean, ez dugu sekula berdintasuna ezagutu eta ukitu eta, hala ere, hura amesten dugu. Erabateko askatasuna ere ez, baina badakigu hura nahi dugula han eta hemen, etxean, kalean, herrian.

Ezagutzen ez ditugunak maitatzeko sekulako eta primerako gaitasuna dugu, imajinatzeko, desiratzeko eta nahi gabean itxura emateko. Eta eskerrak, gaitasun horrek akuilu lana egiten baitu kasu askotan. Bai, gure burua edo aldamenekoena halako edo bestelako egoeran jarri eta irudikatzeak bidea marrazteko aukera ematen baitigu.

Irudirik eta aurpegirik oraindik jarri ez eta zure-zure sentitzen dituzun horietan pentsatu dut azken egunotan, horretarako aitzakia ederra iritsi baitzaigu. Hezurmamitu gabeko imajinazioak hezurmamitua zuen, ukigarri egiteraino ia-ia; eta orduan, imajinazioak heldu duen hori benetan mamitu eta iritsi denean, jada maite-maitea dugula konturatu naiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo