Rolan E. Gonzalez Agur eta Ohore taldearen izenean
Juanjo, herriarena zara!
Joan den igandean, hilak 19, Juan Jose Crespo Galenderen heriotzaren 30. urteurrena bete da. Hori dela eta, zenbait ekitaldi antolatu genituen haren jaioterrian -Las Carrerasen (Abanto-Zierbena, Bizkaia)-, uste dugulako haren borrokak merezi duela eta batez ere gaur egun ere borroka horrek segitzen duelako.
Juan Jose Crespo Galende 1953ko irailaren 11n jaio zen Las Carrerasen eta Madrilgo La Paz ospitalean hil zen, presoek jasan beharreko tratu iraingarri, krudel eta laidogarria salatu nahian 97 egunez burutu zuen gose grebaren ondorioz. Bertolt Brechten bertsoak dioen bezala: «... egunero borrokan aritzen direnak ezinbestekoak dira». Horixe bera izan ziren Juanjoren bizia eta heriotza, esplotazioaren, zapalkuntzaren eta injustiziaren aurkako konpromisoa.
Juanjok 1981eko martxoaren 14an bere eta preso guztien giza duintasunaren aldeko greba hasi zuen. Hiltzeko zorian zegoela, oraindik hitz egin ahal zuenean, bere errebindikazioan aurrera jarraitzeko nahia azaldu zuen, euskal langileriari bidali zion agurra eta Euskal Herriko abestidun kasetea eskatu zuen. 1981eko ekainaren 19ko arratsaldeko hiruretan hil zen.
Hogeita hamar urte igaro ondoren, Juanjoren heriotzak espetxeetako sistema kriminala leuntzeko baino Estatuaren eta beraren lekaioen gorroto, setakeria, krudelkeria eta harrokeriaren leizea zein sakona den agerian uzteko balio izan duela onartzea gogorra da. Baina etsai hauen kontrako borrokan Juanjo bezalako gizon-emakumeek ez digute etsipenean erortzen utziko. Etxera ekarriko ditugu!