Liher Goienetxea Fradua «Astillas» Bermeo
25 urte
Zoritxarreko 25 urte. Francok bakearen 25 urteko gezurra oparitu zigun. Azken egunotan prentsan irakurri dut 25 urte igaro direla Txernobyleko istriputik. Konpasa hartu eta distantziak neurtzen ditut. Txernobyletik hurbilago gaude Euskal Herriko hiriburutik, Iruñetik, Madriletik baino eta, kutsadura Madriletik heldu zaigu lege mafioso antzera mozorrotuta. 40.000 kutsatu eta gorantz egingo duela dirudi, eroso jesartzen bagara. Bermeotik, orain dela 25 urte, gazte bat eroan zuten lege mafioso hura asmatu zutenen txakur amorratuek, eta kalera irteteko zegoela bizi osorako zigorra sartu diote gauzak gorrotoz bakarrik egiten dakiten txakur amorratu horien agintariek. «Nirekin edo nire kontra», porrot egiten ari diren inperialista espainolen buru gaixoentzat euren kontra egotea bost egunetan torturan inkomunikatua, eta 30 urte kartzelatua izan behar den delitu larria da. Nahikoak espainiar exorzismoak gorputzetik euskal deabru independentista ateratzeko eta, EEko poli-milien antzera, geu ere espainolak egin gaitezen. Orain arte ez duzue lortu, eta lortu ere ez duzue egingo, dagoeneko frankismoaren tunel ilunean argi bizia eta askatzailea dakusagulako.